
Polizia-gehiegikeriaren biktimak erreparatzeko Espainiako gobernuaren borondate eza salatu du Eusko Jaurlaritzak
Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernándezek Barne Arazoetako Ministerioaren jarrera salatu du gaur. Izan ere, Espainiako gobernuak polizia-gehiegikeriaren biktimak erreparatzeko borondate eza agertzen duela adierazi du. Espainiako jarduneko gobernuak Eusko Legebiltzarrari bidali dion txostenaz aritu da Fernández. Horretan, poliziaren biktimei buruzko lege-proiektuaren zenbait manuk Konstituzioa urratzen dutela adierazi du gobernu zentralak.
1978 eta 1999 bitartean izandako legez kontrako errepresio-jardueren ondorioz izandako biktimei errekonozimendua emateko lege-proiektua Eusko Legebiltzarrak onartu behar du oraindik. Proiektu horrekin, 107/2012 Dekretuarekin biktimei lege mailako tresna juridiko baten bidez ordaina emateko hasitako bideari jarraipena emango zaio.
Barne Arazoetako Ministerioak Eusko Legebiltzarrari bidali dion lege-proiektu horri buruzko txostenean ohartarazi du zenbait artikulu Konstituzioaren aurkakoak direla eta Balorazio Batzordeari ematen zaizkion atribuzioek –biktima izaera errekonozitzeko arduraduna da– «Estatuaren zenbait eskumen esklusibo urratzen» dituztela. Fernándezek azaldu du txostena duela zenbait hilabete, barne izapidetze-prozesuan, Eusko Jaurlaritzari bidali zionaren berdina dela eta Jaurlaritzak hainbat aldaketa egin zizkiola. Hala ere, Eusko Legebiltzarrera bidali duten txostenak ez ditu aldaketa horiek aintzat hartu.
Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak gogorarazi du lege-proiektua aztertu zuen Legebiltzarreko taldearen saioetan, arlo judizialeko zenbait pertsonak (Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak, fiskal nagusiak, eta abarrek) segurtasun juridiko osoa eman ziotela legeari. Horregatik, Jonan Fernándezek Jorge Fernández Díazek zuzentzen duen ministerioaren jarrera salatu du, polizia-gehiegikeriaren biktimak erreparatzeko Espainiako gobernuak duen borondate eza agerian uzten duelako. Hortaz, egoera "triste" eta "bidegabea" salatu du.
-
2016-06-29
Comentario de Twitter:
#PazConvivencia Denunciamos falta de voluntad del Ejecutivo español para reparar a víctimas de abusos policiales ➡ https://t.co/bU3RhJYL6S -
2016-06-29
Comentario de Twitter:
#BakeaBizikidetza Polizia-gehiegikeriaren biktimak erreparatzeko Espainiako gobernuaren borondate eza salatu dugu ➡ https://t.co/ZPKJc6Dc2R