Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 116 111 telefono zenbakia, hots, haurrei eta nerabeei laguntzeko telefono zenbaki berria, jarri du abian

2010.eko urriak 06

 

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak telefono berri bat -isilpekoa eta doakoa- jarri du abian, eta telefono horren bitartez aditu talde batek arrisku-egoeran, tratu txarreko egoeran edo eskubideen urraketako egoeran dauden adingabeei aholkuak informazioa eta orientazio emango dizkie.

Haurrei eta nerabeei laguntza emateko telefono-zenbaki berria (116 111) hedatuko duen kanpainari buruzko xehetasunak eman ditu Gemma Zabaleta sailburuak Bilbon Telefono-zenbaki hori haurren eta nerabeen eskubideak urratzen direneko egoeren berri duten helduentzat ere bada.

Zabaletak adierazi du Europar Batasun osorako zenbaki bera izango dela, eta Euskadi eta Gaztela-Mantxa direla telefono hori abian jarri duten lehen autonomia-erkidegoak. "Arriskuko edo gatazkako egoera pertsonaletan dauden nerabeek arazoaren nondik norakoa eta gehien komeni den esku-hartzea balioetsiko duen solaskide profesional baten bitartez informazioa eta aholkularitza lortu ahal izateko tresna gisa sortu da", esan du sailburuak.

Sail honek web-orrialde bat ere prestatu du: www.euskadi.net/zeukesan, 116 111 telefono-zenbakiari laguntzeko. Web-orrialde horretan, interesdunek kontsultak egin ahal izango dituzte, baita materialak eskuratu eta iritziak partekatu ere, besteak beste.

116 111 telefono-zerbitzua urtearen 365 egunetan egongo da martxan, goizeko 09:00etatik gaueko 09:00etara astelehenetik ostiralera bitarte, eta goizeko 12:00etatik gaueko 08:00etara modu ez-presentzialean, larunbat, igande eta jaiegunetan. Zerbitzuaren egoitza Barakaldon egongo da, eta hortik eskainiko da zerbitzua autonomia-erkidego osora.

Kanpaina

EAEko 1.106 ikastetxek (publikoak nahiz pribatuak) hartuko dute parte publizitate-kanpaina bat garatzen, eta sailburuaren arabera, honako hauek dira kanpaina horren helburuak: "adingabeei informazioa ematea, helduak sentsibilizatu eta kontzientziatzea, eta laguntza eskaintzea". Beraz, eskola-adinean dauden gazteentzat denez, 116 111 telefono-zenbakiaren informazio-kanpainak ikastetxeei emango die lehentasuna. Horretarako, Sailak eskutitz bidez eskatu du ikastetxe horietako zuzendarien eta Guraso Elkarteen laguntza, baita hezkuntzaz kanpoko zentroetako zerbitzuen arduradunena ere, kanpainako materialaren banaketan modu aktiboan parte har dezaten animatuz.

Bederatzi urtera arteko ikasleei gutun bana banatuko zaie, gurasoei eman diezaieten, baita eranskailu bat ere. Hamar urtetik gorakoei telefono mugikor formako informazio-liburuxka bana eta zeinbait eranskailu emango zaizkie.

Kanpaina 1.000 egoitza eta zerbitzu baino gehiagora ere iritsiko da, 116 111 telefonoaren kanpainaren kartelak eta liburuxkak helduen artean ere zabaltzen lagundu dezaten. Egoitza horien artean, besteak beste, ospitaleak, liburutegiak, polizia-etxeak eta unibertsitate-fakultateak egongo dira. Horrez gain, kanpaina Tuenti gizarte-sarearen bitartez ere zabalduko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta