Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Milioi bat euro gehiago unibertsitateaz kanpoko beketetarako, 2015-2016 ikasturtean (Gobernu Bilera 2016-06-21)

2016.eko ekainak 21

2015-2016 ikasturte honetan aurrekoan baino 1.148 ikasle bekadun gehiago daude, eta 2.045 beka gehiago eman dira.

Kopuru-handitze honek bermatzen du baldintzak betetzen dituen familia orok laguntza jasoko duela.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2015-2016 ikasturtean unibertsitatez kanpoko ikasleak eskolatzeko diru-laguntza eta beken deialdiaren diru-kopurua 1.000.000 euroan handitzea baimendu du. Horiek horrela, aipatutako ikasturterako unibertsitateaz kanpoko beketara bideratutako diru-kopurua, 2015eko irailaren 2ko Aginduaren bidez onartua izan zena, 54 milioi eurokoa izatetik 55 milioi eurokoa izatera pasa da.

Hirugarren urtez segidan aurten, eta baldintzak betetzen dituen familiarik ez dela bekarik jaso gabe geldituko ziurtatzeko konpromisoari jarraiki, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak unibertsitatez kanpoko beketarako bideratzen duen diru kopurua handitu du. Laguntza hauek arautzen dituen Aginduak berak (2015eko irailaren 2ko Agindua, 2015eko irailaren 17ko EHAAn argitaratua) jasotzen du asmo honetara bideratutako diru-kopurua handitzeko aukera, baldin eta onartutako eskaeren kopuruak aurreikuspena gainditzen badu.

2015-2016 ikasturte honetan Euskadin 127.432 ikasle bekadun izan dira unibertsitatez kanpoko ikasmailetan, aurreko ikasturtean baino 1.148 gehiago, eta 192.054 beka eman dira, iaz baino 2.045 gehiago. Diru-laguntza horietan honako osagai hauek egon ohi dira: irakaskuntza, joan-etorria, egoitza, eskola-materiala eta jantokia. Emandako beka-kopuruan izan den igoera, eta ikasle bekadun gehiago izatea dira beketarako diru-kopurua handitzeko arrazoia. 

 

Orotara, unibertsitatez kanpoko beketarako

2013-14 ikasturtea

53.051.908€

2014-15 ikasturtea

54.400.000€

2015-16 ikasturtea

55.000.000€

 

Eusko Jaurlaritzak 2015-2016 ikasturte honetan unibertsitatez kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta laguntzetarako bideratzen duen 55 milioiko kopuruak ia bi milioi euroko igoera esan nahi du 2013-2014koarekin alderatuz gero. Datu honek, gainera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikasle guztiek hezkuntzarako eskubidean aukera berberak izan ditzaten egiten duen ahalegina erakusten du, familiaren egoera ekonomikoa zailtasun gehigarri bat izan ez dadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko