Berriak Lehendakaritza
Eu

Gaztemundu 2016 programan parte hartzeko deialdia onartu dute; euskal gastronomiari buruzkoa izango da aurten (Gobernu Bilera 2016-06-28)

2016.eko ekainak 28

Jaurlaritzaren Kontseiluak Gaztemundu programaren aurtengo deialdia onartu du, Euskal Etxeetako gazteek egonaldi bat egin dezaten Euskadin.

Programa horretara aurten 80.000 euro bideratu dira (iaz baino 30.000 euro gehiago), kanpoko euskal etxeetako 18 eta 35 urte bitarteko 25 gaztek gehienez, egonaldi bat egin dezaten Donostian urriaren 1etik 16ra.

Aurten, Gaztemundu programako partaideen prestakuntza Euskal Gastronomiari buruzkoa izango da, sektore horrek garrantzia du-eta Euskadin eta kanpoan ezarritako euskal komunitateetan. Izan ere, euskal jatetxe eta gastronomia elkarte ugari daude Euskal Etxe askotan eta horien inguru soziokulturalean.

Euskal Gizataldeen azken bi mundu batzarretan –2011n eta 2015ean izan ziren batzar horiek– nabarmendu zen garrantzitsua dela Euskal Etxeen bitartez sustatzea euskal gastronomiaren ezagutza, praktika eta hedapena, euskal emigrazioa jaso duten herrialdeetan gorde eta zabaldu behar den ondare kulturaltzat jotzen baita euskal gastronomia.

Horrela, adituek prestatutako gaikuntza programa baten hartuko dute parte aukeratutako pertsonek aurten; euskal gastronomiaren hainbat arlori buruzko “master class”ak emango dituzte adituok.

Egonaldian, bestalde, beste jarduera batzuk izango dituzte euskal jatorria duten gazteek aukera izan dezaten harremana izateko erakundeekin, elkarteekin, enpresekin eta Euskadin bizi eta lan egiten duten pertsonekin, baita Euskadiko eta kanpoko gazteen arteko harreman plataformak sortzeko ere.

Aurtengo programan parte hartzeko interesa dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, deialdia EHAAn argitaratu ondoren.

Gaztemundu programa Basque Country Estrategiaren barrukoa da –estrategia horren helburuetako bat da Euskadi kanpoan proiektatzea– eta 1996an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskadiren egungo errealitatearen alde guztiak ezagutarazteko eta belaunaldi berriei aukera emateko euskal etxeetako bizitza aktiboan integratzeko.

Ordutik hona, 800 gaztek baino gehiagok hartu dute parte programa horretan (gehienak Argentinakoak eta Estatu Batuetakoak) eta orain Euskal Etxeetako zuzendaritzetako kideak dira edota ardura postuak betetzen dituzte horietako askok.

Kanpo Harremanetan profesionalak espezializatzeko bekak

Bestalde,  Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Kanpo Harremanen alorrean profesionalak espezializatzeko beken deialdiari. Guztira, 160.000 euro izango dira horretarako.

Guztira, zortzi beka izango dira profesionalak espezializatzeko Kanpo Harremanen alorrean eta Europako Gaien alorrean. Bekek 12 hilabete iraungo dute eta bekadunek Euskal Autonomia Erkidegoaren honako egoitza hauetan burutuko dute bere jarduera:

  • Lauk, Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusian, Gasteizen. 16.000 € izango ditu beka bakoitzak.
  • Bik, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzan, Bruselan. 24.000 € izango ditu beka bakoitzak.
  • Bik, Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritzan. Horietako batek, ordezkaritza horren egoitzan burutu beharko du, Santiago de Chilen (Txile) eta besteak, ordezkaritza horrek Bogotán (Kolonbia) duen bulegoan. 24.000 € izango ditu beka bakoitzak.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAA argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko