Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Langabeziak behera egin du ekainean, %7,95 urte arteko tasan, eta afiliazioak gora egin du, %2 inguru

2016.eko uztailak 04

Ekainean behera egin du Lanbideren bulegoetan erregistratutako langabeziak (3.588 pertsona gutxiago), eta gora egin du Gizarte Segurantzako afiliazioak (928 pertsona gehiago).

Joan den ekainean autonomia-erkidegoko lan-merkatuak hobera egin zuen berriro ere, eta jarraian 33 hilabete dira urte artekoan emaitza positiboa lortzen dela. 2015eko ekainarekin alderatuz gero, 12.480 langabe gutxiago kontabilizatu zen (- % 7,95). Afiliazioari dagokionez, azken 12 hilabeteetan Euskadik 17.708 afiliatu berri ditu Gizarte Segurantzan; hau da, % 1,98 egin du gora, eta guztira 913.322 afiliatu dira. Aurreko hilean baino 928 afiliazio gehiago dira; gehikuntza apala da, baina joan den urtean izandakoa baino handiagoa.

Ekainean Lanbideren bulegoetan 144.425 langabe zeuden erregistratuta, eta hilabete batean 3.588 pertsona gutxiago dira. Hori dela eta, erregistratutako langabezia-tasa % 13,9koa da. Hilabetean langabeen kopuruak % 2,42 egin du behera.

Euskadiko lan-merkatuan langabezia murrizteko erritmoa mantsotu bada ere, hoberako zantzu argiak antzematen jarraitzen da (2015eko lehen erdian 8.866 langabe gutxiago izan ziren, eta 2016ko lehen seihilekoan 5.592 langabe gutxiago izan dira); izatez, duela bi urteko ekainean baino 23.300 langabe gutxiago dago (167.764) eta hiru urteko ekainean baino 30.000 langabe gutxiago (174.013). 2011ko ekaineko mailan dago (144.414 langabe kontabilizatu zen orduan).

Haatik, lan-merkatuaren hobekuntzak ez du bidezkoa ematen. Langabezian denbora luze (urtebete baino gehiago) daramaten eta adin handia duten pertsonek dute enplegua lortzeko zailtasunik handiena. Ekainean agerian geratu da errealitate hori: langabezia % 8,28 jaitsi da gazteenen artean, eta - % 0,21eko jaitsiera izan da 54 urtetik gorakoen artean. Horri langabezia-aldia gaineratzen badiogu, ikus dezakegu egoera horretan denbora luzeago daramaten adin handieneko pertsonek langabezian luzatzeko arrisku handia dutela. Gaur egun, langabeen % 47,6k 45 urte baino gehiago dute.

Ekainean langabeziak behera egin zuen luzaroko langabeen artean zein urtebete baino gutxiago langabezian diren langabeen artean; alabaina, beherakada handiagoa izan zen bigarren langabe talde horretan (-2.131 langabe izan ziren talde horretan, eta -1.457 izan ziren luzaroko langabeen artean).

Kontratuak

Kontratazioa joan den hilean % 11,46 hazi zen, eta 2015eko ekainarekin alderatuz gero, % 7,6. Hala ere, portaera desberdina izan zen hiru lurraldeetan. Azken hilabetean % 3,4 hazi zen Araban, % 10,5 Gipuzkoan eta % 15,2 Bizkaian. Araban kontratazioa hainbeste ez gehitzeak badu arrazoia: herrialde horretan joan den hilean gehikuntza oso handia izan zen, maiatzean lehen sektorearen jarduerak nabarmen egin baitzuen gora.  

Merkataritza, manufaktura-industria, osasuna, jarduera artistikoak, jolas-jarduerak, administratiboak eta garraioa dira azken hilabete honetan kontratazioari bultzada eman dioten ekonomia-jarduerak. Lehen sektoreko kontratazioak, batez ere, egin du behera (-963).

Aurten sinatutako kontratuen % 7,4 kontratu mugagabeak dira (32.526 kontratu).

Hilabete honetan, industriak, osasun-jarduerek eta gizarte-zerbitzuetako jarduerek eman diote bultzada enpleguari; bestalde, hezkuntzan –ikasturtearen amaieraren ondorioz– eta ostalaritzan –udako lan-jarduera txikiagoaren ondorioz– suntsitu da enplegu gehien.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)