Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskal Kostaldea estropada-“Urrezko Balea” trofeoa, Hondarribia eta Donostiako uretan ariko da asteburu honetan

2016.eko ekainak 30
  • Euskadiko kirol-jarduera nautikoan erreferente izaten 25 urte egin ditu
  • 40 parte-hartzaile gurutzontzi moldean

 

Datorren asteburuan – uztailaren 1etik 3ra-, Euskal Kostaldea estropada- “Urrezko Balea trofeoak 25. edizioa egingo du Hondarribia eta Donostian, kirol ekintza nautikoaren erreferente nagusi izaten. Atlantikoko hainbat portutatik datozen gurutzontzi moldeko belaontzi ugari bilduko ditu.

 

Euskal Kostaldea Estropada 1992an sortu zen Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, eta Euskadiko Kirol Portuak-EKPren babesletza du; gurutzontzi mailako belaontzi lehiaketa da. Parte-hartzaileak hiru kategoriatan banatuko dira: IRC, HN eta OPEN; aurten Hondarribiko kirol-portutik itsasoratuko dira uztailaren 1ean, Donostiako badiara hilaren 3an iristeko.

 

Estropada Real Sporting Club-Abrako Errege Klub Nautikoak, Getariako Klub Nautikoak, Donostiako Errege Klub Nautikoak eta Hondarribiko Klub Nautikoak antolatu dute EKPren laguntzarekin; bertan izango dira Gijóndik Akitaniarainoko uretatik etorritako ontziak, Santander, Castro Urdiales, Getxo, Plentzia, Zumaia, Getaria, Donostia, Hondarribia, Hendaia, Angelu eta Arcachon besarkatzen dituela. Izena emandako 40 ontziak hiru egunez ariko dira itsasoan: uztailak 1ean, Hondarribia-Hondarribia; uztailak 2: Hondarribia Donostia; eta uztailak 3: Donostia- Donostia.

 

Lehenengo egunean ontzi parte-hartzaileek haizealdera balizaturiko kostaldeko ibilbidea abiaraziko dute arratsaldeko 16:00etan Txingudiko badiako uretan.  Ibilbide luzeena larunbatean egingo dute, Gipuzkoako ekialdeko kostaldean zehar 30 milia inguruko kostaldeko estropada bidez, Hondarribia eta Donostiako portuak lotuz eta nahitaez desmarkatzeko bi buiatatik igaro beharko dute. Azken egunean, igandearekin, proba teknikoenak egingo dituzte, Donostiako uretan haizealde-haizebeko teknikak baliatuta.

 

Izena emandako tripulazioen artean Yamamay ontzi kantabriarra da nabarmenena, Javier Gallo du ontzi-buru, azken bi edizioetan Urrezko Balea irabazi duena. Esparlata ontzian emakumezkoen tripulazioak hartuko du parte, Edurne Tamayo izango da patroi lanetan; Edurne Berrueta, Maitane Naya, Irati Lizaso, June Gutierrez eta Alizia Goikoetxearekin batera Donostiako Errege Klub Nautikoaren ikurra defendatuko dute.

 

Estropada honen irteera lerroan Hondarribiko kirol-portuan uztailaren 1ean Ana Oregi  Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua egongo da EPKko Edurne Egaña zuzendariarekin batera.

 

Kategoria ezberdinetako ontzi irabazleek Urrezko -6.000 euroren balioa duen trofeo esklusibo eta ospetsua-,  Zilarrezko eta  Brontzezko Balea sariak jasoko dituzte igandean egingo den ekitaldian, 17:00etan Donostiako Errege Klub Nautikoaren egoitzan.

  

 

Edizio Berezia

XXV. Euskal Kostaldea Estropadak, “zilarrezko” edizioa osatzeaz gain Hondarribiko kirol-portuaren 15. urteurrenare ere ospakizun du. 2001eko uztailaren 1ean amarratu ziren lehen kirol-ontziak pantalanetan, eskualdeak kantauriar erlaitzean zuen itsasorako zaletasuna areagotzeak sorturiko eskaerari erantzun emanez.

 

“Nabigazioaren zaletasunak eta praktikak handitzen jarraitzen du gure kostaldean. Aurten, berriro ere, belaontzi eta motoredun ontzien matrikulazioak gora egin du eta portuetan amarradurak lortzeko eskaerak gehitu egin dira” azaldu du EKPko Edurne Egaña zuzendariak.

 

Egainak gaineratu du 1992an Euskadin kirol-bela sustatzeko Euskal Kostaldea Estropada abiarazi zenean bizi zen egoeraz guztiz bestelakoa dela gaur egungoa eta orduko helburu hura gorputz hartzen ari dela; ikusi besterik ez dago kirol-portu euskal-akitaniar guztietan izan dituen emaitzak eta duen demanda, orduan ernamuintzen hasi berri zenak.

 

Edurne Egañak azaldu duenez, “Donostiako portuan, belaontzi parte-hartzaileek igarotzako eta alokatutako ontziei zerbitzua emango dien pantalan berriak izango dituzte. Eskaera handia du zerbitzu honek eta portuko ur-maila antolatu ostean abian jartzearekin Eusko jaurlaritzak eta EKPk nabigazioaren kirol-jarduera hau eskuragarriago bihurtu dute; horrek, bada, onura dakarkio hiriburuko eta eskualdeko kirolari, kulturari eta turismoari.”

 

Euskal Kostaldea Estropada “Donostia, Europako Kultur Hiriburua 2016” ospakizunean barne hartutako ekintza da. Euskadiko kirol-portuak Sozietatea 2000. urtean sortu zen, EAEko kai eta kirol-portu guztiak kudeatzeko helburua zuela. Hondarribiko, Mutrikuko eta Orioko kirol-portuek, eta Donostiako, Getariako eta Bermeoko kirol-kaiek, guztira, 2.000 amarradura dituzte 6 eta 16 m arteko luzera duten ontzietarako. Horrez gain, 11.600 m3-ko eremu teknikoa dute negua emateko eta konponketak egiteko. EKPk harreman sendoa du Akitaniako eta Atlantikoko gainontzeko portuekin eta biziki kolaboratzen du “Passport Escales” egonaldiak sustatzen, “Navega el camino” izeneko donejakueko ibilbidea egiten eta kirol jarduerak antolatzen.

 

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 30

    Comentario de Twitter:
    Euskal Kostaldea estropada-“Urrezko Balea” trofeoa, Hondarribia eta Donostiako uretan ariko da asteburu honetan ➡ https://t.co/7bjxxj8uWe