
Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren bidez 47 gazte Perura abiatu dira
- Hiru hilez arituko dira hezkuntza-proiektuetan eta osasuneko, gizarteratzeko eta emakumeak trebatzeko programatan parte hartzen
Eusko Jaurlaritzaren programan parte hartzeko aurten aukeratu diren 100 gaztetik 47 joan dira Perura, Andeetako herrialde horretan hainbat lankidetza-programatan lanera. 47 gazte horiek uda beste era batera pasatzea hautatu dute, elkartasunean, GKEen alboan lanean, haien proiektuetan laguntzen, garapen bidean dagoen herrialde batean. Esperientzia horren bidez, hirugarren munduko herrialdeen egoera eta GKEek horietan egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.
Peruk hartuko du Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako parte-hartzaileen kopuru handiena. Andeetako herrialde horretara gaur arratsaldean abiatu diren 47 gazteak 17 lankidetza-proiektutan arituko dira, herrialde osoan banatutako 13 herri eta hiritan. Proiektu eta programa horien helburuak, batez ere, hezkuntzaren, osasunaren eta gizartearen arlokoak dira:
- umeekin hezkuntza-lanak gauzatzea
- kirol-aisialdiko jarduerak eta psikomotrizitatea lantzekoak antolatzea eta gauzatzea
- hezkuntza-kalitatea hobetzea irakasleak gaituta
- buruko gaitzak dituzten pertsonak artatzea eta zaintzea
- komunitate indigenen bizilekuak hobetzea
- prebentzioko osasun-programak eta elikadurari buruzkoak abiaraztea, haurren artean desnutrizioa gutxitzeko
- emakume, ume eta nerabeentzako prestakuntza-proiektuak gauzatzea
100 gazte, 54 proiektu, 17 herrialde
2016an Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzeko eskaera aurkeztu zuten 503 gaztetatik 100 aukeratu dituzte. 65 GGKEk Amerikako, Afrikako eta Asiako 17 herrialdetan gauzatzen dituzten 54 proiektutan hartuko dute parte.
Perun ez ezik, Euskadiko gazteak Bolivian (7 gazte), Kolonbian (4), Ekuadorren (6), El Salvadorren (1), Guatemalan (2), Hondurasen (5), Nikaraguan (4), Dominikar Errepublikan (1), Beninen (4), Ghanan (2), Kenyan (2), Mozambiken (2), Ruandan (2), Senegalen (2), Filipinetan (2) eta Indian (7) arituko dira aurtengo udan.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak elkarrekin antolatzen duten Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren helburua Euskadiko gazteei hirugarren mundua ezagutaraztea eta GKEen bidez zuzenean gauzatzen diren ekimenen bidez harekiko elkartasuna zabaltzea da. 1993. urtean abiarazi zenetik, 2.100 gaztek baino gehiagok izan dute Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzeko aukera.
Loiu, 2016ko uztailaren 5a
-
2016-07-06
Comentario de Twitter:
47 jóvenes del programa Juventud Vasca Cooperante parten hacia Perú https://t.co/LByc67aLr5