Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

Erkorekak gogorazi du ETAren biolentzia amaiera ordenatuaren inguruko aldarrikapenak legealdi osoan zehar proposatu direla

2016-07-05

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak elkarrizketa izan du Euskadi Irratian

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburua den Josu Erkorekak gogorazi du atzo Madrilen Iñigo Urkullu Lehendakariak proposaturiko aldarrikapenak, osatu gabeko agendakoak eta ETAren biolentzia amaiera ordenatuaren inguruakoak ez direla berriak. Aldarrikapen horiek Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren printzipioetan oinarritzen dira.  Erkorekak dio “epemugak jartzea ez dagoela lekuz kanpo” kontuan hartuta azken urteotan ez ETAren ez eta Espainiako Estatuaren aldetik ez dela aurrerapausorik egon. Horrela eman du aditzera Erkorekak, Euskadiko Irratian izan duen elkarrizketan.

Atzo Lehendakariak egin zuen hitzaldiagatik galdetu diote bozeramaile exekutiboari. Hitzaldian, Madrileko Unibertsitate Complutenseko uda ikastaroen inguruan mintzatu zen Lehendakaria, eta 2020 urtea bitarte konpondu beharreko bake arazoak zerrendatu zituen. Urtebetean konpondu beharko liratekeenen artean, biolentziaren amaiera ordenatua ahalbidetzen dituztenak aipatu zituen; horien artean, ETAren desarmatzea, espetxe-politikaren aldaketa eta autokritika. Erkorekak gogorazi du aldarrikapen horiek legealdi osoan zehar proposatu dituela Eusko Jaurlaritzak eta horrela daudela jasota 2013. urtean onartu zuten Bake eta Bizikidetza Planean. Dena den, behin eta berriro errepikatu du “epemugak jartzea ez dagoela lekuz kanpo” kontuan hartuta, azken urteotan ez ETAren ez eta Espainiako Estatuaren aldetik ez dela aurrerapausorik egon.

Auzi horiek Madrilen, gobernuaren eraketan, mahai gainean jarri eta negoziatzekoak ote diren galdetu ostean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du horiek alderdi politikoen erabakiak direla soilik, “protagonismoa” une hauetan haiek dute eta. Era berean dio, haien ardura dela beste auzi batzuk euskal agendan gehitzea ere: inbertsioak, transferentziak, autogobernua eta abar.

Erkorekak ohartarazi du birzentralizatze prozesua areagotzeko arriskua dagoela, baldin eta Rajoik hurrengo legealdian jarraitzen badu orain arte jokatu duen modu berean, azken 20 urte hauetan “aurrekaririk ez zuten” neurriak hartzen, euskal autogobernua arriskuan jartzen baitute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)