
Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordea (2016/06/29)
- Gazteriako eta Kiroletako zuzendariaren agerraldia, Rebeka Ubera Aranzeta EH Bildu taldeko legebiltzarkideak egindako eskaerari jarraituz batzordeak eskatuta, azalpenak eman ditzan kirol-lehiaketan euskal esparrua garatzeko ekintza-planaren betetze-mailaren inguruan. (10\10\06\03\1189)
- Hizkuntza Politikarako sailburuordearen agerraldia, berak egindako eskaerari jarraituz batzordeak eskatuta, Administrazio publikoan euskararen erabilera normalizatzeko V. plangintzaldiari dagokionez (2013-2017), tarteko ebaluazioaren txostena aurkezteko. (10\10\06\03\1205)
V. PLANGINTZALDIKO (2013-2017) TARTEKO EBALUAZIOAREN TXOSTENAREN AURKEZPENA EUSKO LEGEBILTZARREAN
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanok agerraldia izan dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, V. Plangintzaldiko (2013-2017) Tarteko Ebaluazioaren Txostena aurkeztu dute biek. Gainera, hizkuntza eskakizunen esleipenerako irizpideak bateratzeko eta baloratzeko proposamena egin dute.
V. Plangintzaldiko (2013-2017) Tarteko Ebaluazio Txostena:
Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautu zen. Dekretu honen arabera, Euskal Herriko administrazioetan hizkuntza normalizazio prozesua hezurmami zedin, entitate bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta gauzatu behar izan zuen.
Hizkuntza normalizatzeko egitarauak burutzerakoan jarduerak denboran barrena antolatu ahal izateko, bost urteko iraupena izango duten plangintzaldiak ezarri ziren eta hizkuntz normalkuntzarako prozesuan herri-administrazioetako bakoitzerako ezarritako helburuak zein neurritan bete diren begiratu eta ebaluatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak txostena Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari igorri behar dizkio, bai plangintzaldi bakoitzaren hirugarren urtea betetakoan, bai plangintzaldi bakoitza amaitutakoan.
Aipatzekoa da, V. Plangintzaldiaren tarteko ebaluazio prozesua aurrera eramateko, iturri nagusia, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diseinatu eta erakunde guztien eskura jarri duen galdetegia dela, eta galdetegi honetatik ateratako datuak ekarri direla txostenera.
86/1997 Dekretuko 2. eta 3. artikuluetan zehazten den bezala, azterketa honetan EAEko herri administrazioak eta erakundeak ikertu eta jarraian azaldutako moduan sailkatu dira:
- Udalak
- Kuadrilak, mankomunitate eta partzuergoak
- Foru aldundiak eta batzar nagusiak
- Eusko Jaurlaritza eta bere erakunde autonomiadunak
- Eusko Legebiltzarra eta Arartekoa
- Euskal Herriko Unibertsitatea
- Herri Kontuen Euskal Epaitegia
- Lan Harremanen Kontseilua
- Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
- Uraren Euskal Agentzia
- Haurreskolak Partzuergoa
- Etxepare Euskal Institutua
- Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia
Txosten honek, aipatu erakundeetan hainbat adierazle neurtzen ditu. Besteak beste:
- Euskararen idatzizko erabilera arreta eta jendaurreko zerbitzuetan
- Euskararen ahozko erabilera arreta eta jendaurreko zerbitzuetan
- Lan bileretako ahozko erabilera
- Administrazioen arteko harremanetan ahozko eta idatzizko erabilera
- Hizkuntza eskakizunen betetze maila
- Erakunde ordezkarien hizkuntza gaitasuna
- Euskararen erabilera lan hizkuntzan
- Langile eta erakunde ordezkarien hizkuntza gaitasuna
Jarraian, Tarteko Ebaluazioaren ondorio nagusiak zehazten dira. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan du:
- “Azken ebaluazioa egin genuenetik, euskararen presentziak eta erabilerak gora egin dute –neurri diferenteetan bada ere– Administrazioaren esparru gehienetan, eta batez ere, hauetan: herritarrekiko ahozko eta idatzizko harremanetan, euskarazko dokumentuen sorkuntzan, eta langileen nahiz erakunde ordezkarien hizkuntza gaitasunean.
- Hala ere, oraindik ere hobekuntza tartea dago hizkuntza ofizialen erabilerarako irizpideen zabalkundean, herritarrekiko euskararen ahozko erabileran, eta beste zenbaitetan.
- Datuek agerian jartzen dute administrazioetan martxan jarri diren erabilera planen garrantzia eta eraginkortasuna. Han eta hemen zabalduta dauden plan horiek aukera bikaina ematen dute kasuan kasuko erakundearen ahuleziak eta indar-guneak identifikatzeko, eta baita ekintzak abian jartzeko ere, normalizazio-helburuak arian-arian bete daitezen.
- Horren guztiaren ondorioz, Administrazioa inoiz baino prestatuago dago, herritarrei euskarazko zerbitzua emateko eta euskaraz lan egiteko; nolanahi ere, bide luzea gelditzen da oraindik, baina herri-administrazioak aurrera doaz, urrats sendoz eta gelditu gabe.
- Orain arteko bost plangintzaldietan, erakundeen eskuetan egon da ebaluazioa; hurrengo plangintzalditik aurrera, ordea, ebaluazio hori kanpoko ebaluatzaileen esku geratuko da, eta horrek zehaztasun eta fidagarritasun handiagoa emango dio prozesuari. Kanpoko ebaluaziorako erabiliko den tresna BIKAIN da, eta hori dela-eta, hainbat moldaketa eta berrikuntza egin dira dekretuan, ziurtagiria sektore pribatuari ez ezik, sektore publikoari ere egokitzeko.
- Hemendik aurrera, ebaluaziorako egitura estandar eta egonkorra izango dugunez –Bikainena–, erabilera planen egitura ere lerrokatuta nahi dugu ebaluazioarekin, planen kudeaketari berari erraztasunak emate aldera. Beraz, hurrengo plangintzaldirako, plan eredu bat aurkeztuko dugu (diagnostikoa, plan estrategikoa eta urteko kudeaketa plana), EAEko sektore pribatu eta publikoko euskara plan guztien egitura eta metodologia aurreneko aldiz bateratzen saiatzeko”.