Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

38,5 milioi euro bideratuko dira 17.500 langabeturen trebakuntza profesionala hobetzeko (Gobernu Bilera 2016-06-14)

2016.eko ekainak 14

Eusko Jaurlaritzak 38,5 milioi euro bideratuko ditu 2016an, langabezian dauden 17.500 langabe profesionalki trebatzeko eta merkatuan duten posizioa hobetzeko ekintzak finantzatzera. Helburu horrekin, Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, gobernuak mota horretako ekintzak garatzeko Lanbideren diru-laguntza deialdi bat kaleratzeko baimena eman du; nagusiki, lanik gabe dauden langileei zuzendutako ekintzak dira, zehazki.

Euskadiko enplegurako lanbide-heziketaren ordenamendu berriak (maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretua) finkatzen duenez, prestakuntza-sistemak enpresen eta langileen beharretara egokitu behar du, baita lan-merkatuko gaur egungo beharretara ere. Bi jarduketa-ildoak funtsezkotzat jotzen dira euskal prestakuntza-sistemaren kalitatea eta efizientzia areagotzeko.

Euskadiko enplegurako prestakuntzaren arau-esparru berriarekin bat etorriz, Lanbidek, aurten, langabeen prestakuntzarako diru-laguntzen deialdian aldaketak egin ditu; nagusiki, diruz lagundu daitezkeen jarduketa motei eragiten dieten aldaketak. Beraz, 2016ko deialdian, hiru diru-laguntza ildo daude: kontratazio-konpromisoa barne hartzen dutenak, proiektu berezietan sartzen direnak eta gainerako ekintzak.

Enpresek kontratatzeko konpromisoak prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen duten pertsona guztiei eragin diezaieke edo horietako batzuei bakarrik. Azken kasu horretan, enpresek parte-hartzaile guztietatik % 50 gutxienez sei hilabetez jarraian kontratatzeko konpromisoa hartu beharko dute, kontratua lanaldi osokoa bada; urtebetez, lanaldia % 50ekoa baldin bada; edo epe proportzionalean, lanaldi partziala % 50etik gorakoa bada.

Proiektu berezietan sartzen diren prestakuntza-ekintzak enplegurako tokiko edo sektoreko proiektuak dira, erakundearteko hitzarmenetan edo Europar Batasunak onartutako planetan oinarrituak. Horien helburua langabeen enplegagarritasuna modu integralean hobetzea da.

Bai kontratazio-konpromisoa barne hartzen duten laguntzak bai proiektu berezietarako laguntzak finantzatzeko aurrekontua 5,5 milioi eurokoa da.

Azkenik, hirugarren diru-laguntza ildoan (bestelako prestakuntza-ekintzak) 33 milioi euro bideratuko dira prestakuntza-ekintzen enplegagarritasuna eta laneratzea areagotzera, langabetuak lehentasuntzat hartuta.

15eko balantzea

2015ean, langabeen prestakuntzara bideratutako laguntzak 35,6 milioi eurokoak izan ziren eta aurreko 327/2003 Dekretuaren bidez (Lan-aukerak areagotzeko eta Laneratzea sustatzeko neurriak arautzekoa) kudeatu ziren. Aurrekontu horrekin 1.055 prestakuntza-ekintza egin ziren eta horietan guztira 16.827 pertsonak parte hartu zuten.

2015ean, langabe-talde guztientzako prestakuntza-ekintzak egin ziren, prestakuntza-tipologia guztietakoak: funtsezko gaitasunak, lanean hasi aurreko prestakuntza, profesionaltasun-ziurtagiri osoak eta modulukakoak, txandakako prestakuntza, lanpostuko prestakuntza eta profesionaltasun-ziurtagiriekin lotu gabeko prestakuntza. Hori guztia, talde eta prestakuntza-maila bakoitzaren neurrirako prestakuntza eskaintzeko xedearekin.

Prestakuntza-ekintza frogagarriak, hau da, profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzearekin lotutakoak, parte-hartzaileen % 70ek egin zituzten; horiek lanpostu bati dagozkion zereginak bete zituzten. Lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei ere eman zitzaien prestakuntza: desgaitasuna duten pertsonei (desgaitasuna zuten 612 pertsonak jaso zuten prestakuntza), laneratzeko zailtasunak eta kualifikazio txikia dituzten pertsonei. Azken horiek hizkuntzan eta matematiketan funtsezko gaitasunak bereganatzeko ikastaroak egin zituzten, prestakuntza frogagarria jaso ahal izateko beharrezkoa den baldintza betetzeko, baita gaitasun pertsonalak eta trebezia sozialak garatzeko prestakuntza ere (763 parte-hartzaile).

Beste alde batetik, 4.000 pertsona inguruk profesionaltasun-ziurtagiriekin lotu gabeko kualifikazio-ikastaroak egin zituzten. Horiek prestakuntza berritzailea eta eguneratzekoa jaso zuten, alde batetik, eta lanbideak gauzatzera zuzendutako prestakuntza, bestetik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko