Berriak Segurtasuna
Eu

Onartu da Euskadiko Poliziaren Datu-Bilketarako Zentroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko Dekretua (Gobernu Bilera 2016-07-12)

2016.eko uztailak 12

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, Segurtasun Sailak eskatuta, Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko Dekretua. Zentro hori da polizia-zerbitzuek haien egitekoak betetzeko behar dituzten datuak fitxategi automatizatuetan eta euskarri fisiko ez-automatizatuetan biltzeko, biltegiratzeko, prestatzeko, sailkatzeko eta gordetzeko eta subjektu baimenduei komunikatzeko administrazio-organoa.

Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroaren sorrera Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema antolatzeko 15/2012  Legearen 45. artikuluaren ondoriozkoa da. Araudi horretan arautzen da, halaber, Zentro horretan udaltzaingoaren datuak txertatzea, eta bertan jasotzen da Zentroaren funtzionamenduan datu pertsonalak babestearen arloko araudia.

Segurtasun Sailburuordetzari atxikitzen zaio Zentroa. Sailburuordetzaren titularrari dagokio Zentroaren zuzendaritza eta ardura, eta hura izango da Zentroak gordetzen dituen fitxategien arduraduna. Kudeaketaren titulartasuna Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko Dekretuak zehazten duen Zuzendaritzaren esku egongo da, betiere Sailburuordetzaren titularraren goragoko ardurapean eta haren mende.

Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroak Ertzaintzako unitateen euskarria eta partaidetza izango du –egituraren aginduan zehazten diren unitateena hain zuzen ere–.

Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroaren egitekoak dira:

a)    Datu Bilketarako Zentroari atxikitzen zaizkion fitxategiak sortzeko irizpideak proposatzea, eta horien xedea, segurtasun-maila, erregulazioa eta beste informazio-sistema batzuekin txertatzeko edo lotzeko modua proposatzea, baita indarrean dagoen datuak babesteari buruzko araudiari egokitzen zaizkion ebaluatzea ere.

b)    Fitxategietan bildutako datuen kalitatea kontrolatzea, eta, horretarako, biltzeko edo erregistratzeko unean aintzat hartu ziren helbururako beharrezkoak edo egokiak ez direnak ezeztatzeko bidezko prozedurak ezartzea eta horiek eman dituztenei ezeztatu direla jakinaraztea.

c)    Indarrean dagoen segurtasun-araudiarekin bat datozen eta beharrezkoak diren neurri tekniko eta antolamendu-neurri guztiak betetzen direla zaintzea, eta beharrezko neurri zuzentzaileak eta osagarriak proposatzea. Horretarako, datuak eskuratzean, erabiltzean eta tratatzean egon daitezkeen urritasunak edo desbideratzeak identifikatzeko aukera emango duten ikuskapenak eta kontrolak koordinatuko dira. Egiteko horretan, segurtasunaren arloko informatika- eta telekomunikazio-sistemez arduratzen den zuzendaritzaren laguntza izango du.

d)    Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroaren fitxategiak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurkakotzeko eskubideen erabilera kudeatzea.

e)    Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan txertatzea, udal-erakundeekin bidezko akordioak lortuta, udalerri horietako udaltzaingoek herritarren segurtasunerako zereginetan bildutako datuak (zigor- eta administrazio-mailako arau-hausteei buruzko datuak, pertsonenak eta ibilgailuenak) eta polizia judizialaren datuak, betiere poliziaren eraginkortasuna bermatuta.  

f)     Neurri zehatzak ezartzea udaltzaingoek haien berezko funtzioak betetzeko egokia den informazioa eskuratu ahal izan dezaten Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentrotik. Udaltzaingoek fitxategia eskuratzean eta kontsultatzean protokolo zehatz bati jarraitu beharko diote. Protokolo horretan zehaztuko dira tresneriaren eta programen ezaugarri teknikoak, sarbide-mailak, datuen konfidentzialtasunari buruzko segurtasun-neurriak, indarrean dagoen datu pertsonalen babesari buruzko araudia eta datu horiek hirugarren batzuei modu legitimoan lagatzeko baldintzak.

 

Dekretuak Aholku Kontseilu bat sortzea hartzen du aintzat. Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroari aholkularitza emango dion organo horrek bere mende jartzen diren alderdi guztiei buruzko txostena egingo du, eta arlo horretan egokiak iruditzen zaizkion proposamenak egin ahal izango ditu. Presidenteak, lau kontseilarik eta idazkariak osatuko dute Aholku Kontseilua.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2016.eko uztailak 12

    Comentario de Twitter:
    Aprobado el Decreto de organización y funcionamiento del Centro de Elaboración de Datos de la Policía de Euskadi... https://t.co/fMLVxhUz1H

Komunikabideek behera kargatzeko