Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritza gizarteratze-arloko politika publikoei araudi-estaldura ematearen alde dago.

2016.eko ekainak 20

Eusko Jaurlaritza gizarteratze-arloko politika publikoei araudi-estaldura ematearen alde dago. Hori da ondorio nagusia, presoak gizarteratzeko lege-prozesuen gaineko Hitzeman programaren baitan 2015eko martxotik aurrera abian jarritako esperientzia pilotuaren ondotik.

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernándezek dekretu-proiektuaren oinarriak aurkeztu ditu Donostian Justizia Leheneratzailearen eta Terapeutikoaren Europako Kongresuan.

Justizia leheneratzailea da delitu batek eragindako kalteak ahal den neurrian konpontzeko erabil daitezkeen hitzak edo ekintzak identifikatzeko aukera ematen duen prozesua. Fernándezen arabera, biktimak gaur egun justizia konpontzailearen bidez lor dezakeen ekintza nagusia da «kaltegileari entzutea egindakoak ez zuela justifikaziorik, ezta biktima bakoitzaren biziak baino balio handiagorik ere».

Aurkeztu berri den arau-proiektua giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen eta justizia leheneratzaileari loturiko Europako korrontearen arloan dago. Bi alderdi nagusi ditu: gizarteratzea eta birgizarteratzea. Laguntza gizarteratze-ibilbidean eta espetxealdi osteko birgizarteratzean.

Gizarteratze-prozesua presoa espetxean dagoela hasiko da, eta, zehazki, terrorismo-delituen ondoriozko zigor pekoei zuzenduta dago. Izan ere, araudiak berak betekizun desberdinak ezartzen ditu kasu horietan. Bestalde, birgizarteratzeko emandako laguntza preso guztiei zuzenduta dago, edozein dela ere zigorra eragin duen delitua, eta, nagusiki, espetxealdi osteko fasean zertzen da.

Aurrekariak

Eusko Jaurlaritzak 2013an Bakegintza eta Bizikidetarako Plana onartu zuen, 18 ekimenekin. Haien artean zortzigarrenean, presoak birsozializatzeko prozesu legalak errazteari begirako programa bat garatzea aipatzen zen.

2014ko urrian, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak «Hitzeman» dokumentua aurkeztu zuen, eta bost hilabeteko epea jarri zuen ekarpenak biltzeko. Prozesu horren ondorio nagusia izan zen esperientzia pilotu fase bati hasiera emateko beharra zegoela.

2015eko martxotik, pilotaje-lan bat egin da bi alderditan: legelari eta aditu talde batek gizarteratze-prozesuen segimendu-protokolo bat egin du, eta Jaurlaritzako sailarteko mahai batek, berriz, kasu praktikoen bidez aztertu ditu espetxealdiaren osteko gizarteratze-prozesuak, laguntzari erreparatuta.

Laguntza gizarteratze-prozesuetan

Aholku-batzorde batek lagunduko ditu terrorismo-delituengatik kondenatuta dauden eta zigor-legea errespetatuz bizitzeko asmoa eta gaitasuna egiaztatzeko aukera emango dien ibilbidea egin nahi duten presoak. Batzorde hori arduratuko da prozesuaren segimenduaz eta, dagokionean, aldeko edo aurkako gizarte-pronostikoa emango du.

Gizarteratzearen aldeko txostenean, egiaztatuta geratu beharko da programan parte hartzen ari denak bakegintza eta bizikidetzarekin konpromisoa hartu duela, eta giza eskubideen iraganeko, oraingo edo etorkizuneko urraketa oro arbuiatzen duela, biktimei eragindako errekonozimendu kritikoa adierazteaz gain.

Txosten horretan oinarrituta, irizpen bat helaraziko dio Eusko Jaurlaritzak espetxeko tratamendu-batzarrari, bai eta espetxe-zaintzako epaitegiari ere. Presoak txosten hori erabili ahal izango du, espetxe-graduetan aurrera egiteko eskaerekin eta gizarteratzeko beste edozein neurri hartzeko eskaerarekin batera, aditu-froga gisa.

Espetxealdi osteko birgizarteratzea

Dekretu-proiektuak ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako espetxealdi osteko birgizarteratzea laguntzeko programa garatuko du, preso guztiei zuzendua. Horretarako, leihatila bakarra ezarriko du. Zerbitzu horren bidez, edozein presok, preso ohik edo espetxetik ateratzeko bidean dagoen edozein pertsonak eskuratu ahal izango du informazioa Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, etxebizitza-zerbitzua, prestakuntza-, osasun- edo gizarte-baliabideak lortzeko baldintzei buruz.

Programak espetxetik atera diren pertsonei eskainiko die kolektibo ahulei edo bazterketa-arriskuan dauden kolektiboei dagozkien beste pertsonei eskaintzen zaien aukera-berdintasun bera. Laguntza-prestazioak honako presoei emango zaizkie bakarrik: espetxetik ateratakoan, haien bizitza askatasunean berregiteko nahikoa baliabide ez dutela egiaztatzen duten eta prestazio bakoitzerako ezarritako baldintzak betetzen dituzten presoei.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau