
Eusko Jaurlaritzak abiadura handiko trenbidearen hiriburuetarako sarbide berrien proiektuetan zuzenean parte hartu ahal izatea eskatu dio Sustapen Ministerioari
- Madrilen bildu da Euskal Y trenbidearen garapenari buruzko batzorde-segimendua
Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aizek espero du «Sustapen Ministerioak laster erantzutea Eusko Jaurlaritzak 2015eko amaieran aurkeztutako hirietarako sarbide-proposamenei»; izan ere, «azpiegitura berri horiek behar-beharrezkoak dira». Gainera, Eusko Jaurlaritzak Bilborako, Donostiarako eta Gasteizerako trenbide-sarbide horien proiektuetan eta lanetan, kudeaketa-mandatu bat dela medio eta hiru udalekin ados, zuzenean parte hartzeko proposamena egin du.
Gaur goizean, Madrilen, Sustapen Ministerioaren egoitzan, bilera egin du Euskal Trenbide Sare berriaren lanen segimendurako batzordeak. Bileran izan dira Azpiegituren estatu-idazkari Manuel Niño, Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aiz, ADIFeko zuzendari Isabel Pardo, ETSko zuzendari José Luis Sabas, Garraio Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulo, Ogasun eta Finantzetako sailburuorde Juan Miguel Bilbao eta Kupoaren zuzendari Zuriñe Embid.
Aiz sailburuordeak esan duenez, «kezkatuta gaude Sustapen Ministerioaren esku dauden Bergarako lotuneko hiru bide-zatietako lanen epeekin, ez delako beteko ministroaren iragarpena, 2019an abiadura handia Euskadira iristearena. Hori bai, gaur goizean adierazi digutenez, uztailean osatuko dira proiektu berriak, eta lizitazioak, tunel-makinak lanean jar daitezen, lan-sistema bizkorrena den aldetik, datorren urtearen erdialdean egingo dira. Gaur goizeko bileran, halaber, Y-aren gainerako bideko plataforma-lanen aurrerabidea izan dute aztergai.
EAEko hiru hiriburuetarako trenbide sare berriaren sarbideei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak proposatutako mandatu-hitzarmenaren arabera, Jaurlaritzak berak kontratatuko ditu Donostiako sarbideko lanak eta Sustapen Ministerioak Bilboko eta Gasteizko sarbide-proiektuak idatziko ditu, horretarako sortutako erakundearteko batzordeetan hartutako erabakien arabera.
-
2016-06-16
Comentario de Twitter:
Hemos pedido a Fomento participación directa en los proyectos de los nuevos accesos del TAV a nuestras capitales ➡ https://t.co/2xFJBUhgl8 -
2016-06-16
Comentario de Twitter:
AHT-ren hiriburuetarako sarbide berrien proiektuetan zuzenean parte hartzea eskatu diogu Sustapen Ministerioari ➡ https://t.co/Axc9hmACsG