Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak 2016ko diru laguntzen ebazpena aurkeztu dute

2016.eko uztailak 04

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Mathieu Bergék, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteak, Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza hitzarmenean aurreikusitako diru-laguntzen ebazpena aurkeztu dute gaur Baionan egin den ekitaldian.

 

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan du: “10 urte bete ditu eta bizirik dago EEPren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza. Bizirik eta indartsu. Uste dut bi aldeon arteko lankidetzaren fruitua ezinbesteko arnasa eta babesa dela Iparraldean euskararen erabilera sustatzeko lanean ari diren eragile  asko eta askorentzat”.

 

Eta gehitu du: “EAEn bizpahiru belaunalditara begira ez dago jokoan euskararen biziraupena, baizik eta jokoan dagoena euskararen bizi-indarra da, hots, ohikotasunez eta naturaltasunez eremu ezberdinetan erabilia den hizkuntza bizia izatea. Esan nahi dut: EAEn, gaur-gaurkoz ez dago arriskuan euskararen biziraupena, bizi-indarra da jokoan daukaguna, hizkuntza bizia eta erabilia izatea. Ezin dut, ordea, gauza bera esan Iparraldeaz. Hemen iparraldean, biziraupena bera da, gaur oraindik,  euskararen erronka. Euskarak urtetan zehar izan duen etengabeko galeraren ondorioz, gaur oraindik galera horri langa eta hesi sendoak jarri beharra dago, ezinbestez. Amaitu behar da galerarekin. Dagoeneko badira argi-izpiak gazteen artean, sortu direlako eta sortzen ari direlako gazte euskaldun berriak. Badago, beraz, itxaropenerako motiborik. Argi-izpi horiek argitasun zabal bihurtzea da kontua, galera irabazkin bihurtzea. Horregatik da biziraupena euskararen erronka hemen iparraldean”.

 

“Gaur hemen Euskararen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker ezagutzera ematen ditugun diru-laguntza hauen helburua, beren apaltasunean, hain zuzen ere euskararen biziraupenaren erronkari aurre egiten laguntzea da”, gehitu du sailburuordeak.

 

“Baina euskarak biziraupenaren erronka irabaziko du, baldin eta iparraldeko herritarren gogoa, nahia eta borondatea hori baldin bada. Herritarren gogoa eta nahia ez da nahikoa, horregatik ematen dira diru-laguntzak. Baina alferrikakoak izango dira diru-laguntza hauek edo hauek baino handiagoak, ez baldin bada herritarren euskararekiko gogoa eta nahia gero eta handiago egiten. Orduan bakarrik irabaziko dugu biziraupenaren erronka”, esan du Baztarrikak.

 

Hizkuntza gaietan, instituzio publikoen arteko mugaz gaindiko lehen lankidetza lau urtez eraman ondotik, eta 2007-2010 epealdirako bi partaideek ebaluaketa baikorra burututa, Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, bi erakundeen arteko lankidetza estuago bat finkatzen duen bigarren hitzarmen-markoa izenpetu zuten 2011. urteko urtarrilaren 31n, 2011-2016 hitzarmen-markoa alegia. Karia horretara, bi partaideek ontzat jo zuten euskararen transmisioa eta erabilera garatzeko helburua zuten eragileek aurkeztutako proiektuak sustatzen segitu behar zela, bi partaideek eraturiko lankidetza fondo bat sortuz.

 

Beraz, diru-laguntzen helburua da Ipar Euskal Herriko gizarte eragileek euskararen sustapena eta garapena bultzatzeko aurkeztu dituzten proiektuak diruz laguntzea. Alde bien ekarpenaz osatzen den lankidetzarako fondoa, guztira, 1.730.000 eurokoa izan da aurten (iaz baino 100.000 euro gehiago). Fondo honetan, Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro jarri ditu.

 

Diru-laguntza hauek bi multzotan banatzen dira: hitzarmenen bidez adostutakoak (Iparraldeko 8 eragile nagusiak) eta Proiektu Deialdiaren bidez lagundu direnak (89 proiektu aurkeztu dira eta, hauetatik, 71 diruz lagunduko dira, guztira).

 

Hitzarmen bidez, irakaskuntza alorreko hainbat erakunderen jarduna laguntzen da: Seaska Federazioa (Iparraldeko ikastolak); Ikas-bi eta Biga Bai (biak eskola publikoko eredu elebidunaren aldeko guraso elkarteak) eta Euskal Hazia (kristau eskoletan eredu elebiduna sustatzeko guraso elkartea). Alor horiez gain, eta eragile nagusien multzoan betiere, beste erakunde batzuen jarduera laguntzen da: AEK, Euskal Irratiak, Bertsularien Lagunak eta Uda Leku (azken biek, gazteentzako aisialdirako euskarazko egitasmoak kudeatzen dituzte).

 

Proiektu Deialdian, berriz, bi multzo nagusitan sailkatzen dira egitasmoak: transmisioan eta erabileran. Erabileraren multzoan, aisialdia, bizitza soziala, hedabideak eta argitalpenak bereizten dira. Atal honetan, eta diru-laguntzaren muntaren arabera, hedabideen multzoa da lehenetsi dena. Bestalde, transmisioaren multzoan, familia bidezko transmisioaren, helduen euskalduntzearen eta lehen haurtzaroaren gaineko proiektuak sustatu dira.

 

 

 

Baionan, 2016ko uztailaren 4an.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mathieu Bergé, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko presidentea