
Euskararen Txantxangorriak euskaltegiekin bat egin du eta euskaltegiek Txantxangorriarekin bat egin dute
Prentsaurrekoan, euskaltegien eta barnetegien udako eskaintzaren berri emateaz gain, Euskararen Txantxangorriaren abestia ere aurkeztu da
Euskararen Txantxangorriak euskaltegiekin bat egin du gaur goizean Donostiako Miramar Jauregian egin den prentsaurrekoan. Honetaz gain, euskaltegien (Udal Euskaltegiak, Batuz, IKA, AEK eta Elkarlan) eta barnetegien (Maizpide eta Zornotza) sareetako ordezkariek udan euskara ikasteko izango den eskaintza zabalaren berri eman dute. Gainera, HAKOBAk (hizkuntza politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeak) Euskararen Txantxangorriaren abestia ere aurkeztu du. Prentsaurrekoan ere Athletic futbol taldeko Amaia Olabarrietak eta Real Sociedad futbol taldeko Leyre Fernandezek parte hartu dute. Bi jokalariek euskara ikasterakoan bizitakoak kontatu dizkigute. Dani Alvarez kazetariak ere bere mezua bidali digu, bere esperientzia hobeki ezagutzeko.
Euskararen Txantxangorriaren ekimena HAKOBAk bideratutako ekimena da. Honela, gaur goizean aurkeztu den Txantxagorriaren abestia ere HAKOBAtik sustatu da. Hau dela eta, prentsaurrekora bertaratu dira HAKOBAko zenbait kide: Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua eta Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria.
Euskara, uda bezala, gozamena da, musika da, alaitasuna da. Honegatik sortu da Txantxangorriaren abestia. Euskararen Txantxangorriaren abestiaren egileak Sorotan Bele musika taldearen partaide izan ziren Urbil Artola eta Gorka Sarriegi izan dira, Dani Venegas musikariarekin batera. Abestia entzun nahi izanez gero, jo www.euskararentxantxangorria.eus helbidera.
Gaur goizean ikusi ahal izan denez, euskaltegien eta barnetegien sareek bat egin dute Euskararen Txantxangorriarekin, eta Txantxangorriak bat egin du euskaltegi eta barnetegiekin. Honenbestez, pixkanaka hedatzen ari da euskarara erabiltzeko gonbitea egiten duen sinboloa, gero eta toki gehiagotara iritsiz.
Euskaltegiek eta barnetegiek txantxangorriarekin bat egin ondoren, uda honetarako izango duten eskaintza zabalaren berri eman dute. Izan ere, uda garai ezin hobea baita euskara ikasteko. Informazio gehiago HABEren webgunean: http://www.habe.euskadi.eus
Euskara ikasteko eskaintza:
Gaur egun, euskara modu askotan ikasi daiteke eta, dauden aukera ezberdinei esker, gero eta jende gehiago animatzen da euskaltegi edota barnetegietan izena ematera. Bi multzotan banatu daitezke aukerak: negukoak, alde batetik, eta udakoak, bestetik.
- Neguan: Guztiok ezagutzen ditugu neguan euskara ikasteko dauden aukera ezberdinak. Alde batetik, betiko ikastaro trinkoak daude. Ikastaro trinko hauek iraupen ezberdina izan dezakete. Beste alde batetik, ikastaro arinak aurkitzen dira. Izenak dioen bezala, ikastaro laburragoak dira, iraupen txikiagoa dutenak. Azkenik, barnetegien aukera dago. Urte osoan zehar antolatzen dira barnetegi hauek.
- Udan: Udan ere, neguan dauden aukera berdinak aurkituko ditu ikasleak. Ikastaro trinko eta laburrak izango ditu. Baita barnetegi arruntak ere. Udan zehar, aldiz, barnetegi bereziek hartzen dute protagonismo handiena. Urteek aurrera egin ahala gero eta eskaintza zabalagoa eskaintzea bilatzen da eta aurten bada aukera zabal eta interesgarri bat. Familia osoko barnetegiak aukera interesgarri bat izan daitezke. Hemen, familia osoa doa barnetegira eta kide bakoitzak kurtso ezberdin batean parte hartu dezake, bere maila eta nahien arabera. Baina hau ez da guztia. Barnetegi ibiltariak egingo dira aurten ere. Honela, euskara trekking eginez ikasi ahalko dugu edota, baita ere, bizikletaz goazen bitartean. Aukera hauek guztiek euskara ikasteko beste formula bat bilatzen dute. Jai-giro batekin lotutako ikasketa. Dibertituz euskara ikastea, alegia.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan du: “Gaur harreman eta konplizitate eder eta pozgarri baten berri eman nahi dizuegu: euskaltegiek euskararen txantxangorriarekin bat egin nahi izan dute, eta txantxangorriak euskaltegiekin. Elkarri hegoak eman nahi dizkiote, gure hizkuntzaren hegaldia ederragoa, oparoagoa, luzeagoa izan dadin”. Eta gehitu du: “Askorentzat, uda zerbaiti ekiteko aukera da, edo lehendik abiatutako ekinbideei indar berriz heltzekoa. Askorentzat, alegia, uda euskara ikasteko une aproposa da”.
“Joan den urtean 5.000 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena udako euskaltegi edo barnetegiren batean. Urtero mantentzen den kopurua da. Eta hau, urte osoko matrikulazioari lotuta, berri aparta da. Euskaltegientzat pozezko albiste, txantxangorriarentzat alpiste. Izan ere, hiztun berriak lortzea euskarari hegoak ematea da”, gehitu du sailburuordeak.
“Ez dut esango euskara ikasteak inoren bizitza goitik behera aldatuko duenik, halako kasuak ere izan dira baina. Hanka sartzeko beldurrik gabe esan dezaket, ordea, biztanle horren bizia osotu, edertu, aberastu egingo duela”, bukatu du sailburuordeak
Dani Alvarez kazetariak grabatutako audio batean esan du: “Ni ere euskalduntze prozesuan erabat murgilduta nago eta oso pozik, egia esan. Nik ere euskaraz bizi nahi dut. Gora Txantxangorria!”.
Athletic-eko jokalari Amaia Olabarrietak esan du: “Ni euskaldun zaharra naiz baina hainbeste urtez nire ikasketak gaztelaniaz burutu izanagatik idazteko ohitura pixka bat galdu nuen. Honegatik eman dut izena euskaltegian”.
Real Sociedad futbol taldeko Leyre Fernandezek adierazi du: “Nik euskara gutxi dakit. Ulertu bai, baina hitz egitea gehiago kostatzen zait. Euskaltegian izena eman dut euskarazko elkarrizketetan normal-normal sartzeko. Ni ikusten nautenean hizkuntzaz ez aldatzeko, alegia”.
Gurutze Sarasolak (IKA sarearen ordezkariak) esan du: “Beti egin izan dugun bezala, ahalik eta erraztasun handienak eman nahi dizkiogu euskaraz ikasi nahi duen horri, bere nahi hori bete dezan. Familia barnetegiak izango ditugu eta oinez edo bizikletaz euskara ikasteko aukera ere egongo da”.
Mari Paz Martinek (Udal Euskaltegien sarearen ordezkariak) adierazi du: “euskaltegietan lan egiten dugunok ez daukagu dudarik euskara ikastea eta gozamena elkarri lotuta daudela”.
Patxi Agirregomezkortak (BATUZ sarearen ordezkariak) esan du: “Leku ez euskaldunetan, edota euskaldun gutxiago dauden eremuetan, euskara erabiltzeko espazioak bilatu behar ditugu”.
Isa Isazelaiak (Elkarlan sarearen ordezkariak) adierazi du: “Euskara ikasteak ate asko irekitzen ditu. Gure herria hobeki ezagutzeko aukera ematen digu. Uda oso garai polita da euskara ikasten hasteko”.
Jon Urdangarinek (Barnetegi sarearen ordezkariak) esan du: “udan euskara ikasteko ikastaroak oso ongi etorriko zaizkizu!”
Mertxe Mujikak (AEK-ren zuzendariak) adierazi du: “Txantxangorriarekin bat egiten dugu arrazoi sinple batengatik: euskararen erabilerarekin lotuta dagoen edozein asmok euskaltegien babesa izan behar duelako. Gaur goizean behin eta berriro esan dugun bezala, guztion arteko elkarlana da euskarak behar duena. Hori da garrantzitsuena”.
HABEko zuzendari Joseba Erkiziak esan du: “Egia da, euskara ikasteak kostu bat du. Baina egia da, baita ere, HABEren, Aldundien edota Udalen aldetik ikasleentzako zuzeneko diru laguntzak daudela. Gainera, aurten berritasun bat dugu. A1 edota A2 mailak eskuratzen dituen ikasleak diru laguntza izango du”.
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbaok esan du: “Ligak edota txapelketak irabazteko elkarlana ezinbestekoa da eta hori da hemen erakusten gaudena: denon arteko elkarlana. Hemen, liga garrantzitsu bat daukagu irabazteko: euskararen liga, elebitasunaren liga edota hizkuntzen bizikidetzaren liga, hain zuzen ere”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Mikel Irizarrek esan du: “Depresioaren kontrako antidotorik hoberena ilusioa da eta ilusioa pizteko daukagun tresnarik garrantzitsuena elkarrekin jardutea da”.
-
2016-06-18
Comentario de Twitter:
RT @Irekia: #Euskara Los euskaltegis y barnetegis presentan su oferta para este verano ➡ https://t.co/XSRQwwQ6r1 https://t.co/moep51zCav -
2016-06-17
Comentario de Twitter:
RT @Irekia: #Euskara Los euskaltegis y barnetegis presentan su oferta para este verano ➡ https://t.co/XSRQwwQ6r1 https://t.co/moep51zCav -
2016-06-17