Berriak Herrizaingoa

Emakunde eta Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren arteko lankidetza-hitzarmen bat onartu dute

2010.eko urriak 05

Gobernu Kontseiluak gaur izan duen bileran Emakundek (Emakumearen Euskal Erakundea) eta Herrizaingo Sailaren Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak akordio bat sinatzea onartu du. Bi erakundeen arteko erabateko lankidetza lortu nahi da hitzarmenaren bidez,  genero-indarkeriaren biktima diren emakumezkoei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetu ahal izateko. 

Lehendakariaren inbestidura saioan, genero-indarkeriari aurre egitea xede nagusitzat ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak eta Herrizaingo Sailaren baitan arazo honi aurka egiteko Zuzendaritza berezi bat sortzeko konpromezua hartu zuen. Horrela, 2009ko abuztuan eratu zen Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza, Herrizaingo sailburuaren agintaritzapean.

Abian jarri zenetik Zuzendaritza berriak harreman estua izan du Emakunderekin. Elkarrekin lan egin izan dute emakumezkoen eskubideen alde, baina bakoitzak bere eskuduntzetan jardun du.   

Nolanahi ere, erakunde biek beti onartu dute beren lankidetza esparrua zehaztu eta sendotzeko beharra, elkarlanean egin beharreko zereginak egokituz. Beharrizan honen harira dator Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Emakundek eta Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak hitzarmena sinatzeko proposamena. 

Lankidetza praktikoa

Hitzarmen berriak bi erakundeen arteko lana arautu egingo du zentzu askotan. Esaterako, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkio Emakundek tratu txarren biktimek egindako kexa, eskaera, proposamen edota iradokizun guztiak. Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak bere aldetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea urratzen duen gertakariren baten berri izanez gero, kasuaren espedientea helaraziko dio Emakunderi, hala baderitzo, prozesu zigortzaileari ekin diezaion.

Halaber, erakunde lokal eta probintzialek genero-indarkeriaren esparruan  sinatzen dituzten itun edo lankidetza-hitzarmen guztien berri eman beharko dio Emakumearen Euskal Erakundeak Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari. Emakumezkoen aurkako indarkeriaren harira abiatutako kanpaina eta ekimenen eraginkortasun-ebaluaketen gorabeherak ere ezagutarazi beharko dizkio Zuzendaritzari, arazo edo beharrizanen bat egotekotan, beharrezko neurriak hartzeaz arduratu dadin.

Erakunde biek emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko sentsibilizazio kanpainak bultzatuko dituztela zehazten du baita akordio berriak. Emakumeen kontrako indarkeria mota ezberdinak, horiek erauzteko hartutako neurrien eraginkortasun eta egokitasuna eta tratu txarren ondorioen konponbideak aztertzeko ikerketa-lanak egitea ere adostu dute.

Orokorrean, erakunde bakoitzak bestearen eskuduntzako gairen baten berri izatekotan, haren esku utzi beharko du eta egiteko ezberdinen (ekimenak, sentsibilizazio kanpainak, urteko memoriak, estatistikak, aurrekontuak, e.a.) inguruko informazioa  elkarri emateko bideak erraztuko dituzte.  

Bukatzeko, lankidetza-hitzarmenak dio Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak emakumezkoen aurkako indarkeriaren arazoa lantzeko sortzen diren batzorde eta lan-taldeetan (Jaurlaritzakoak edo erakundeen artekoak izanda ere) parte hartzera gonbidatuko duela Emakunde.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan