Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak eta Unescoko zuzendari nagusiak elkar ulertzeko memorandum bat sinatuko dute datorren astean parisen (Gobernu Bilera 2016-06-28)

2016.eko ekainak 28

Memoranduma gaur onartu du Gobernu Kontseiluak eta Euskadiren eta Nazio Batuen menpeko erakundearen arteko elkarlanerako markoa indartzea du helburu.

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio gaur egindako bileran Eusko Jaurlaritzaren eta Unescoren artean elkar ulertzeko memorandum bat sinatzeko erabakiari. Memoranduma datorren asteartean, uztailaren 5a, sinatuko dute Parisen Iñigo Urkullu lehendakariak eta Irina Bokova Unescoko zuzendari nagusiak.

Gaur onartutako agiriak 1997. urtetik indarrean den Eusko Jaurlaritzaren eta Unescoren arteko elkarlan markoa indartzea du helburu. Hain zuzen ere, urte horretan sinatu zen bien arteko lehendabiziko memoranduma, Federico Mayor Zaragoza Unescoko zuzendari nagusi zela, eta bi urte geroago 2001 arte luzatu zen. Lehen memorandumaren baitan, 1998an borondate-akordio bat sinatu zuten bi aldeek ingurumenarekin lotutako jarduerak bultzatzeko plan zehatz bat garatzeko.

Elkarlan horri esker, gaur egun asko dira Unescoren sareko parte diren euskal gizarteko erakundeak, besteak beste, Unesco Etxea zentroa, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba, bost katedra eta horiekin lotutako hainbat eskola eta liburutegi, Euskal Kostaldeko Geoparkea eta gizateriaren ondare izendatutako hainbat leku (Altxerri, Ekain eta Santimamiñeko kobak, Bizkaiko Zubia eta Kostaldeko Done Jakue bidea).

Bi aldeek Parisen sinatuko duten testuak bai Unescok bai Eusko Jaurlaritzak lehentasunezkotzat jotako elkarlanerako bi arlo zehazten ditu. Honako hauek hain zuzen:

1.- Demokrazia, gobernua eta gobernantza ona.  Arlo honetan, sinatzaileek interesa dute demokraziaren eraikuntzan herritarren partaidetza bultzatuko duten gobernantza eredu berriak, gardentasuna, gobernantza ona eta kontuak ematea indartzeko.

2.- Giza eskubideak eta bakearen kultura. Arlootan giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia bultzatuko da hezkuntza arloan, politika eta praktika hezigarrietan giza eskubideen ikuspuntu transbertsala ezarriz.

Gainera, lehentasunezko bi arlo horiek zehazteaz gain, gaur onartutako memorandumak egun jada indarrean diren beste hainbat arlotan elkarlanean jarraitzeko konpromisoa ere jasotzen du, besteak beste:

Esparru orokorra: Unescok Euskadira bisita instituzionalak egitea bultzatzea; euskal aholkulariak Unescora bideratzeko programa indartzea; eta Unescoren argitalpenak euskaratzea sustatzea, besteak beste.

Hezkuntza: Unescoren Eskola Elkartuen Mundu Sarea indartzea; jardunbide onen trukea bultzatzea; garapen jasangarrirako hezkuntza sustatzea; hezkuntzan informazioaren eta komunikazioaren teknologien sarrera indartzea...

Kultura: Kultura-ondarearen arloko elkarlana; kultura-ondare ukiezinak garapen jasangarriari egiten dion ekarpena bultzatzea tokiko komunitate eta erakundeen gaitasunak indartuz; industria sortzaile eta kulturalen sustapenerako elkarlana indartzea; Unescoren Hiri Sortzaileen Sarea sustatzea...

Gizarte eta giza zientziak: Bakerako kulturarteko elkarrizketa sustatzea; programetan giza eskubideen, genero berdintasunaren, gardentasunaren eta gobernantza onaren ikuspegi transbertsala bultzatzea; gazteen partaidetza sustatzea; prozesu migratzaileetan sortutako aniztasunaren kudeaketako esperientzien trukea bultzatzea; euskal hiriek Unescok dituen hiriekin lotutako sareetan parte hartzea sustatzea...

Natura-zientziak: Gizonaren eta biosferan gaineko programan (MAB) enpresa ekimen eta kudeaketa eredu alternatiboak sartzea bultzatzea; Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako garapen jasangarriko esperientziaren hedatze eta nazioartekotzea; Uraren Euskal Agentziak Nazioarteko Programa Hidrologikoko (IHP) jardueretan parte hartzea bultzatzea; Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako Geoparkeen Sarean sartzea bultzatzea...

Komunikazioa: Komunikabide independente eta pluralistak sortzea laguntzea, bereziki hizkuntza gutxituetan, eta Komunikazioa Garatzeko Nazioarteko Programarekin elkarlanean aritzea; hizkuntza aniztasuna on line sustatzea; ondare dokumentala zaindu eta hedatzea...

Memorandumak bi urteko indarraldia izango du sinatzen den unetik kontatzen hasita, eta berau indarrean jartzeko eta dagokion jarraipena egiteko ardura aldian-aldian bilduko den batzorde batek izango du. Batzorde sei lagunek osatuko dute gehienez ere.

9 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @unescoetxea
    2016.eko ekainak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El lehendakari y la directora general de Unesco firmarán la próxima semana en París un Memorando de Entendimiento ➡ https://t.c

  • @unescoetxea
    2016.eko ekainak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Lehendakariak eta Unescoko zuzendari nagusiak elkar ulertzeko memorandum bat sinatuko dute datorren astean Parisen ➡ https://t.…

  • @Aran_Acha
    2016.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Lehendakariak eta Unescoko zuzendari nagusiak elkar ulertzeko memorandum bat sinatuko dute datorren astean Parisen ➡ https://t.…

  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    Lehendakariak eta Unescoko zuzendari nagusiak elkar ulertzeko memorandum bat sinatuko dute datorren astean Parisen ➡ https://t.co/MWcyOZwCNV

  • @mikel_uriguen
    2016.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El lehendakari y la directora general de Unesco firmarán la próxima semana en París un Memorando de Entendimiento ➡ https://t.c

  • @AzalgorriBilbao
    2016.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El lehendakari y la directora general de Unesco firmarán la próxima semana en París un Memorando de Entendimiento ➡ https://t.c

  • @ConsejeroD7
    2016.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El lehendakari y la directora general de Unesco firmarán la próxima semana en París un Memorando de Entendimiento ➡ https://t.c

  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari y la directora general de Unesco firmarán la próxima semana en París un Memorando de Entendimiento ➡ https://t.co/GN1FeO7SPX

  • @josebazarraga
    2016.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Aran_Acha: El lehendakari y la directora general de la Unesco firmarán la próxima semana en París un Memorando de Entendimi... https://

Komunikabideek behera kargatzeko