Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Martín Berasategui, Modesto Lomba, Edurne Pasaban eta Miguel de la Quadra-Salcedo, besteak beste, 'Euskadiko enbaxadore' izango dira

2010.eko urriak 04

Eusko Jaurlaritzak www.euskadisaboreala.es web-orri berria jarri du martxan, Euskadiren lagun guztien bilgunea

Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismoko sailburuordea Pilar Zorrillak "Euskadiko enbaxadoreak" kanpaina berria aurkeztu du gaur, Turismoko zuzendari Isabel Muelarekin eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Ana Izaguirrerekin batera.

Euskaditik kanpo bizi diren euskaldunak betidanik izan dira Euskadiko enbaxadore bikainak. Harrerako lur berrira erraz moldatzen dira pertsona horiek, baina atzean utzitako lurrarekin maiteminduta jarraitzen dute. Bestetik, gurera etorri direnen artean ere hainbat enbaxadore bikain izan ditugu, beren jatorrizko herrialdeetan ezin hobeto hitz egin dutelako gure gastronomia bikainari buruz, gure kultura eta tradizio bereziei buruz, gure izaerari buruz eta abar.

Horixe da, hain zuzen ere, uztailean abiatu zen "Euskadiko enbaxadoreak" kanpaina berriaren ardatza: parte-hartzean oinarritutako kanpaina izan nahi du, Euskadi maite duten guztientzat irekia, nongoak diren edo autonomia-erkidegoan bizi diren edo ez kontuan hartu gabe.

Eusko Jaurlaritzaren ekimen berria teknologia berriei lotuta dator, eta horixe da, hain zuzen ere, ekimenaren berritasun nagusia. www.euskadisaboreala.es / www.euskadigozaezazu.net web-orriari esker, edozein pertsonak, munduko edozein tokitatik, Euskadin izandako esperientziak, ateratako argazki eta bideoak eta abar parteka ditzake. Azken batean, edozein senti daiteke "Euskadiko enbaxadore".

Ariketa esperimentala eta berria da, edukiak enbaxadoreen esku jartzen dituena, kanpainaren benetako protagonistak diren heinean.

Hasteko, kanpaina pertsona guztiengana ireki zen. Eta, uztailetik aurrera, Euskadiko 1.800 lagunek baino gehiagok "enbaxadorearen" titulua lortu dute. Gainera, 100.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute web-orria.

Enbaxadore ezagunak

Oraingo honetan, pertsona ezezagunez gain, nazioartean ospe handia lortu duten beste hainbatek ere parte hartu nahi izan dute kanpainan, modu guztiz altruistan gainera.  Martín Berasateguik, Modesto Lombak, Edurne Pasabanek eta Miguel de la Quadra-Salcedok bat egin dute ekimenarekin, orain artean.

Bakoitzak bere esperientzia eta oroitzapenen berri eman du, eta bere toki gogokoenak erakutsi dizkigu, eta hori guztia jasota geratu da web-orria bisitatzen duten guztiei ongietorria ematen dien bideoetan. Laster, kulturaren, kirolaren edo gastronomiaren munduko beste hainbat aurpegi ezagunek bat egingo dute "enbaxadoreen" zerrendarekin.

Interneten web-orriaz gain, Facebooken ere beste bilgune bat sortu da, hain zuzen ere "Ni ere Euskadiko enbaxadorea naiz" taldea. Gizarte-sare horiek indar handia hartu dute gaur egun, eta horregatik pentsatu dugu funtsezkoa dela haiekin bat egitea Euskadiren irudia hedatzeko.

Euskadiko "enbaxadoreak" beste hainbat euskarritan ere egongo dira ikusgai, hala nola Madrilgo, Bartzelonako eta Bilboko eraikinetako fatxadetako olanetan, Madrilgo, Bartzelonako eta Valentziako metroetan, Donostiako Gasteizko, Burgosko, Leongo, Alacanteko, Iruñeko, Logroñoko, Salamancako eta Zaragozako markesinetan, prentsa nazionalaren zenbait komunikabidetan eta Interneteko beste euskarri batzuetan.

Datozen egunetan beste zenbait ekintza antolatuko dira Euskadiko turismoa sustatzeko, kanpainaren osagarri. Horren haritik, Jaurlaritzak Europako zenbait hiritan, Londresen edo Milanen adibidez, beste zenbait ekintza antolatuko ditu Euskadiko baliabide turistikoak ezagutzera emateko.

Euskadiko turismoaren urterik onena

"Euskadiko enbaxadoreak" kanpaina Euskadiko turismoaren urterik onenean antolatu da. Eustat Estatistikaren Euskal Institutuak erregistratutako azken datuen arabera, 2010eko abuztua izan da Euskadin inoiz turista gehien (266.000) sartu diren hilabetea. Guztira, urtarriletik milioi eta erdi pertsonak bisitatu dute autonomia-erkidegoa, goranzko joera berresten duena.

Azken 14 hilabeteetan turismoak gora egin du Euskadin, etengabe; 2010ean, turisten sarrera % 13 hazi zen, eta gaualdi kopurua, berriz, % 12.

Eusko Jaurlaritzak Marketin Plan berri bat onartu du aurten, azken hilabeteetan izandako emaitzen arabera eraginkorra izaten ari dena. Euskadiko baliabide turistikoak sustatzeko modu berri bat ekarri du plan horrek, teknologia berrien alde eta produktu jakin batzuk -gastronomia eta enologia, hiri-ihesaldiak, negozio-turismoa eta natura, besteak beste- indartzearen alde apustu irmoa eginez.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 4a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismoko sailburuordea Pilar Zorrillak ,Isabel Muela (Turismoko Zuzendaria) eta Ana Izaguirre (Basquetoureko Zuzendaria)