
Arantxa Tapiak Euskal Autonomia Erkidegoa Atlantikoko ardatzaren logistikaren puntu estrategiko gisa aurkeztu du
Arantxa Tapiak Euskal Autonomia Erkidegoa Atlantikoko ardatzaren logistikaren puntu estrategiko gisa aurkeztu du
- Erakunde-ordezkariek eta Bilboko Portuan kokatutako enpresek Baltimoreko portua (Estatu Batuak) bisitatu dute, bi azpiegituren merkataritza-harremanak estutzeko helburuarekin.
- Estatu Batuak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresentzat lehentasunezko herrialdeetako bat da, eta bien arteko merkataritza-jarduerak aurrera dihardu positiboan.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak gaur goizean Baltimoreko Portua bisitatu du, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun Nagusiarekin, Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintzaritzako lehendakariarekin eta Bilboko Portuaren inguruan errotutako enpresa-talde bateko ordezkariekin batera.
Bisitaren aurretik, bilera bat izan dute John Wobensmith Estatu Idazkariarekin eta Luis Borunda diputatuarekin. Haien aurrean sailburuak Euskadi «Atlantikoko ardatzaren nodo logistikotzat» aurkeztu du, eta «Estatu Batuetako erakundeak eta Baltimoreko Portuko enpresak gonbidatu ditu Euskadi bi kontinenteen arteko merkataritza-jarduera egiteko toki estrategikotzat ikus dezaten».
Bilboko Portua, bere kokapen geografikoari eta edozer merkantzia-motarako prestatuta dauden eta etengabe garatzen ari diren instalazio modernoei esker, Europako Atlantikoko garraio- eta logistika-gune garrantzitsuenetako bat da. 32 metro bitarterainoko sakonera eta Iberiar penintsula osoko portu lehorren sarerako errepide eta trenbide bidezko loturak ditu. Azken horrek industria- eta horniketa-osagarritasuna bermatzen dio.
Herrialde-azpiegitura bat Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren zerbitzura
Bilboko Portuaren intermodalitatea agerian jartzen duten hainbat azpiegitura daude: Atlantikoko korridorean kokatutako abiadura handiko EAEko trenbide-sarea, ardatz horretan bertan dagoen EAEko autopista-sarea, Foronda-Gasteiz zamarako aireportuarekin –ia lau kilometroko pistak ditu eta segurtasun-ezaugarri bikainak–, Bilboko eta Donostiako aireportuak, Arasurreko plataforma logistiko berria (Gasteiz ondoan), Jundizeko plataforma logistikoa (hori ere Arabako hiriburuan) eta Atlantikoko merkantziak garraiatzeko Frantziako trenbide-autopistaren etorkizuneko terminala (Lille/Gasteiz). Gainera, hurbil dagoen Pasaiako portuak lan osagarriak betetzen ditu, ibilgailuen eta urtzeko eta ijezteko metalaren garraioan espezializatuta dagoelako. Hendaia mugako igarobidea hurbil izateak ezinbesteko ate bihurtzen du Penintsulara eta Europa barrura sartzeko.
Bilboko Portuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoak Europako hego-mendebaldeko garraio eta logistika proposamen eraginkorrenetako bat eskaintzen du.
EAEren eta AEBren arteko merkataritza-harremana, goraka
AEB munduko ekonomia nagusia da, NAFTA-eremuko gainerako herrialdeekin batera, 467 milioi pertsonako merkatua osatzen du, eta edozein motako izanak eta zerbitzuak eskatzen ditu. Aldi berean, industria-sektore indartsu bat du eta denetariko ekipo-ondasun eta osagaiak behar ditu. Hori dela eta, lehentasunezko merkatuetako bat da EAEko enpresentzat.
Azken 4 urteetan, Estatu Batuak EAEko esportazioaren hirugarren helmuga izan da (Frantziaren eta Alemaniaren atzetik); eta zortzigarren jatorria, inportazioei dagokienez. AEBn egindako inbertsioei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoa lehen autonomia erkidegoa da (2000-2015) eta Euskadiko inbertsioen helmuga nagusia AEB da (2000-2015).
Bilboko Portu Agintaritzaren merkataritza-jarduera
Bilboko Portu Agintaritzaren negozioak % 4,3 handitu ziren 2015ean (65,2 milioi euroraino) eta sortutako baliabideak 33,1 milioi eurokoak izatera iritsi dira. Hazkunde horrez gain, portu-zirkulazioa 32,4 milioi tonaraino handitu da, hau da, aurreko urtearekiko % 5,12.
Bilboko portuaren emaitza positiboa izan da hiru urtez jarraian, batez ere, solteko likidoen garapen onarengatik eta 2015ean zirkulazioa % 11 handiagoa izan delako.
Edukiontzien kopuruari dagokionez, iaz emaitza-marka izan ondoren, 627.302 teutakoa da (edukiontziak neurtzeko unitatea, hogei oinen baliokidea).
Hozkailu-edukiontzien kopurua, bestalde, % 23 handitu da eta horrek Bilboko Portuak produktu galkorren gune banatzaile gisa dituen abantailak ziurtatzen ditu.
Bilboko Portuaren merkatu nagusia Europa Atlantikoko da oraindik (guztizko zirkulazioaren % 37) baina gertutik jarraitzen diote Iparraldeko Amerika Atlantikoko eskualdea (zirkulazioaren % 16, % 15 handitu da) eta Afrika Atlantikoa (zirkulazioaren % 10, % 108 handitu da).
Herrialdeka, Erresuma Batua da lehena (% 24ko hazkundea), AEB bigarrena (% 13ko hazkundea) eta Mexiko hirugarrena (% 22ko hazkundea). Tonaka, hazkunde nagusiak Erresuma Batua, Nigeria eta Angolako zirkulazioetan gertatu dira.
Portuko Agintaritzak 30,3 milioi inbertitu ditu 2015ean, eta 2016an inbertsioa 63,8 milioira igotzea espero du.