Berriak
Eu

Ingurumen Sailak ia hiru milioi euro bideratuko ditu ingurumen arloko hobekuntzak ezartzen dituzten EAEko enpresei laguntzeko

2010.eko urriak 04

Euskal Autonomia Erkidegoko ehun enpresa inguruk hartu dute parte gaur Gasteizen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak ingurumen arloko laguntzen berri emateko antolatutako jardunaldietan. Hain zuzen ere, ia hiru milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak ingurumen arloko hobekuntzak ezartzeko inbertsioak egiten dituzten enpresei laguntzeko.

Nieves Terán Ingurumen Saileko sailburuordeak berak azaldu ditu, gaur goizeko saioan, EAEko enpresentzako ingurumen inbertsioetarako diru laguntza deialdiaren berrikuntza nagusiak.

Teránek nabarmendu duenez, horrelako baliabide ekonomikoak EAEko industriaren ingurumen hobekuntza sustatzeko erremintak dira. «Administrazio publikoak eta EAEko industriak erantzukidetasunez jokatu behar dute ingurumen, ekonomia eta gizarte arloetatik begiratuta eredu ekonomiko berri bat ahalbidetzeko», gaineratu du sailburuordeak.

Deialdi berri honetan, besteak beste, gaur egungo ingurumen legeria gainditzera bideratutako ingurumen azterketak edo legeak agindu gabe egindako lurzoru kutsatuen saneamenduak lagunduko dira. EMAS erregistro ziurtagiriaren aholkularitza zerbitzuak, ekodiseinua eta ekoetiketak sustatzeko laguntzak ere nabarmendu beharrekoak dira; hain zuzen ere, enpresa txiki eta ertainei zuzenduta daude bereziki laguntza horiek.

Pilar Unzalu sailburuak zuzendutako Ingurumen Sailak 2.905.045 euro bideratuko ditu, guztira, laguntza hauetara;Euskal Autonomia Erkidegoko edozein erakunde pribatuk eska ditzake.


Informazio gehiago: www.ingurumena.net

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Nieves Terán