Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadik «Routes 2018» hautagaitza irabazi du

2016.eko ekainak 27
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

 

  • Aireko konektibitatearen inguruan Europan antolatzen den topaketarik garrantzitsuena Bilbon izango da, BECen, eta beste bi lurraldeetan ere jarduerak egingo dira
  • Epalza eta Aiz sailburuordeek Euskadirentzako aukera bikoitza dela nabarmendu dute, turismoari eta garraioari mesede egiten baitie

Europako aireko konektibitateari buruzko «Routes» topaketaren egoitza ofiziala izango da Euskadi 2018an. Erabaki hori hartu dute antolatzaileek Basquetourrek urrian aurkeztutako hautagaitza aztertu eta gero. Aurretik, bisita bat egin zuten Euskadira hotelak, ekipamenduak, baliabide turistikoak eta, oro har, helmuga turistikoa ezagutzeko.

Ekitaldi garrantzitsu hori Bilbon izango da, «Routesek» nahitaez eskatzen dituen baldintzak betetzen dituelako, nazioarteko aireportu bat eta BEC bezalako azpiegitura paregabe bat izatea, alegia. Nazioarteko kongresu garrantzitsu hori Euskadin gera zedin, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 350.000 euroko ekarpena egin dute, fee delako kuota finkoa ordaintzeko, eta ia milioi bat eurora iristen den beste kantitate bat ere ipini dute topaketa antolatzeko. Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia izan da ekitaldi hau Euskadira ekartzeko egin den lanaren buru, eta guztia kudeatzeaz zein antolaketarako laguntzaileak bilatzeaz arduratuko da.

Gainera, hautagaitzarekin batera estrategia global bat ere aurkeztu da, hiru aireportuen ezaugarriak eta kokalekua kontuan hartuta. Zentzu horretan, eta «Routes» topaketaren aurreko ekitaldietan ez bezala, gure hautagaitzak salgaien garraioa ere kontuan hartu da gure hautagaitzan, Euskadiko aireportuak eta portuetako azpiegiturak ezin hobeak direla uste baitugu.

Hautagaitzaren programa sozialari dagokionez, parte-hartzaileek gure herrialdeko hiru lurraldeak ezagutzeko bisitak ere antolatu dira, helmuga turistikoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten eta etorkizunean loturei buruzko erabakiak hartzeko irizpide egokiak izan ditzaten.

Aurreko beste edizioekin alderatuta beste aldaketa bat ere badago: garrantzia handia emango diogu ekitaldia gizartean ezagutzera emateari, euskal gizartea herrialdearentzako duen garrantziaz jabetu dadin. Gainera, ekitaldiaren jasangarritasuna azpimarratuko dugu, Euskadi turismo jasangarriaren erreferente bilakatzeko Eusko Jaurlaritzak duen estrategia jarraikiz. 

Foro horrek aire-sektoreko profesionalik garrantzitsuenak biltzen ditu: aire-lineak, aireportuak, helmuga turistikoak, turismo-erakundeak eta garraio-konpainiak.

Iaz Krakovian (Polonia) egindako «Routes Europa» topaketaren datuei erreparatzen badiegu, 2018ko Basque Country Routesera sektoreko 1.200 profesional inguru etorriko dira: 110 aire-linea, 300 aireportu, garraio- eta turismo-agintaritzak, guztiak maila goreneko txostengileak.

Basquetour hirugarrenez izan zen Routesen Krakovian, Marseillako eta Aberdeeneko bilkuretan parte hartu eta gero, eta Belfasten izango da 2017an. Izan ere, Euskadi posizionamendu-estrategia bat lantzen ari da helmuga turistiko lehiakor izateko, eta horretarako konektibitatea ezinbestekoa da.

Basque Country Routes 2018k Euskadiren posizionamendua hobetuko du nazioartean eta onura ekonomikoak ekarriko dizkio gure helmuga turistikoari. Aukera bikoitza da gure herrialdearentzat, gaurko aurkezpenean Itziar Epalza eta Toño Aiz sailburuordeek azaldu dutenez.

