Berriak
Eu

Jonan Fernándezek torturaren biktimak errekonozitzeko bidea ireki duen EHUko udako ikastaroa amaitu du

2016.eko ekainak 29

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernándezek «Egia eta errekonozimendua torturaren, tratu gizagabeen eta iraingarrien biktimentzako» izeneko EHUko ikastaroa itxi du gaur Carlos Santamaría zentroan. Joan den astelehenean abiarazi zuten eta tortura kasuak ikertzeko Euskadin prestatzen ari diren azterlanaren ondorioen aurrerapena emateko baliatu dute. Fernándezek autokritika egin du Eusko Jaurlaritzaren izenean, eta erakundeek eta gizarte-eragileek berandu errekonozitu zituztela torturaren biktimak eta neurri prebentiboak ere berandu hartu zituztela. 

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak antolatu duten ikastaroa EHUren Udako Ikastaroen barne dago eta Francisco Etxeberria eta Laura Pego izango ditu zuzendari zientifiko. 2013-2016 aldiko Bakegintza eta Bizikidetzarako Planaren seigarren ekimena betetzeko, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren aginduz, Kriminologiaren Euskal Institutua prestatzen ari den 1960-2013 aldiko torturen gaineko ikerlanaren zenbait aurrerapen emateko baliatu dute. Euskadin azken hamarkadetan gertatutako torturak ikertzea du xede, intzidentzia errealaren gaineko ikuspegi zientifiko eta zorrotza eskuratzearren.

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak azaldu duenez, Jaurlaritzak prebentzioarekiko, argitzearekiko eta erreparazioarekiko konpromisoa du eta, ikerlanaren datuak kontuan harturik, hausnarketa autokritikoa egin beharko du.  Bere ustez, 2003az geroztik aplikatzen diren protokoloak eta prebentzio-neurriak lehenago abiarazi behar zituzten. «Gainera, biktimek arreta handiagoa eta erantzun sakonagoa behar zuten erakundeen eta gizarteko, politikako eta hedabideetako eragileen aldetik», esan du Fernándezek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau