Berriak Osasuna
Eu

Arabako Unibertsitate Ospitalean teknika aurreratuak izango dituen laguntza bidezko ugalketa unitate bat abian

2016.eko ekainak 24

Arabako Unibertsitate Ospitalean teknika aurreratuak izango dituen laguntza bidezko ugalketa unitate bat abian jartzeari buruz, Osasun Sailak eta Osakidetzak hurrengoa azaldu eta gogorarazi nahi dute:

1-    Euskal osasun-sistema publikoak kalitate handiko prestazioak ematen ditu eta inoiz ez dio inori arreta ukatu, ez Araban, ez gainerako lurralde historikoetan.

2-    Une honetan, teknika aurreratuak izango dituen laguntza bidezko ugalketa unitatea Gasteizen jartzea ez da osasun-lehentasuna, ez gizartearen ez ekonomiaren aldetik, nahiz eta 200 bikoteri Donostia Unibertsitate Ospitalera edo Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera joan behar ez izateko aukera eman. Kontuan izan behar da Bizkaian, biztanleria Arabakoa baino lau aldiz handiagoa izanda ere, unitate bakarra dutela eta Gipuzkoan, biztanleria Arabakoaren bikoitza bada ere, halako unitate bat soilik dutela.

3-    Deigarria da Gasteizko Udalak gaur onartu duen mozioa Alderdi Popularrak sustatu izana, aintzat harturik azken urteetan Osasun Sistema Nazionalak pairatu dituen murrizketen bultzatzaile nagusiak Alderdi Popularrekoak izan direla, hain zuzen ere, Ana Mato eta Alfonso Alonso, Osasun, Berdintasun eta Gizarte Ongizateko azken bi ministroak. Alderdi Popularrak bultzatu eta sustatu ditu botiken koordainketa, osasuneko langileak ordezkatzeko mugak, Estatuan sendagai berritzaileak merkaturatu ahal izateko baimenen atzerapena, etorkinak osasun-sistematik baztertzeko neurriak eta abar.

4-    Halaber, argi utzi nahi dugu zenbait alderdi politikok halako ekimenen aldeko interesa hauteskunde garaian bakarrik erakustea deitoragarria iruditzen zaigula. Izan ere, orain arte alderdi politiko batek ere ez die ez Osasun Sailari ez Osakidetzari laguntza bidezko ugalketako Arabako unitatearen aurrerapenei buruz galdetu. Ondorioz, ziur aski, datorren astetik aurrera berriz utziko diote gai honi buruzko interesa erakusteari.

 

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 24a.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau