Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak herrialdeek eta eskualdeek biodibertsitatearen zaintzan esku-hartze handiagoa izatea sustatuko du Bartzelonako nazioarteko biltzarrean

2016.eko ekainak 28

•          Alexander Botoren eta Iñaki Susaetaren interbentzioak

•          Garapen Jasangarriaren aldeko Eskualde Gobernuen Sareak (nrg4SD) antolatua

 

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, beste nazio-, eskualde- eta toki-gobernu batzuekin batera, Garapen Jasangarriaren aldeko Eskualde Gobernuen Nazioarteko Biltzarrean parte hartuko du. Bartzelonan izango da, ekainaren 30ean. Kataluniako Generalitateak eta Garapen Jasangarriaren aldeko Eskualde Gobernuen Sareak (nrg4SD) antolatu dute.

 

«Biltzarrean nazioarteko eztabaida- eta elkarrizketa-foro bat izango da, herrialdeek eta estatu-mailaz azpiko gobernuek Biodibertsitateari buruzko Hitzarmena aplikatzerakoan jokatzen duten paperari buruz», esan du Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendari Alexander Botok. Zuzendaria biltzarrean egongo da EAE ordezkatuz.

 

Nazioarteko biltzarraren leloa «Eskualdeak dibertsitatearen alde: Aichiko helburuak lortzea» izango da. Maila guztietako gobernuetako ordezkariak bilduko ditu, tokiko, eskualdeko, nazioko eta gobernuarteko goi-mailako ordezkariak barne. Parte-hartzaileek, bereziki, biodibertsitatearen gobernamendu globalaren inguruan eztabaidatuko dute, eta gobernu-maila guztiek modu koordinatuan eta eraginkorrean lan egiteko moduari buruz.

 

Hitzaldietan aztergai izango dute eskualdeek biodibertsitate biologikorako Aichiko helburuak nola bete ditzaketen. «Helburua dibertsitate biologikoaren galera geldiaraztea da, 2020rako ekosistemak erresilienteak izan daitezen eta funtsezko zerbitzuak ematen jarrai dezaten, planetaren bizitzaren barietatea bermatuz eta gizakiaren ongizateari eta pobrezia errotik kentzeari lagunduz», esan du Alexander Botok.

 

Biltzarrak bat egingo du Garapen Jasangarriaren aldeko Eskualde Gobernuen Sarearen (nrg4SD) urteko Batzar Nagusiarekin. Batzar hori Kataluniako hiriburuan izango da, uztailaren 29an eta 30ean, eta estatuak, herrialdeak eta eskualdeak elkartuko dira, haien artean, Eusko Jaurlaritza.

 

«Biodibertsitaterako Eskualdeen Nazioarteko Biltzarrean eskualdeek arlo horretan izandako esperientziak aztertu eta aurkeztuko dira. Jardunbide egoki horiek egingo diren hausnarketekin elkartuta, jarrera komun bat sortzeko balioko digute. Jarrera hori nrg4SDren Batzar Nagusian aurkeztuko dugu, eta abenduan Cancunen egingo den hurrengo Biodibertsitateari buruzko Munduko Goi-bileran (COP13) berretsi eta aurkeztuko da», zehaztu du Alexander Botok.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Susaeta