Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: «Pantalan eta amarreleku berriekin Donostiako portuari gehitu zaizkion hobekuntzek are erakargarriagoa egiten dute hiriburua eta haren ingurua»

2016.eko uztailak 04
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak eta Donostiako Alkateak dartsena berritua bisitatu ditu
  • 41 amarraleku berri, lau metro arteko sakonera, ur- eta argi-zerbitzuak; gasolindegia uztail amaieran hasiko da zerbitzua ematen 
  • Kofradiaren eraikina Gipuzkoako Portuen Zerbitzuaren eta EKPren egoitza izango da, abuztuan bertako obrak amaitu eta gero.

 

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren ustez, Donostiako portuan amarraleku eta pantalan gehiago jartzeko egin diren obrek «hiriburua eta haren ingurua are erakargarriago egingo dituzte». Oregi sailburua Donostiako portuan izan da gaur goizean, Eneko Goia Alkatearekin, Almudena Ruiz de Angulo Garraio Azpiegituren zuzendariarekin, Edurne Egaña EKPko zuzendariarekin eta Idoia Ortubia Gipuzkoako Portuen zerbitzuburuarekin. Bisita horretan, EKPren eta Gipuzkoako Portuen Lurralde Zerbitzuaren bulegoen egoitza izango den eraikineko obrak gertutik ezagutzeko aukera izan du Oregi sailburuak. Gainera, Aita Mariren ondoan instalatu diren kanpoko itsasontzientzako amarralekuetan geldialdia egiteko beste portu batzuetako barku askok eskaria egin dutela azaldu diote sailburuari.

 

«Asteburu honetan ikusi dugu euskal kostaldeko estropadarekin eta udan behin eta berriz gertatuko den zerbait da hori: pantalan berriek kanpoko itsasontziak eta bisitariak erakarriko dituzte. Arrazoi asko daude horretarako, besteak beste, «Sail The Way» edo «Bidea Nabigatu» eta antzeko ekimenak, «Passeport Escales» edo Atlantikoko portuen arteko trukeak, Euskadiren eta Akitaniaren arteko lankidetza edo Europako Atlantikoko kosta osoan gertatu den itsas zaletasunaren igoera. Bisiten igoera horren eragin positiboa ez da Donostian bakarrik gertatuko, Gipuzkoako gainerako portuetan ere onuragarria izango da: Pasaian, hango portua berroneratzeko prozesuan egiten ari garen urratsekin, duela hamabost urte berritu zen Hondarribiko portuan, bai eta Orion, Getarian, Zumaian, Deban eta Mutrikun ere» esan du Oregik.

 

Oregi sailburuak gogora ekarri duenez «duela gutxi Donostiako portuaren hondoa garbitu da, kate zaharrak, sokak, kutxak eta bestelako hondakinak kenduz; portuko bideak, sareak eta zoladura hobetu dira; kofradiaren eraikina zaharberritu da eta lonja berritzeko lanean ari gara, Donostiako portuaren jarduera eta irudi berriaren beharren arabera. Badugu lana aurretik, eta erakundeen finantza-gaitasunaren arabera lan hori egiten joango gara».

 

Donostiako arrantza-dartsenako ura gaineko espazioaren antolaketari esker, bermatuta daude bai arrantza-jarduerak bai itsasoko kirol-jarduerak, bidean dauden itsasontzientzako amarraleku berriei esker. Erregaia eta elektrizitatea eskaintzen duten zerbitzua dute amarralekuek. Guztira 290.000 euroko kostua izan duten obra hauetan pantalan batzuk jarri dira arrantza-dartsenan, oinarri bezala Mollaerdiko moila eta arrain-lonja zaharreko moila hartuta.

 

Autoordainketako gasolindegi berri bat eraikitzen ari dira. Portuko ontziak gasolinaz hornitzeko depositua instalatuta dago, eta uztail erdialdean hasiko da zerbitzua ematen.

 

Ingurumen hobekuntzak

«Astilleros Amilibia Untziolak enpresak bi eremu bereizi eraiki ditu: bat dartsena berrantolatu aurreko bertako ontzientzat, hau da, arrantzale profesionalentzat eta Donostiako Kofradiako erretiratutako arrantzaleentzat eta beste bat bidaiatzen ari diren bitartean hemen geldialdia egiten duten 6. eta 7. zerrendako kirol-itsasontzientzat» azaldu dio Ruiz de Angulok Oregiri azpiegitura berriak ikusteko egindako bisitan.

 

Arrantza-ontzi profesionalentzat (3. zerrenda) 4 amarraleku sortu dira, eta erretiratutako arrantzaleen kirol-itsasontzientzat (7. zerrenda) 22 amarraleku (guztira: 26 amarraleku).  Kirol-itsasontzientzat (6. eta 7. zerrendak), 15 amarraleku berri sortu dira; horietako 8, gainera, 4. metroko sakonera behar duten belaontzientzako egokiak dira.

