Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztuko du Konstituzio Auzitegian, Espainiako Gobernuak enpleguko politika aktiboen gaineko eskumena inbaditu duelako beste behin ere (Gobernu Bilera 2016-06-21)

2016.eko ekainak 21

Legegintzaldi honetan Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegian errekurtsoa aurkeztu duen bostgarren aldia da, guztiak ere Espainiako gobernuak ez duelako errespetatu LANBIDEk langabezian dauden pertsonak kontratatzeko pizgarrien plangintza eta kudeaketa egiteko duen eskumena. 

Eusko Jaurlaritzak salatu duenez, Espainiako gobernuak Gernikako Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoaren araubidea mespretxatzeaz gain, bere aldebiko akordioak ere urratzen ditu, Eskadiko eta Estatuko aldizkari ofizialetan argitaratu arren.

Eusko Jaurlaritzak errespetua eskatu du Enpleguko Politika Aktiboentzat, bitarteko funtsezko denez Euskadiko ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko plangintzan.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du konstituziokontrakotasun-errekurtsoa aurkeztea, 1/2016 Errege Lege-dekretuak, apirilaren 15ekoak, Enplegua Aktibatzeko Programa luzatzen duenak eskumenak urratzen dituelako. Beste behin ere, Espainiako Enplegua Sustatzeko Politika Aktiboak kudeatzeko eta gauzatzeko Euskadiri 2010ean eskualdatutako eskumena urratu ditu eta eskumenen finantziazioa Kontzertu Ekonomikoaren bidez ez du kontuan hartzen.

Eskumenen azken urraketa hori bereziki larria da Eusko Jaurlaritzarentzat, hiru arrazoi hauengatik:

Lehen ere behin baino gehiagotan egin duelako. Bostgarren aldia da legegintzaldi honetan Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztu duena Konstituzio Auzitegian, bi aldeen artean itundu eta 2010ean eskualdatutako eskumen horren urraketa dela kausa. Arrazoi berdinen ondorioz aurkeztu dira errekurtso hauek: 

  • 16/2014 Errege Lege-Dekretua, abenduaren 19koa, enplegua suspertzeko programa arautzen duena.
  • 1/2013 Errege Lege-dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena.
  • 2/2012 2012rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legea.
  • 17/2012 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legea (bietan, PLAN PREPARA izeneko programaren laguntza ekonomikoaren kudeatzeko eta finantziatzeko ahalmena Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari ematen zaio ).

Ez duelako Kontzertu Ekonomikoa errespetatzen. Pizgarriak finantzatzeko Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko aurrekontuen bidez sistema bat sortzen du, Kontzertu Ekonomikoaren araubidea kontuan hartu barik.

Espainiako gobernuak bere akordioak ere mespretxatzen dituelako. Lege honek baztertu egiten du pasaden urtean erdietsitako aldebiko ituna, Estatuko eta Euskadiko aldizkari ofizialetan argitaratu zena, eta Lanbidek enplegua sortzeko hobariak eta pizgarriak aplikatzeko eskumena duela zehazten zuena. Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskadiren arteko Lankidetzarako Aldebiko Batzordearen erabaki hark, 2015eko urriaren 30ean argitaratu zenak, Espainiako bi lege interpretatzea zuen xede: 1/2015 Errege Lege-dekretua, otsailaren 27koa, bigarren aukerako mekanismoari, finantza-zama murrizteari eta arlo sozialeko beste neurri batzuei buruzkoa, (baliozkotua eta onartuta uztailaren 28ko 2015/15 Lege gisa), eta 18/2014 Legea, urriaren 15ekoa, hazkundea, lehiakortasuna eta eraginkortasuna sustatzeko premiazko neurriak onartzekoa.

Eusko Jaurlaritzak Enpleguko Politika Aktiboak eta Kontzertu Ekonomikoaren bidez pizgarrien finantziaketa errespetatzea eskatu dio Espainiako gobernuari, batez ere egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, bi bitarteko funtsezko direlako Euskadiko ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko plangintzan.

1/2016 ERREGE LEGE-DEKRETUA

1/2016 Errege Lege-dekretuak Espainiako gobernuaren bi programa luzatuko ditu, enplegua sortzeko pizgarriak barne hartzen dituztenak. Eusko Jaurlaritzaren ustean, bi programa hauek: Enplegua Aktibatzeko Programa eta langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen Lanbide-Prestakuntza Programa enplegua sustatzeko laguntzak dira, Lanbidek kudeatu behar dituenak, Kontzertu Ekonomikoaren arabera finantzatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko