Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritzak 30 bekaren deialdia egingo du karrera judizialerako, fiskaltzarako eta Justizia Administrazioaren letradunak izateko (Gobernu bilera 2016-06-14)

2016.eko ekainak 14

Eusko Jaurlaritzak 198.000 euro inbertituko ditu deialdi horretan, Euskadiko justizia-administrazioan egonkortasuna eta belaunaldi erreleboa bermatzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzak 1983. urteaz geroztik eskaini ditu gisa horretako bekak, hizpide duen zerbitzu publikoaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2017ko ekitaldirako deialdia. 30 beka eskainiko ditu, karrera judizialerako, fiskaltzarako eta Justizia Administrazioaren letradunak izateko oposizioak prestatzeko. Deialdira 198.000 euro xedatu ditu; beraz, 30 onuradunek 6.600na euro jasoko dituzte.

Urtebeterako bekak izango dira, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta eskatzaileek tutore profesional bat izan beharko dute, prestakuntzan laguntzeaz gain, bilakaerari buruzko hiru hilean behingo txostena egiteaz arduratuko dena.

Ez dira beka horiek lortzeko hautagai izan ahalko Zuzenbideko lizentzia edota gradua duela 7 urte baino gehiago lortu dutenak. Gainera, bekak emateko garaian, besteak beste, eskatzailearen egoera ekonomikoa, ikasketa-espedientea eta euskararen ezagutza hartuko dira kontuan.

Eskaerak egiteko epea hilabete batekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Aurreikuspenen arabera, irailean argitaratuko da. Interesdunek ZUZENEAN zerbitzuan, Eusko Jaurlaritzaren herritarren arretarako bulegoetan eta Lurraldeetako Kudeaketa Teknikoko Unitateetan aurkeztu ahalko dituzte eskaerok, baita webgune honetan ere: www.euskadi.eus.

EGONKORTASUNA ETA KALITATEA 

Eusko Jaurlaritzak 1983. urteaz geroztik eskaini ditu beka horiek, eta, guztira, Euskadiko organo judizialetan karrera judizialera, fiskaltzara eta Justizia Administrazioaren letradunak izatera heldu diren 92 onuradun izan dituzte.

Zuzenbidean lizentziatutako pertsonak karrera judizialean, fiskaltzan eta Justizia Administrazioaren letradun moduan sartzea sustatzea eta erraztea da xedea. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko justizia-administrazioaren belaunaldi-erreleboa bermatzen du. Horretaz gain, beka horiek hizpide dugun zerbitzu publikoaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko lagungarriak dira eta herritarrek justizia-administrazioarekiko duten gogobetetasuna eta konfiantza areagotzen dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko