Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Giza Eskubideen Katedra bat sortuko dute

2016.eko uztailak 14

Eusko Jaurlaritzak, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez, eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk) hitzarmen bat sinatuko dute UPV/EHUko Giza Eskubideak eta Botere Publikoak Katedra sortu, garatu eta mantentzeko. Ekimen honen berehalako bidea UNESCO Katedren Munduko Sarean sartzea izango da.

Gai honi buruz Iñigo Urkullu lehendakaria eta UPV/EHUko Iñaki Goirizelaia errektorea Lehendakaritzan elkartu dituen bileran hitz egin da. Bileran izan dira, era berean, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia, Jonan Fernández jauna; Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Monika Hernando andrea; eta Proiekzio eta Transferentziaren arloko errektoreordea, Amaia Maseda andrea. Ondoren, prentsaurreko batean eman dute txostenaren edukiaren berri Unibertsitateko errektoreak eta Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariak.  

Katedra honen helburu behinena da laguntzea, esparru akademikotik, euskal gizarteko giza eskubideen aldeko kulturaren sustapena eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea hobeto eta areago aplikatzea lotzen. Asmoa da botere publikoek diziplina horretan aurkitu ahal izatea jarduera publikoa, giza eskubideen arabera, eraginkortasun handiagoz eta biziago garatzeko laguntza gehigarria.

Jonan Fernándezen esanetan, Giza Eskubideen Katedra izatea giza eskubideen esparruan sustapen, hedapen, prestakuntza eta ikerketarako gaitasunak sortzen laguntzeko “tresna estrategiko” bat izatea da, batez ere helburua UNESCO Katedretan sartzea izanda.   

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiaren esanetan, berriz, “unibertsitateak, batetik, ezagutza sortu eta transmititu behar du eta, bestetik, horrez gainera, balio etikoak hedatu eta adierazi behar ditu. Uste dut”, jarraitu du esanez, “aurrerantzean UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin lankidetzan, abian jarriko duen Giza Eskubideak eta Aginte Publikoak Katedra izango dela horren adibiderik onena. Bere lanak oinarrizko unibertsitate-printzipio bat sendotuko du: ezagutzak eta etikak beti elkarri lotuta behar dutela egon”.

Giza Eskubideen Katedraren funtzioak eta gaiak

Katedraren funtzio zehatzak hiru esparrutara mugatuko dira:

  1. Ikerketa eta zabalkundea
  2. Prestakuntza eta gaikuntza
  3. Aholkularitza erakundeentzat eta, hala badagokio, gizartearentzat.

Funtzio horiek garatzeko, besteak beste, honako jarduera hauek burutuko dira: argitalpen espezializatuak prestatuko dira; giza eskubideen egoerari buruzko txostenak egingo dira; eztabaida-foroak antolatuko dira; eta giza eskubideak gainbegiratzeko nazioarteko mekanismoetan eta kideko erakundeen bestelako nazioarteko sareetan parte hartuko da.   

Erreminta akademiko hau sortzea lerrokaturik dago giza eskubideen agenda sortu berriarekin, hortxe kokatzen baititu Eusko Jaurlaritzak bizikidetzaren arloko datozen urteotako politikak. Alde horretatik, katedra honen ikerketa-lerroak, gaikuntza eta aholkularitza institituzionala honako gai hauetan hedatu ahal izango dira: 

GAIAK

-        giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea: funtsezko estandarrak; giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen instituzionalizazioa; eta babes-mekanismo konbentzionalak eta estrakonbentzionalak.

-        nazioarteko zuzenbide penala;

-        nazioarteko zuzenbide humanitarioa;

-        giza eskubideak eta biktimen eskubideak;

-        giza eskubideak eta terrorismoa;

-        giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza;

 

-        giza eskubideak eta politika kriminala;

-        giza eskubideak, heriotza-zigorra eta biziarteko zigorra

-        giza eskubideak eta tortura;

-        justizia trantsizionala eta justizia leheneratzailea;

-        giza eskubideak eta espetxe-zuzenbidea;

-        giza eskubideak eta erronka sortu berriak;

-        giza eskubideak eta diskriminazioa;

-        giza eskubideak, adierazpen-askatasuna eta gorroto-portaerak;

Katedraren jarduera-programa Jarraipen Batzordeak hartuko dituen erabakiei jarraituz garatuko da, eta Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren ordezkariek osatuko dute. Giza Eskubideak eta Aginte Publikoak Katedraren egoitza Unibertsitateko Bizkaiko Campusean egongo da.

Katedra finantzatuko da Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren diru-ekarpenekin, UPV/EHUk egiten dituen ekarpenekin (ekarpen ez-ekonomikoak) eta aurreikusitako jardueren esparruan kanpoko beste iturri batzuetatik lortu ahal izango diren laguntza eta diru-laguntzekin.

2016an 37.500 € bideratuko ditu Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak xede horretara. UPV/EHUk areto bat jarriko du Katedrak erabiltzeko, eta etorkizunean sortu ahal izango diren premien eta aretoen erabilgarritasunaren arabera zabaldu ahal izango da. Bestalde, Katedraren funtzionamenduan lagunduko du Unibertsitateko pertsonalaren lankidetza eskainiz eta bere jarduerak garatzeko unibertsitatean erabiliko diren aretoak, azpiegiturak eta zerbitzuak mantentzeko ardura bere gain hartuz.

Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak datorren astean baimenduko du Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmen hau abian jartzea. 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2016.eko azaroak 26

    Soy humano y español, tengo derecho, según la Constitución de España de 1978, artículo 4.2, a ver la bandera de España en las Instituciones españolas cuando se utiliza la bandera de una de sus Comunidades Autónomas.
    ¿Con qué derecho me quitan Uds mi derecho?

  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 14

    Comentario de Twitter:
    #BakeaBizikidetza Jaurlaritzak eta @upvehu-Euskal Herriko Unibertsitateak Giza Eskubideen Katedra bat sortuko dute➡ https://t.co/VG8Hcc0SXH

  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 14

    Comentario de Twitter:
    #PazConvivencia El Gobierno Vasco y la Universidad del País Vasco @upvehu crearán una Cátedra de Derechos Humanos ➡ https://t.co/EQfscWNI3i

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Goirizelaia, Rector UPV,Amaia Maseda, Vicerrectora