
Lehendakariaren iritziz, “betebehar etiko eta demokratikoa” da legez kontrako errepresio-testuinguruetan eragindako biktimak aintzat hartuko dituen legea edukitzea
Lege Proiektuak aurrera jarraitzen du Eusko Legebiltzarrak gaur osoko zuzenketa guztiak errefusatu eta gero
Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako legez kontrako errepresio-egoeretan giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Lege-proiektuaren kontrako osoko zuzenketak errefusatu ditu. Doumentuak jarraipena emango dio, lege-mailako tresna juridiko baten bitartez, duela lau urte 1960tik 1978ra arteko biktimak aitortzea eta biktima horiei ordaina ematea ekarri zuen 107/2012 dekretuarekin hasitako bideari.
Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez “betebehar etikoa eta demokratikoa" da egia, justizia eta ordaina jasotzeko eskubidea duten eta indarrean dagoen legeriak aitortu ez dituen biktima hauek aitortzeko tresnak sortzea. Urkulluren esanetan, bestalde, lege honekin Eusko Jaurlaritza "ez da konstituzio-kontrakotasunean jausten, ez dira Estatuaren eskumenak ukitzen eta ez da jurisdikzio penala ordezkatzen”, desberdintasuna erreparatzeko betebeharra betetzen da, horixe baino ez. "Kalte bidegabea jasan duen biktima bat dagoen lekuan, beti izaten da gertatutakoa kritikoki aitortzeko, gertatutakoari ordaina emateko egintzat bat” esan du.
Urkulluk, berez, argi dauka lege-proiektu honek bere lekua duela Gernikako Estatutuak zehaztutako eskumen-esparruan eta berme juridikoa duela, eta uste du, gainera, elkarbizitzaren eraikuntza osatzeko konpromiso publikoaren zirkulua ixten duela. Gaur proiektu hau eztabaidatu duen Osoko Bilkuraren aurrean egin duen esku-hartzean adierazi duenez, memoria eraikitzeak eskatzen du kritikoki aitortzea giza eskubideen urraketa horiek “ere” gertatu zirela, eta legea, beraz, “funtsezko elementua” dela esan du.
Azkenik, lehendakariak erakundeei eta alderdi politikoei eskatu die prozesu honi “behar bezalako erantzukizunez eta ikuspegi globalarekin” aurre egiteko, era horretara bakearen eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiten jarraitu ahal izateko. “Benetan uste dut asko egin dugula aurrera, neurri handi batean Legebiltzar honek urtetan egin duen lanari esker”, erantsi du. Eta amaitu du esanez “Euskadiren etorkizunak behar du biktimen errekonozimenduan eta memorian, elkarbizitza berreskuratzean eta hiltzea erabaki txarra izan zela eta berriz ezin dela halakorik gertatu oso argi izatean oinarritutako behin betiko bakea”.
-
2016-07-08
Comentario de Twitter:
RT @Gob_eus: El Parlamento ha rechazado las enmiendas a la totalidad presentadas a este Proyecto Ley ➡ https://t.co/n5aWDoFCtt https://t.c… -
2016-07-08
Comentario de Twitter:
El Parlamento ha rechazado las enmiendas a la totalidad presentadas a este Proyecto Ley ➡ https://t.co/n5aWDoFCtt https://t.co/0dHdRpYHVH