Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
qrcode

Juanjo Menak Euskadiko Ikasleen Orkestra eta Jove Orquestra de Catalunya zuzenduko ditu, Vic-en eta Donostian

2016-06-22
  • Euskadiko eta Kataluniako 125 musikari gaztek hartuko dute parte bi orkestrek elkarlanean antolaturiko proiektuan
  • Kontzertuak: ekainaren 30ean Vic-en (Bartzelona) eta uztailaren 1ean Victoria Eugenia Antzokian

EIO-Euskadiko Ikasleen Orkestra osatzen duten musikari gazteetatik 60 inguru maletak eta musika-tresnak prestatzen hasita daude, ostiral honetan, ekainaren 24an, Kataluniara abiatzeko prest. Izan ere, uda honetako kontzertu-zikloa goi mailakoa izango da Euskadiko Musika Eskola eta Kontserbatorioetako ikasleek osatzen duten orkestra honentzat. Kontzertua eskainiko dute Vic-en (Bartzelonan) ekainaren 30ean, eta Donostian hurrengo egunean, kasu bietan ere eskenatokian lagun dutela. Gainera, Juanjo Mena orkestra-zuzendari gasteiztarra izango dute zuzendari, BBC Philarmonic-en egungo zuzendaria.

Lehen aldia da hau EIOrentzat gisa honetako partekatu batean parte hartzen: EIOk eta JONC-ek elkarrekin landutako proiektua. Antzeko helburuak dituzten bi gazte-orkestra dira: orkestran jotzen ikastea eta, musikaren baloreen bitartez, norberaren garapen pertsonala lortzea.

Baina kontzertu hauetan daukaten onena eman ahal izateko, euskal eta kataluniar musikari gazteek lan-agenda oparoa osatuko dute elkarrekin: klase eta entseguz beteriko aste intentsiboa Vic-eko L´Atlàntida Auditorioan. Irakasle bikainez osaturiko talde baten laguntzaz, hilaren 25ean hasiko dira entseguak, eta ez dute etenik izango hilaren 30eko azken entsegua burutu arte, kontzertua baino ordu batzuk lehenago. Ondoren, uztailaren 1ean, Donostiara etorriko dira denak, Victoria Eugenian kontzertua eskaintzeko. Juanjo Mena orkestra zuzendaria hilaren 26an batuko zaie entseguetara musikari gazteei.

Topaketa berezi honetan, musikari gazteek sinfonismoan adierazgarria den obra bati aurre egin beharko diote, teknikoki eta musikalki oso zaila den obra bat: Berliozen Sinfonia Fantastikoa. Obra hori interpretatzeko, EIOk eta JONCek Juanjo Menaren zuzendaritzapean aritzeko zortea dute. BBC Philarmonik orkestraren zuzendaria da egun Mena, eta berriki Berlingo Filarmonikoa zuzendu du, zuzendari gonbidatu gisa. EIO eta JONC-k elkarrekin garatutako proiektu honen batuta hartuta, musikari gazteen formazio-proiektuekiko konpromisoa erakusten du berriro ere zuzendari gasteiztarrak.

Udako oporrak hartu berri direla, entsegu eta musika-kontuetatik harago, Katalunian emango dituzten egunak elkarbizitzarako aukera ere bihurtuko dira euskal eta kataluniar musikari gazteentzat. Ordu luzez, elkarrekin arituko dira 125 musikari gazte Vic-eko Auditorioan, eta hiri horretako seminarioan egingo dute egonaldia.

KONTZERTUAK:

   -ekainak 30   L´Atlàntida Auditorioa. Vic (Barcelona)

   -uztailak 1     Victoria Eugenia Antzokia. Donostia

EGITARAUA:

    Berliozen

         Sinfonia Fantastikoa

             1. Rêveries – Passions

             2. Un Bal

             3. Scène aux Champs

             4. Marche au supplice

             5. Songe d’une Nuit du Sabbat   

    Zuzendaria:  Juanjo Mena

 

Zer da EIO?

EIO Euskadiko hiru hiriburuetako Musika Kontserbatorioetako eta Musika Eskoletako ikasleek osatzen dute. 15 eta 18 urte bitarteko 90 neska-mutil, probak gainditu ondoren EIOra sartu direnak. Beste hitz batzuekin esanda, 18 urtetik beherakoen Euskadiko Orkestra Gaztea litzateke. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren hezkuntza-proiektua da EIO, duela hamar urte abian jarritakoa, eta helburu nagusia Musika Kontserbatorioetako eta Eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketa eskaintzea duena. Batetik, EIOk ikasleen motibazioa piztu nahi du, musika ikasketekin jarrai dezaten; eta bestetik, Kontserbatorioetan ikasleek landu ezin izango luketen errepertorio sinfoniko zabala jotzeko aukera eman.

EIO orkestrak Euskadin ez ezik, Zaragozan, Madrilen, Bartzelonan, Frantzia, Belgikan, Venezuelan eta Kolonbian ere kontzertuak eman ditu. Bere zuzendariak Maite Aurrekoetxea, Roberto Nuño eta Diego Martin izan dira, eta Iker Sanchez azken 5 urteetan izan du zuzendari musikala.

JONC

Kataluniako Gazte Orkestra Nazionala 1993ko irailean jaio zen Kataluniako Gazte Orkestra Sinfonikoa (JOSC)  izenarekin.  1999ra arte ez zuen gaur egun duen izena hartu, JONC.  Orkestra Josep Ponsen zuzendaritzapean egon zen sorreratik 2001era arte, Manel Valdivieso jaunak zuzendaritza artistikoa bere gain hartu zuen arte. 

Bere sorreratik JONC-en helburu nagusiak izan dira: musikari katalan gazteen orkestra formakuntza orokorra sustatu, musikari gazteak bizitza laboralean integratzen lagundu eta publiko berria hezten eta aberasten lagundu. 

Juanjo Mena (Gasteiz, 1965)

Ibilbide profesionala Euskadin hasi zuen Juanjo Menak: Euskal Herriko Gazte Orkestrako zuzendaria (1997), Euskadiko Orkestrako zuzendari kidetua eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra 1999 eta 2008 urteen artean. Bilboko orkestrako titulartasuna utzi zuenetik, Juanjo Menak ondo pentsatutako erabakiak hartu ditu mailaz-maila gora egiteko: Bergengo (Norvegia) Orkestra Filarmonikoko zuzendari gonbidatu nagusia, Genoako (Italia) Carlo Felice Antzokiko zuzendari gonbidatu nagusia eta Manchesterren egoitza duen BBC Philarmonic orkestrako zuzendari titularra 2010 urtetik aurrera. BBC Philarmonic orkestrarekin hainbat bira egin ditu Alemanian, Austrian, Espainian, Eslovenian, Hego Korean, Hungarian, Kroazian eta Txinan, eta Londresko BBC Proms izentsuetan parte hartu ohi du.

Orkestra bateko titulartasunari dagozkion erantzukizunei muzin egin gabe, zuzendari lanetarako gonbidatu izan dute Juanjo Mena mendebaldeko orkestra garrantzitsuenek, besteak beste, Osloko Filarmonikoak, Frantziako Orkestra Nazionalak, Toulouseko Kapitolioko Orkestrak, Milango Scalako Orkestra Filarmonikoak, RAIren Orkestra Sinfoniko Nazionalak, Municheko Irratiko Orkestrak, Dresdeko Filarmonikoak, Danimarkako Orkestra Sinfoniko Nazionalak, eta berriki, Berlingo Filarmonikoak. Estatu Batuetan aurrenekoz Baltimoreko Sinfonikoarekin 2004an aritu zenetik, Estatu Batuetako orkestra garrantzitsuenek maiz gonbidatu dute.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @josebapdh
    2016-06-23

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Juanjo Mena dirigirá la Euskadiko Ikasleen Orkestra y la Jove Orquestra de Catalunya, en Vic y en Donostia ➡ https://t.co/xxN05

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)