Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak EITB Nafarroan hartzeko hitzarmena sinatu dute

2016.eko uztailak 15
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Gaur egun tokiko eremuetan libre dauden kanalak erabiliko dira Iruñean ETB1 ikusteko eta Tafallan, Lizarran, Zangozan eta Tuteran ETB1, ETB2 eta ETB3 ikusteko

Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean Euskal Irrati Telebistaren (EITB) zerbitzuak Nafarroako Foru Erkidego osoan zabaltzeko eta emateko, hala TDT eta kable bidezko telebistan, nola irratian (FM eta transmisio digitala).

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek sinatu dute dokumentua, gaur goizean Nafarroako Jauregian egin den ekitaldi batean. 

Ollo kontseilariak adierazi duenez akordioak “nafar ugariren borondateari erantzuten dio, baita Foru Parlamentuaren gehiengoari eta udal askoren nahiari ere; izatez, udal askok behin baino gehiagotan eskatu diete aurreko gobernuei, eta gure gobernuari ere bai, EITB hartzeko baldintzak erraztea”. 

Bestalde, Uriarte sailburuak adierazi du “Lankidetza Hitzarmen honen sinadurarekin oso gauza normala eta sinplea ahalbidetzen dugu, EITB sintonizatu nahi duenak hala egiteko aukera izatea. Irrati-etxe eta telebista-etxe sorta zabalaren barruan EITB ere egon dadin ahalbidetzea aukeratu ahal izateari bidea ematea da. Emisio horiek garrantzi handiko ekarpena izango dira nafar kopuru handi batentzat. Akordio hori etorkizunari begiratzeko erabakiaren isla da".

Bi exekutiboek hil honetan onartutako hitzarmenak espresuki jasotzen du EITBk Nafarroarekiko hartu duen errespetu-konpromisoa, hau da, Nafarroako errealitate politikoa, soziala eta instituzionala eta Nafarroaren sinboloak eta nortasuna errespetatzeko konpromisoa. Nafarroako Foru Erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoaz eta hura osatzen duten herrialde historikoez bereizten den errealitate gisa jasoko da, bai EITBren profesionalek idatzitako informazioetan, bai errealitate horien irudikapenean. Era berean, sentsibilitate politiko eta ideologikoak barnean hartu, eta errespetatuko dira, iritzi publiko plurala sortzen laguntzearren.   

Tokiko kanal libreen erabilera

Nasertic enpresa publikoak eta EITBk berak prestatutako azterketa teknikoak jasotzen duen moduan, EITBko edukiak epe laburrera transmititzeko dagoen biderik bideragarriena da tokiko TDTko plan tekniko nazionalak Foru Erkidegoari esleitu dizkion tokiko 5 multiplexetan libre dauden kanalak erabiltzea. Hartara, Iruñeko mugapenean ETB1 zabalduko da eta Tafalla, Lizarra, Zangoza eta Tuterako mugapenetan ETB1, ETB2 eta ETB3. 

Nolanahi ere, eta Ana Ollo kontseilariak aditzera eman duenez, aukera hori ez da bateraezina Foru Exekutiboaren iritziz “aukerarik egokiena denarekin: autonomia-kanalak erabiltzea”.  Horretarako, Industria, Energia eta Turismo Ministerioari eskatu zaio espektro irrati-elektrikoan espazio-erabilera zabaldu ahal izatea, ETB1 eta ETB2 lurralde osoan zabaldu ahal izateko. 

Dena dela, EITBk gaur egungo autonomiako multiplexa erabiltzea zein tokiko multiplexak erabiltzeak ez du gehigarrizko kosturik Nafarroako Gobernuarentzat. Izan ere, bere garaian hedatu ziren azpiegiturak dira horiek, eta EITBren difusioarekin amortizatu ahal izango dira. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde hori azpiegitura horiek kudeatzen dituen Nasertic enpresaren bezero bihurtuko da, eta merkatuko prezioan egingo dizkio difusio-zerbitzu horiek.   

Bestalde, EITBk buru modularreko zerbitzua kontratatuko du –sistema horrek seinalea biltzeko eta emisio guztiek maiztasun bera erabili ahal izateko aukera ematen du–.  Era berean, kostuen banaketa proportzionala ezarri da, autonomiako eta tokiko gainerako operadoreei aplikatzen zaizkien baldintza ekonomiko beretan. Hortaz, EITBk urtean 82.000 euro ordainduko dizkio Nasertic enpresari.  

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @UsueLorenz
    2016.eko uztailak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Navarra y País Vasco firman el convenio para la captación de EITB en Navarra ➡ https://t.co/Bsl0PSpQUV

  • @josebamartos
    2016.eko uztailak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak EITB Nafarroan hartzeko hitzarmena sinatu dute ➡ https://t.co/UPHvLog0LK

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)