Epalza Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak nabarmendu du kongresu honek aukera emango digula munduari gure eskaintza aurkezteko: «Eusko Jaurlaritzak urte batzuk daramatza lanean intereseko merkatuekin dugun konektibitatea hobetzeko. Euskadik lotura garrantzitsuak lortu ditu azkenaldian erakundeen arteko lankidetzari esker, eta hori onuragarria da oso gure helmuga turistikoa lehiakorragoa izan dadin. Londres, Amsterdam, Zurich, Praga, Bartzelona, Norvegia, Frankfurt edo Munich izan dira lan honen lorpenik garrantzitsuenak».

Bestalde, Aiz Garraioetako sailburuordeak azpimarratu du oso garrantzitsua dela «munduko aireko joan-etorriak diseinatu eta kudeatzen dituztenei Euskadiko aireportuen potentziala erakustea. Era berean, Europako hego-mendebaldean dugun kokapen estrategikoa ere erakutsi nahi diegu, gure intermodalitatearen balio erantsiarekin; izan ere, portuak, errepideak, burdinbideak, plataforma logistikoak eta ondo prestatutako profesional ugari ditugu».

Eusko Jaurlaritzak aireportuen kudeaketa-eredu bat garatu du Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko, osagarritasuna eta «Aireportu bat, hiru terminal» printzipioa oinarri hartuta.

Indarrean dauden aireportuen kudeaketa-ereduetan oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoko aireportuen sistemarako planak lurraldeko hiru aireportuak hartzen ditu barnean: Hondarribia/Donostia; Loiu/Bilbo eta Foronda/Gasteiz.

Aizek nabarmendu zuen plana garatzerakoan jabetza, ustiapena, garapena eta tarifa-sistema kontuan izan direla. 

«Gure azpiegiturak, aireko trafikoa eta merkataritza-jarduerak ikusi eta ezagutuko dituzte hemen, tren, kamioi eta itsasontzi bidezko sistemen intermodalitatearekin batera. Gainera, garraio-azpiegituren loturetarako definitu dugun ereduak dakartzan aukeren berri emango diegu.

Euskadik Routesen esanahia aprobetxatu behar du, eta aukera honekin beste urrats bat eman behar dugu garapenean aurrera egiteko».

Bestalde, Neil Mulligan «Routesen» ordezkariaren hitzetan, «Bilbo eta Euskadi helmuga turistiko nahiko berriak dira, eta esperientzia kultural oparoak eskaintzen dizkiote bisitariari. Gure ordezkariak beti ari dira lanean esploratu beharreko merkatu berrien bila eta, ondorioz, poz-pozik jarriko dira iragarpen honekin: Bilbo hiri ezin hobea da Routes Europeren egoitza izateko».

 

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Basquetour_eus
    2016.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Europako aireko konektibitateari buruzko «Routes» topaketaren egoitza ofiziala izango da Euskadi 2018an ➡ https://t.co/81rtwql

  • @Basquetour_eus
    2016.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Euskadi será la sede oficial de “Routes” en 2018, el encuentro sobre conectividad aérea más importante de Europa ➡ https://t.c

  • @BEC_Bilbao
    2016.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Euskadi será la sede oficial de “Routes” en 2018, el encuentro sobre conectividad aérea más importante de Europa ➡ https://t.co

  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 27

    Comentario de Twitter:
    Euskadi será la sede oficial de “Routes” en 2018, el encuentro sobre conectividad aérea más importante de Europa ➡ https://t.co/iDjZ3OzYCQ

  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 27

    Comentario de Twitter:
    Europako aireko konektibitateari buruzko «Routes» topaketaren egoitza ofiziala izango da Euskadi 2018an ➡ https://t.co/81rtwqlR7e

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Routes”-eko ordezkariak, Neil Mulligan