 

Obran egitura flotagarrientzako piloteak sartu dira, amarreak sortzen dituzten egitura flotagarriak (pantalanak eta fingerrak) muntatu dira, pantalanetako sarrera prestatu da hegal baten eta itsasaldietara moldatzen den arrapala baten bidez, edateko ura eta elektrizitatea instalatu dira, Tally key modeloko dorretxoekin eta autoordainketa bidez itsasontziak hornitzeko, pantalanen argiteria instalatu da eta larrialdietako armairuak jarri dira.

 

Prozesu honetako ingurumen-hobekuntzen artean, aipatzekoa da pantalanen zoladura material sintetikoekin egin izana. Izan ere, duela urte batzuk ohikoa zen egur tropikalak erabiltzea horretarako. Gainera, kontsumoa kontrolatzen da aurrez ordaintzeko sistemarekin, itsasontziak kontrolik gabe hornitu beharrean; eta dartsenan zegoen pantalan flotagarriaren 32 metro berrerabili dira 6 metro arteko luzera duten itsasontzien amarralekuak egiteko.

 

Karmengo Ama Birjinaren kofradiaren eraikina

Gaur egungo Donostiako portuko arrantzaleen kofradiako eraikina erabiltzeko hitzarmenaren ondoren, beharrezkoa izan da eraikin hori modu integralean birgaitzea, Gipuzkoako Portuen Zerbitzuaren eta EKPren egoitza (Euskadiko Kirol Portuak) bertan instalatzeko.

 

Aurreko mendeko hogeigarren hamarkada amaieran eraikitako etxea bat da (1927an gutxi gorabehera), Karmengo Ama Birjinaren kofradia bezala Donostian inauguratutakoa. Arrantzaleen kofradietan armadoreak, arrantzaleak, ikazkinak eta «gainerako itsasoko pertsonak» batzen ziren, eta bertan bazkideen baldintza moralak eta materialak hobetzen saiatzen ziren. XX. mendearen lehen hamarkadetan zabaldu ziren.

 

Fatxadak harrizkoak dira beheko solairuan, eta bistako adreiluzkoak lehen solairuan. Harria oso egoera txarrean zegoen, itsas haizeak eragindako higaduraren ondorioz, eta egiturak korrosioa zuen. Bestalde, eraikinera sartzeko irisgarritasun-arazoak zeuden. 2016ra arte Donostiako arrantzale-kofradiaren egoitza izan da, espazioa Gipuzkoako Portuen Zerbitzuarekin batera erabiltzen zelarik.

 

Kofradiako obretan aldamio tubular finkoak erabili dira, plataformekin eta oinezkoak babesteko perimetroko markesina batekin, fatxada nagusian zein alboko fatxadetan, eskora-egitura bezala. Gainera, garabi bat erabili da materialak mugitzeko.  Eraikinaren hormigoi armatuzko egitura eraitsi egin da eta barrualde guztia hustu da, harrizko hormak bakarrik mantenduz. Horma horiek, beren ezaugarri bereziak direla-eta, babestuta daude. Zimenduak jartzeko zapata bakarra erabili da, igogailuaren pantailaren azpian.

 

Lehen eta bigarren solairuak 25 cm-ko zabalerako hormigoi armatuzko harlauzekin egin dira. Horiek harrizko horman eta igogailuaren erdiko pantailan oinarritu dira. Lehen solairuan, zaharberritutako balkoi bat du eraikinak. Estalkia 20 cm-ko zabalerako hormigoi armatuzko harlauza batekin egin da. harrizko hormaren gainean eta igogailuaren pantailen gainean jarrita dago zuzenean. Eskailerak hormigoi armatuzko harlauzekin egin dira. Eraikuntzak kanpoko aldearen ezaugarriak gorde ditu, eta jatorrizko estetika eta konposizioari eutsi zaie. Etxearen fatxada nagusia hareharrizko horma bat da, eta goiko solairuetan bistako adreiluz eta morteroz egindako estaldura bat dago. Obrak abuztuan amaituko dira.

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 05

    Comentario de Twitter:
    Ana Oregi sailburuak eta Donostiako Alkateak portuko dartsena berritua bisitatu zuten atzo goizean ➡ https://t.co/W407jCDCJX

  • @Gob_eus
    2016.eko uztailak 05

    Comentario de Twitter:
    La Consejera Ana Oregi y el Alcalde Eneko Goia visitaron ayer la remodelada dársena del puerto de Donostia ➡ https://t.co/SrgW9RZfLU

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Edurne Egaña, Eneko Goia