Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

Eusko Jaurlaritzak uko egingo dio Ertzaintzaren agenteak hautatzeko prozedura berria baliogabetzeko Espainiako Gobernuaren errekerimenduari (Gobernu Bilera 2016-06-28)

2016.eko ekainak 28

Legegintzaldi honetan hirugarren aldia da Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari gogorarazi behar diona Ertzaintzaren zuzkidurak, plantilla eta finantzaketa aldebiko adostasuna medio zehazten direla Segurtasunerako Batzordean, eta foru-araubide berezi baten arabera, betiere Gernikako Estatuaren eta Espainiako Konstituzioaren babesean.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri nahi du Legebiltzarrak Ertzaintzaren plantilla gutxienez 8.000 agentekoa izatea onartu zuela, Segurtasun Batzordeak zehaztutakoaren arabera eta PPk hala proposatuta.

Ertzaintzaren historiaren 30 urteotan Espainiako gobernuetako bat ere ez da saiatu agenteen hauta-probak gerarazten, gure polizia-kidegoaren singulartasun juridikoa aintzat hartuta.

Gobernu-kontseiluak Espainiako gobernuaren errekerimendua baztertzea adostu du gaur. Izan ere, Ertzaintzako lan-eskaintza publikoa geldiarazi nahi du, ez duelako betetzen Estatuak funtzio publikoari dagokionez ezarritako oinarrizko araudia, zehazki, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuko 70. artikulua. Hain justu, Ogasunaren eta Administrazio Publikoen Ministerioko Aurrekontuen eta Gastuen Estatu Idazkaritzak egin du errekerimendua, Eusko Jaurlaritzak errekerimenduari men egin ezean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztuko duela ohartaraziz, hauta-prozesua gerarazteko.

Hirugarren aldia da legegintzaldi honetan Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari gogorarazi behar izan diona Ertzaintzaren zuzkidurak eta plantilla zehazten direla Gernikako Estatutuaren 17. artikuluan eta Espainiako Konstituzioko Lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarritako foru-araubidearen arabera. Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari gogorarazi nahi dio Ertzaintzaren plantilla aldebiko adostasunez zehazten duela Segurtasunerako Batzordeak, ez dagoela funtzio publikoaren gaineko Espainiako legeen mende. Era berean, halakoen finantzaketa Kontzertu Ekonomikoaren eta kupoaren sisteman ezarritako araubide berezi bati dagokiola nabarmendu nahi du Eusko Jaurlaritzak.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak berretsi duenez, orain dela 30 urte sortu zenetik, Ertzaintzak ez du inoiz hautaketa prozesurik egin Espainiako araudi orokorrari jarraiki; eta orain arte, ez da egon Espainiako gobernurik polizia-kidego horren berezitasun juridikoa urritzeko saiakerarik egin duenik.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari adierazi nahi dio, 2014an aurkeztu zuen errekurtsoarekin bezala, atzera egin eta ez dezala administrazioarekiko auzi-errekurtsorik aurkeztu. Aurkeztuz gero, Espainiako gobernuak euskal herritarrak kaltetuko dituela eta segurtasun-zerbitzu publikoa behar bezala eskaintzea eragotziko duela ohartarazi nahi du Eusko Jaurlaritzak.

ERTZAINTZAREN OINARRIZKO ESKALAN SARTZEKO HAUTAKETAREN DEALDIADIA

Ertzaintzaren XXVI. promozioko 250 plaza horien deialdia 2016ko apirilaren 25ean argitaratu zen EHAAn, eta hiru helburu ditu: 

  • Segurtasunerako Batzordearen akordioa betetzea, 2004ko azarokoa, Ertzaintzak betiere gutxienez 8.000 agente izan behar dituela zehazten duena.
  • Eusko Legebiltzarrak 2010ean onartutako legez besteko proposamena betetzea, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diona eutsi diezaiola betiere gutxienez 8.000 agenteko plantillari, Segurtasunerako Batzordeak zehaztutako betez.
  • Ertzaintzaren belaunaldien berritzeari aurre egitea eta egungo ertzainen batez besteko adina gaztetzea, datozen urteetan aurreikusten diren erretiroen bajak betez.
Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    #Ertzaintza Rechazo al requerimiento del Gob. español que pretende anular el nuevo proceso de selección de agentes ➡ https://t.co/P0XIWhLcnw

Komunikabideek behera kargatzeko