Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzaren iritzian, ez da behar hezkuntza sisteman euskararen erabilera arautuko duen lege espezifikorik (Gobernu Bilera 2016-06-21)

2016.eko ekainak 21

EH Bilduri gogorarazi dio dagoeneko badagoela hezkuntza-esparrua barne hartzen duen euskararen arloko lege bat, adostasun sozial eta politiko zabal baten fruitu dena eta euskara indarberritzeko aukera eman diguna.

Orain, aldaketarik eginez gero, adostasun ahalik eta zabalena lortu behar da, bizikidetzaren hobebeharrez eta euskararen sustapenean aurrera egiteko.

Gobernu Kontseilua EH Bildu legebiltzar-taldeak proposatutako «unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sisteman hizkuntzei ematen zaien tratamenduari» buruzko lege-proposamena aintzat hartzearen aurka agertu da.

Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri du dagoeneko bi legek arautzen dutela arlo hori: 1/1993 Legea, Euskal Eskola Publikoarena, eta 10/1982 Legea, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa. Azken hori euskararen berariazko legea da, orain 30 urte onartu zena adostasun sozial eta politiko handi bati esker. Euskara sustatzeko politiken bizkar-hezurra da, eta aldatzekotan nahitaez behar da adostasun ahalik eta zabalena, bizikidetzaren hobebeharrez eta euskara modu eraginkorrean indarberritzen jarraitzeko.

Eusko Jaurlaritzaren ustean, EH Bilduren ekimenak hizkuntza-murgiltze eta -esposizio intentsiboa ezartzea du helburu, gaur egungo araudiaren bidez, araudi berria sortu barik, hori dagoeneko posiblea dela kontuan hartu gabe.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri du egungo hizkuntza-ereduen sistema ez dela sistema itxi eta zurrun bat, etengabe eraldatzen dena baizik, ikasleen premietara egokitzeko.

EUROPAKO ESPARRUA

Gainera, Eusko Jaurlaritzak berretsi duenez, EH Bilduren ekimenak Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren irakurketa okerra egiten du, horretan oinarritzen delako lehen eta bigarren hezkuntzan, lanbide-heziketan eta unibertsitatean hezkuntza hizkuntza gutxituan egitearen betebeharra ezartzeko. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, Europako Kartak euskarazko irakaskuntza maila guztietan eskaini ahal izatea aipatzen du –Euskadin D ereduak bermatzen duena–, ez hori izan behar denik aukerako eredu bakarra.

Azkenik, Jaurlaritzaren iritzian, ez da egokia Europako Hizkuntzen Esparrua erabiltzea hezkuntzako hizkuntza-helburuak zehazteko eredu bakar gisa, esparru hori helduek bigarren hizkuntza (nagusiki, atzerrikoren bat) ikasteko prozesuak sustatzeko eta zehazteko sortu zen-eta. Horrenbestez, ez dago bideratuta hezkuntza-sistemetako «irakaskuntza-hizkuntzen» ikaskuntza-prozesuetara.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 21

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzaren iritzian, ez da behar hezkuntza sisteman euskararen erabilera arautuko duen lege espezifikorik➡ https://t.co/FpDLfWNkj7

  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 21

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno cree que no es necesaria una ley específica para regular el uso del #euskera en el sistema educativo ➡ https://t.co/4xeWimQLfu

Komunikabideek behera kargatzeko