Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Hitzarmena Red.es-ekin euskal autonomia erkidegoko bake epaitegietan eskuordetutako erregistro zibil guztietara euskarazko inskripzioak zabaltzeko

2010.eko urriak 05

Justizia eta Herri Administrazio Sailaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu du Red.es erakunde publikoarekin hitzarmen bat sinatzea Plan Avanza izeneko plan barruan sartutako 'On-line Erregistro Zibila' programa garatzeko helburuz.  Hitzarmen honi esker litekeena izango da euskarazko inskripzioak EAEko bake epaitegietan eskuordetutako erregistro zibil guztietara zabaltzea.

Gaur egun, l2005. urtez geroztik aitortutako eskubide bat badago ere, jaiotzak, heriotzak eta ezkontzak erregistro zibilean euskaraz erregistratzea ahalbidetzen duen informatika aplikazioa, Inforeg izenekoa, hain zuzen, bakarrik Euskadiko hamalau erregistro zibil nagusietan eraginkor dago.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko bake epaitegi guztietara zabaltzea nahi du eta horretarako hitzarmen hori sinatu da.  Justizia Sailak bere gain hartuko ditu ekipoen kostua eta euskarri informatikoa eta horretarako udalerriei diru-laguntzak emango dizkie. Bestalde, Red.es erakundeak prestatuko ditu bake epaitegietan erregistroaz arduratzen diren langileak.

Administrazioa Eraberritzeko Zuzendaritzaren bitartez, Justizia Sailak urriaren bukaeran proba pilotu bat hasi nahi du sei bake epaitegitan (Zarautz, Aramaio, Ondarroa, Azkoitia, Bermeo eta Laguardia) urtea amaitu baino lehen gainontzeko 230 udalerrietara zabaltzeko.

Industri, Merkataritza eta Turismo Sailak Red.es bidez eta Justizia Ministerioaren bitartez bultzaturiko 'On-line Erregistro Zibila' izenekoak erregistro zibil guztiak informatizatu eta konektatu ditu 1950. urteaz geroztik gaurdaino eskuz idatzitako liburu guztiak digitalizatzeko. Honek aurrerapauso handi bat dakar erregistro zibiletan eta, beraz, herritarrei eskainitako zerbitzuan ere, funtzionamendua hobetzeko.

Ekimen horrekin lortu nahi dena erregistro zibilek eta bake epaitegiek emandako zerbitzua bizkortzea da eta, gainera, haren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea IKTek eskaintzen duten ahalmena erabiliz. Halaber, espero da lagungarria izatea Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.

'On-line Erregistro Zibila' 2006ko maiatzean jarri zen martxan eta Espainian dauden 8.109 erregistroetarako zuzenduta dago. Horietatik erregistro zibil nagusiak 432 dira eta 7.677, aldiz, bake epaitegietan eskuordetutako udal-erregistroak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko