Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Haurreskolak Partzuergoak Familien III. Eguna ospatuko du larunbatean Gasteizen

2016.eko ekainak 24

350 lagunetik gora elkartuko dira bihar, haur eta guraso, Gasteizko Artium Museoan

Ikasturtea amaitzeko oraindik hilabete inguru falta zaion arren, Haurreskolak Partzuergoak gurasoekin eta haurrekin ospatzeko eguna antolatu du biharko, ekainak 25, Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan. 120 familia inguru izena emanda daude dagoeneko, 350 lagunetik gora, goiza bertan antolatu diren ekintzetan parte hartuz pasatuko dutenak.

Goizeko 10:00etan hasiko dira ekitaldiak, familiak Artium Museoko instalazioetara iristean. Ondoren, bi espaziotan banatuko dira ospakizunak: haurren jolasentzako bata, eta gurasoentzako beste gune bat, musika saioa entzun, kafea hartu edo lagunartean egoteko.

Haurrentzat Teatro Paraiso antzerki taldeak prestatu duen jolaserako gunean, haurrek eta gurasoek elkarrekin jolas egin eta esperimentatu ahal izango dute. “Arkitektura sentikorra” jolas gunea prestatu dute horretarako Teatro Paraisokoek: txikienek eta gurasoek elkarrekin jolastu eta esploratzeko espazioa; mundu poetiko txikiak sortu eta familian bizitzeko aukera ematen duen gunea.

Bitartean, guraso eta helduek, Maite Arroitajauregi Mursegok eskainiko duen musika saioaz gozatzeko aukera izango dute, hainbat musika-tresna, ahotsa eta mundu zabaleko hamaika txokotako soinuak uztartzen dituen musika saioa. Mursegok musika egiteko txeloa, loop station-a, plater txinatarrak, enbolo-flauta, panderoa, ukelelea, autoarpa, errimak, txaloak, inprobisazioa eta ahotsa erabili ohi ditu.


Hirugarren urtez antolatu du aurten Haurreskolak Partzuergoak Familien Eguna. Lehen urtean esperientziak harrera bikaina izan zuela ikusita, festa giroko egun hau urtero ekaineko azken larunbatean antolatzea erabaki zuen Partzuergoak. Horrela bada, Partzuergoaren egutegian bere lekua egin duen festa giroko ekitaldi parte-hartzailea da. Haurraren garapenean, Haurreskolak eta familiak elkarrekin bat eginda doazenez, familiei hasi berri duten egun horretan merezi duten errekonozimendua ematea da egunaren asmoetako bat.

Haurreskolak Partzuergoa

Haurreskolak Partzuergoa 2003ko abenduan sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Nekazaritza sailak eta EAEko 31 udal partaide zirela. 234 haur eskola daude egun partzuergoan, Euskadiko 178 udalerritan. 2015-2016 ikasturtean 8.300 plaza eskaini ditu 0-2 urteko haurrentzat, eta 2016ko irailean berriz 8.400 ere eskainiko ditu. 1.200 hezitzaile eta beste 100 ordezko ari dira bertan lanean, eta sortu zenetik hona, 40.000 umetik gora pasatu dira Haurreskolak Partzuergotik.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @BilbaocityCity
    2016.eko ekainak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: El Consorcio #Haurreskolak celebra este sábado el III Día de las Familias en Vitoria-Gasteiz ➡ https://t.co/Z6hvHc1YFm

  • @BilbaocityCity
    2016.eko ekainak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: #Haurreskolak Partzuergoak Familien III. Eguna ospatuko du larunbatean Gasteizen ➡ https://t.co/i3la40vT6F https://t.co/nhaI19Q

Komunikabideek behera kargatzeko