Berriak Kultura
Eu

KIMUAK 2010 katalogoaren aurkezpena

2010.eko urriak 04

Bilboko Alhondigan aurkeztu da gaur Kimuak 2010 egitasmoa osatzen duten film laburrak. Horrez gain, Kimuak 2008 eta 2009 egitasmoek izandako emaitzaren balantzea egin da.

Prentsaurrekoan izan dira: Blanca Urgell, Kultura sailburua, Mikel Arregi, Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Asier Altuna, Artalde filmaren zuzendaria, Angel Aldarondo, Ondar ahoak filmaren zuzendaria, Imanol Gómez de Segura, Khorosho (Todo bien) filmaren produktorea, Quique García, Daisy Cutter-en zuzendaria, eta Txema Muñoz, KIMUAK-eko koordinatzailea.

Urgellek adierazi du kulturaren eta zinemaren balio eta garrantzian sinisten dutela: "Uste dugu Kimuak egitasmoa zuzendari berrien mintegi bikaina izan daitekeela, horregatik ziur gaude datorren urtean ere film laburren uzta oparoa jasoko dugula, baina ordurarte, hona hemen zuen eskura eta zuen atseginerako 2010eko uztaren azken emaitzak".

Edizio hau Kimuak ekimenaren hamahirugarrena izan da, hortaz, sendotuta dagoen programa da, harrera bikaina eta arrakasta handia duena eta herrialde honetako zein nazioarteko film laburren arloan erreferentzia du.

Aurkeztutako 76 laburretatik (errekorra orain arte) Kimuak 2010 katalogoa bederatzi film laburrek osatzen dute: Ámár, Isabel Reguerarena; Artalde, Asier Altunarena; Daisy Cutter, Enrique García eta Rubén Salazar; Exhibition 19, Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe; La gran carrera, Kote Camacho; Khorosho (Todo bien), Miguel Ángel Jiménez; Un novio de mierda, Borja Cobeaga; Ondar Ahoak, Ángel Aldarondo; eta El Premio, León Siminianirena.

Beste urteetan bezala, aniztasuna da nagusi katalogo berri honetan: euskara, gaztelera, poloniera eta errusieraz egindako laburrak daude eta horrez gain, drama, komedia, zinema esperimentala, hainbat fikzio modu, eta batez ere, animaziozko laburrak daude.
Aurtengo beste elementu azpimarra garri bat emakumeek zuzenduriko bi film laburren presentzia da: Ámár (Isabel Herguera) eta Exhibition 19 (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe). Horrez gain, aurten ere programan ezagunak diren izenak aurkituko dira Kimuak 2010 ekimenean (Isabel Herguera, Asier Altuna, Borja Cobeaga), baita lehenengo aldiz parte hartzen dutenak ere: Enrique García, Ruben Salazar, Alaitz Arenzana, María Ibarretxe, Kote Camacho, Miguel Ángel Jiménez, Ángel Aldarondo eta León Siminiani.

2008ko eta 2009ko Kimuak programaren balantzea

1998an sortua, Eusko Jaurlaritzaren programa hau Kultura Sailaren eta hainbat elkarteren lankidetzari eta lanari esker garatu da. KIMUAK-en helburua Euskadin produzitutako film laburrak bultzatzea eta hedatzea da. 2005eko edizioaz geroztik, programa hori Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatzen du.

Kimuak 2008ko film laburrek oihartzun handia izan dute jaialdietan, aurreko urteetan baino handiagoa. Guztira, film labur hauek 1.025 aldiz hautatu dituzte jaialdietan, horietatik 426 Espainiako jaialdietan izan dira, 347 Europako gainerako herrialdeetan eta 252 beste kontinente batzuetan egindako ekitaldietan. Filmek, guztira, 169 sari irabazi dituzte.

Kimuak 2009 katalogo lanei dagokienez, gaurko egunera arte 770 aldiz hautatu dituzte. Desberdintasun aipagarrienetako bat Europako jaialdietako (290) eta beste kontinenteetako (189) parte hartzea da, Espainiako jaialdietako parte hartzeekin alderatuta (291). Orain arte, lanek 85 sari eskuratu dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell