Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Agerraldia: Gizarte eta Gaietako sailburua. Etorkinei laguntzeko eredu berria. (2011-10-04)

2010.eko urriak 04

 

"Zerbitzu publikoek bermatuko dute immigranteei modu eraginkor eta egokiagoan lagun egingo zaiela"

 

  • Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua ez da immigranteentzako berariazko zerbitzua edukitzearen aldeko; izan ere, gizarte-zerbitzuek eta enplegu zerbitzuek era guztietako pertsona guztiak hartu ditzaten nahi du, inolako diskriminaziorik gabe.

 

  • Eredu berriak 1.000 kontsulta baino gehiago erantzun dira; horietatik, 450 lehengo zerbitzuarekin  espedientea irekita zeukaten etorkinenak ziren

 

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Eusko Jaurlaritzaren laguntza bermatu die administrazio-egoera erregularizatzen ari diren etorkin guztiei. "Zerbitzu publikoek bermatuko dute immigranteei modu eraginkor eta egokiagoan lagun egingo zaiela; izan ere, ezin dugu onartu -eta ez dugu nahi- pertsona horietako bakar bat ere babesik gabe uztea", adierazi du Zabaletak gaur, Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean izandako agerraldian. Administrazio-egoera erregularizatzeko prozesuan dauden etorkinei laguntzeko eredu berriaren ezaugarriak azaltzera joan da Zabaleta batzordera.

Bere hitzaldian sailburuak ziurtatu duenez, arauz kanpoko egoera administratiboan dagoen atzerritar bat ere ez da laguntzarik gabe geratu aurtengo uztailean Heldu programa eraldatu eta enpresa pribatu baten kudeaketatik eskuk publikoetara igaro zenetik. Hori horrela izan zedin, sistema operatibo eta eredu berri bat diseinatu zuen Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, 2010. urtean ireki eta ebazteke zeuden espedienteetako -1.600 inguru- bakar batek ere ondorio txarrik ez jasotzeko. "Balizko erabiltzaile berriei laguntza bermatu behar zitzaien, baita zerbitzua ematen zuen enpresa esleipendunarekin aldez aurreko harremana irekita zeukatenei ere", azpimarratu du Zabaletak.

Helduren eraldaketa hori egiterakoan garrantzi handia izan du laguntze-ereduaren inguruko gogoetak eta etorkinen integrazioaren arloan Eusko Jaurlaritzak lehenetsi behar duen lan-motak. Heldu zerbitzua, eratuta zegoen moduan, ezin zen Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman kokatu; izan ere, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak ez baitu bere katalogoaren barruan hartzen. Hortik abiatuz, Sailaren iritziz, administrazio-egoera irregularrean dauden etorkinek behar dituzten laguntzen arloa berrantolatu behar da, eta ez da berariazko zerbitzu bat eduki behar; aitzitik, gizarte-zerbitzuek eta enplegu-zerbitzuek artatu behar dituzte pertsona guztiak, egoera desberdinetan egon arren, eta inolako diskriminaziorik gabe.

Zerbitzuak normalizatzeko eta guztiei irekitzeko testuinguru horretan, lan‑baimenen inguruko kudeaketa guztiak egiteko ardura aurrerantzean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edukitzea aurreikusten da, etorkinen laneratzea erraztea helburu. Horrez gain, sailak lehen mailako arreta emateko zerbitzuak sendotuko ditu, pertsonei ematen zaien gizarte-laguntzaren bidean sakontzeko. Herritar guztiei irekitako beste zerbitzu arautuetako batzuk Justizia Sailaren orientazio juridikokoak izango dira. Zerbitzu horietan ere atzerritarren administrazio-egoeraren inguruko kasuetarako laguntza emango da. Bestalde, Immigrazio Zuzendaritzaren mendeko BILTZEN zerbitzuak (Kulturen arteko bizikidetzaren integrazio-zerbitzua) aholkularitza, prestakuntza eta aholkularitza emango die zerbitzu publikoetako erabiltzaileei laguntzen dieten profesionalei. Eta lan publikoaren eta gizarte-ekimenaren arteko koordinazioa eta osagarritasuna indartuko dira; izan ere, hirugarren sektoreko erakunde asko ari baitira legez kanpoko egoeran dauden etorkinei modu integral batean lagun egiten, aholkularitza juridikoa barne, eta horietako askok Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egiten dute jada.

"Beste eredu batean sinesten dugu, eta horrek esan nahi du gure eskumeneko zerbitzu publikoek -adibidez, gizarte-zerbitzuek, enplegukoek eta, besteak beste, orientazio juridikokoek- pertsona guztiei lagundu behar dietela, era guztietakoei, inolako diskriminaziorik gabe; atal itxiak sortu gabe batzuei edo besteei laguntzerakoan, eta herritarren artean desberdintasunik sortu gabe", azpimarratu du sailburuak.

Legez kanpoko egoeran dauden etorkinentzako laguntzak koordinatu eta kudeatzeko uztailetik ezarri den era berriak doako arreta-telefonoa (900 840126) eta posta elektronikoko helbide bat (inmigrazioa-asesoria@ej-gv.es) ditu erabiltzaileei eta profesionalei zuzenduta. Bi baliabide horietan 1.000 kontsulta baino gehiago erantzun dira; horietatik, 450 lehendik espedientea irekita zeukaten etorkinenak ziren; 200 inguru gizarte-zerbitzuetako langileenak, immigrazioko teknikarienak eta enplegu-emaileenak ziren; eta 300 inguru zerbitzura zuzenean, "bitartekorik eta itxaronaldirik gabe", gerturatu diren atzerritarrenak, azpimarratu du sailburuak.

Horrez gain, 110 kasu premiazkotzat jo ziren, edo arreta berezia behar zutela erabaki zen, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen bulegoetara bideratu ziren. Horrez gain, administrazio-errekurtsoak egiteko 70 laguntza-ekintza inguru gauzatu ziren. Laburbilduz, eredu-aldaketa izan eta bi hilabetera, izandako kontsulten % 50 Heldu zerbitzuaren erabiltzaile ziren atzerritarrenak ziren, % 30 erabiltzaile ez ziren atzerritarrenak, eta beste % 20 profesionalenak.

Arreta presentziala kontsulten % 10etik 15era bitarteko kasuetan baino ez da behar izan. "Aurreko ereduari jarriki, ordea, kontsulta horietako bakoitzak lehenengo hitzordu bat beharko zuen oinarrizko gizarte-zerbitzuan, bideratze hutserako, eta bigarren hitzordu bat Helduren bulegoetan. Prozesu horrek 6 astetik 10era bitarte iraungo zuen", adierazi du sailburuak.

Bestalde, zuzenbideko espezialistaren esku-hartzea kasuen % 40 edo 45ean baino ez da beharrezkoa izan, nahiz eta ia kasuen % 100 gainbegiratu dituen. Horren ildotik, Gemma Zabaletak adierazi duenez, "gure aurreikuspenen arabera, badago abokatuaren esku-hartze hori murrizteko aukera, teknikarien prestakuntza sendotuz". Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren kalkuluen arabera, abokatuen esku-hartzea kontsulten % 30ean beharko litzateke.

Sailburuaren iritziz, gai horiek "baloratu egingo ditugu zerbitzuari erantzuteko modu berri honetan. Izan ere, Helduk, eratuta zegoen moduan, ez baitzuen lekurik Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman, eta azken urteotan ematen ari zen modua ez zetorren bat kontratazio publikoari dagozkion legezkotasun-printzipioekin".

Kontratua amaitzea

Esku hartzeko eredu berria "eraginkorragoa eta erantzukizun publiko handiagokoa" babesteaz gain, Gemma Zabaletak azaldu die Legebiltzar Batzordeko kideei zein arrazoirengatik ezin zen luzatu 2007. urtetik Eusko Jaurlaritzak Heldu programaren esleipena jaso zuen enpresa pribatuarekin (Estudios y Proyectos Jurídicos SL) zeukan kontratua.

Sailburuaren hitzetan, Heldu 2002. urtean hasi zen lanean, atzerritarrei laguntza sozio-juridikoa emateko programa gisa. "Zerbitzua oinarrizko gizarte-zerbitzuekin lankidetzan jarduteko sortu zen, bizilekua izateko administrazio-baimenik ez zutelako bazterkeria egoeran geratzeko arrisku larrian edo kalteberatasun-egoera nabarmenean zeuden atzerritar etorkinei laguntzeko. Zerbitzua emateko hitzarmenak sinatu ziren hiru lurraldeetako abokatuen elkargoekin", jakinarazi du Zabaletak. Horrela funtzionatu zuen 2006. urtera arte; izan ere, orduan Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak hitzarmenak desegitea erabaki baitzuen.

"Gertaera hori, gutxienez, bitxia izan zen, eta Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordean salatu nuen. Une hartan -2007ko martxoa- tamalgarritzat jo nuen, jada, alternatiba bakarra balitz bezala, lehiaketa bat deitu izana eta horretara enpresa bat baino aurkeztu ez izana: Estudios y Proyectos Jurídicos SL, zazpi hilabete lehenago sortua eta, finean, esleipena jaso zuena", esan du sailburuak.

Kontratatu beharreko zerbitzua emateko berariaz sortutako enpresa zen, eta esleipena jaso arren ez zuen zegokion moduan jokatzen zerbitzua emateko prozeduraren bidean, eta ez zuen berezko kudeaketa-baliabiderik. Baldintza horiek guztiak administrazio-kontratuei buruzko arauetan ezarritakotik kanpo daude.

Zabaletak, gai horretan sakontzeko gogora ekarri duenez, Heldu zerbitzuaren esleipena 2009ko ekainaren 2an izan zen, Gobernu-aldaketaren testuinguruan. Kontratuak ekainaren 16tik abenduaren 31ra bitarteko betearazpen-epea zeukan, hilean 90.596 euroko kopuruarekin (588.874 euro guztira). Horrez gain, kopuru berarekin luzatu zen, 2010eko uztailaren 15era arte; nahiz eta luzapen horri argi berdea eman aurretik Sailak lehenengo urratsak emanda zeuzkan enpresari programa esleitzeko prozedurari buruzko kontsultak egiteko.

"Sailak ezin zuen lehiaketara deitu eta kontratazio bat egin baldin eta, gai horretan aditu diren instantzien iritziz, Jaurlaritzaren beraren kontratazio-arauak eta -irizpideak urratzen dituzten elementu ugari baldin bazeuden", argudiatu du Zabaletak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta