Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
qrcode

1,2 milioi Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegientzat (Gobernu Bilera 2016-06-28)

2016-06-28

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu ditu, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea osatzen duten liburutegi publikoetarako diru-laguntzak arautzen dituzten hiru Agindu onartu ditu. Deialdi hauen bidez, liburutegietako funtsak erosteko, teknologia berriak ezartzeko eta irakurketa sustatzeko jarduerak lagunduko dira diruz, orotara, 1.278.000 euroko kopuruarekin.

Deialdi hauetan lehenak 670.000 euroko diru kopurua du, eta lehen aipaturiko sarea osatzen duten liburutegi publikoen liburu-funtsak berritu edo handitzeko diru-laguntzak ematen ditu. Laguntzok jasotzen dituzten liburutegiek honako hauetarako erabili beharko dituzte laguntzak: liburutegi sortu berrien kasuetan, sorrerako liburu-sortak erosteko, edo liburu-funtsak berritzeko, lehendik sorturik dauden liburutegietan. Bi kasuetan, diru-laguntzaren % 10 gutxienez, Euskadin argitaratutako obrak erosteko erabili beharko da.

Deialdi honen helburu nagusia da udalei eta toki erakundeei laguntza ekonomikoa eskaintzea, euren liburutegiek beti izan ditzaten funts zabalak eta eguneratuak. Ezinbesteko baldintza gertatzen da hau liburutegiek herritarrentzat kulturarako nahiz ezagutzarako sarbide izaten jarrai dezaten.

Era berean, eta 350.000 euroko diru-kopuruz, liburutegi publikoetan teknologia berriak ezarri edo garatzeko diru-laguntzak ematen dituen Agindua ere onartu du Gobernu Kontseiluak.

Deialdi honen bidez, diruz laguntzen dira, sareko liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edo garatzeko elementuak eskuratzeko jarduerak. Zehazki:

- Hardware edo euskarri fisikoa: ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, PDAk, eskanerrak, pantailak, routerrak, biltegiratze unitateak, liburu elektronikoen irakurgailuak, tabletak…

- Softwarea (liburutegiaren kudeaketarako softwarea izan ezik)

- Telekomunikazioak. Komunikazio-sareak instalatzea.

Gaur onarturiko Aginduetan hirugarrenak, eta 258.000 euroko diru kopurua daukanak, irakurketa sustatzeko eta liburutegi publikoen zerbitzu publikoen erabilera sustatzeko laguntzak ematen ditu, bereziki haur eta gaztei zuzendutako gazteentzako jarduerei begira.

Deialdi honen bidez diruz lagun daitezkeen jardueren artean nabarmentzekoak dira: Profesionalen berariazko prestakuntzara bideratutako jarduerak, haur edo gazte-irakurketako jarduera osagarriak (ipuinaren ordua, irakurketa-tailerrak…), erakusketa bibliografikoak, idazleekin solasaldiak, haur eta gazte literatura lehiaketak…

Jakinik haurtzaroan eta gaztaroan errazago hartzen dela liburuekiko zaletasuna eta liburutegiak erabiltzeko ohitura, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak lehentasuntzat du batez ere herritarren parte horren beharrizanei erantzutea. Beraz, udal eta toki erakundeei laguntza ekonomikoa eskaintzen die sustapen jarduera horiek burutu ditzaten.

Joan zen 2015 urtean, Euskadiko 200 udal edo toki erakunde inguruk eskuratu zuten diru-laguntza hiru deialdi hauetakoren batean gutxienik: 180 udal edo toki erakundek liburu-funtsak erosteko laguntzak eskuratu zituzten; 116k teknologia berriak ezarri edo garatzeko; eta 152k irakurketa sustatzeko jarduerak burutzeko.

Hiru diru-laguntza lerro hauen onuradun daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskadiko udalak, tokiko erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten udal-erakundeak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko