Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak zentro teknologikoetarako eta ikzetarako Emaitek Plus 2016 programa onartu du 52,6 milioi euroko deialdi batekin (Gobernu Bilera 2016-06-14)

2016.eko ekainak 14

Gobernu Kontseiluak 2016an Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoen eta ikerketa kooperatiboko zentroen (IKZ) jarduera ez ekonomikoa laguntzeko 52,6 milioi euroko programa onartu du.

Emaitek Plus programa, 52,6 milioi euroko deialdi batekin, zentro teknologikoak eta ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ) finantzatzeko tresna da. Horretarako, haien jardunaren emaitzak ebaluatzen dira, emaitzei begirako zentro eredu berriari jarraikiz eta zentro bakoitzaren jarduera-planei erreparatuz.

Helburua zera da: zentro teknologikoen eta IKZen kalitatea indartzea, halako moduz non haien jardunak enpresa-ehunaren azken emaitzetan eragingo baitu.

Erakunde bakoitzaren urteroko ebaluazioa egingo da, urtetik urtera lortu nahi diren adierazle eta helburuak ezartzen dituen Aginte Taula bati jarraikiz eta halaxe zehaztuko da zentro bakoitzari dagokion kopurua, betetze-mailaren eta zentroaren tamainaren arabera.

Berrogei adierazletik gora hartzen dira aintzat; besteak beste, bereziki aipagarriak dira I+Gko jardueraren mixa, sortutako enplegua, lortutako nazioarteko finantziazioa, argitalpen zientifikoak, erregistratutako patenteak eta parte hartutako nazioarteko proiektuak.

Deialdian eskatutako helburuen betetze-mailaren arabera emango dira puntuak, eta horrela esleituko da Emaitek Plus programako diru-laguntzaren zenbateko zehatza.

Nolanahi ere, hauek izango dira gehieneko diru-laguntzak: I+Gko ustiapenaren diru-sarreren % 27,5 zentro teknologikoetan, eta % 55 IKZetan.

ELKARTEK deialdia 24 milioi eurotik 26 milioi eurora zabaltzea

Halaber, Gobernu Kontseiluak ELKARTEK programaren deialdiaren zenbatekoa handitzea onartu du. Programa honek, aurtengo urtarrilean egindako deialdiarekin alderatuta, 2 milioi euro gehiago izango ditu.

Elkartek programak, guztira izango dituen 26 milioi euroko deialdiaren bitartez, ZTBESko eragileek (zentro teknologikoak, IKZk, Enpresako I+G Unitateak, etab.) lankidetzan garatutako oinarrizko eta industria arloko ikerkuntza sustatuko du. Hiru motakoa izan daitezke:

a)    Oinarrizko ikerkuntzako lankidetza-proiektuak Helburua da RIS3aren espezializazio-eremuetako ezagutzak gehitzea. Diruz lagunduko diren proiektuek 150.000 euroko gutxieneko aurrekontua aurkeztu behar dute.

b)    Industriarako potentzial handiko ikerkuntza-proiektuak ZTBESeko trakzio- eta merkaturatze-indar handiko Enpresako I+G Unitateak izango dira proiektuburu eta 500.000 euroko gutxieneko inbertsioa izango dute.

Industriarako potentzial handiko ikerkuntza-proiektuetarako diru-laguntzen eragin sustagarria bermatzeko, deialdiko data ostean abiaraziko diren proiektuak soilik izango dira onuradun.

c)    Interes bereziko ekintza osagarriak Eskaera-Eskaintza bitarteko agenteek eta Zientzia, Teknologia eta berrikuntza hedatzeko agenteek garatuko dituzte: adibidez, azterketak eta zaintza teknologikoa egitea, lankidetzaren mesederako jarduerak gauzatzea, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako estrategiari buruzko jardunaldiak jendarteratzea edo I+G+Ba nazioartekotzeko jardueretan parte-hartzea sustatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko