Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Euskadiko Justizia Administrazioko langileen erdiak baino gehiagok hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatu dute jada

2016.eko ekainak 15
  • Eskualdatu gabeko langileen kasuan –epailetza, magistratutza, fiskaltza eta Justizia Administrazioko letratuak–, ehunekoa % 18ra besterik ez da: 546tik 99k.
  • Justizia Administrazioak dokumentuen % 65,4 ematen ditu jada elebitan, ia 2011n halako bi.
  • 2015ean, 29 demanda aurkeztu ziren euskaraz, 70 epai eman elebitan eta 120 deklarazio eta 296 agerraldi egin ziren euskaraz EAEko epaitegietan.
  • 2016an, Eusko Jaurlaritzak 767.116 euro bideratuko ditu Euskadiko Justizia Administrazioko langileen hizkuntza-normalizaziora.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak gaur goizean hartu du parte, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuak eta Sabino Arana Fundazioak antolatuta, EAEko zuzenbide zibilaren lege berriari eta euskarak arlo judizialean duen egoerari buruz gogoeta egitea xede duen «Euskal Herriko Zuzenbide Zibila, Oraina eta Geroa» lan-jardunaldian.

2016an, Eusko Jaurlaritzak 767.116 euro inbertituko ditu Euskadiko Justizia Administrazioko langileen hizkuntza-normalizazioan. Josu Erkorekak 2011-2020 aldirako Justizia Administrazioko Hizkuntza Normalizaziorako Planaren gaineko 2015eko ebaluazio-txostenaren inguruan hitz egin du. Ebaluazio-txostena bost urtean behin egiten du Eusko Jaurlaritzak, garapen-maila eta helburuen betetze-maila neurtzeko.

Agiriak aitortzen duenez, «euskalduntzeari eta euskararen erabilera sustatzeari beranduago ekin zaio gainerako EAEko herri-administrazioko arloetan baino», «konplexutasun eta ezaugarri bereziko» esparrua delako, besteak beste, arrazoi hauek direla medio: eskumen-banaketa, botere judizialaren antolaketa espezifikoa eta Espainiako gobernuak etengabe auzitara eramatea Justizia Administrazioa euskalduntzeko EAEko araudia.

Hala ere, eta, agiriak berak dioenez, Euskadiko Justizia Administrazioa euskalduntzeko planaren helburuak –eta, ondorioz, lortu nahi diren emaitzak– EAEko herri-administrazioaren beste esparru batzuetakoak baino asmo txikiagokoak diren arren, 2011-2015 aldian aurrerapauso nabarmenak eman dira: 

Hizkuntza-gaitasuna (profilak): Justizia Administrazioko funtzionarioek nabarmen hobetu dute hizkuntza-gaitasuna: 

  • Erdiak baino gehiagok hizkuntza-eskakizunen bat dute. Gipuzkoakoa da hizkuntza-eskakizuna dutenen ehuneko handiena.
  • Dagokion kidegoko edo mailaz gorago dagoen bateko profila egiaztatu dute % 35,4k. Alegia, 2011n baino % 9,3 gehiagok.
  • Laguntzaileen kidegoarena da profila egiaztatu dutenen ehuneko handiena (%45).

Eskualdatu gabeko langileen hizkuntza-gaitasunei buruzko datuak ere jaso ditu txostenak, Eusko Jaurlaritzaren eskumenetik kanpo dauden eta, ondorioz, hizkuntza-eskakizunik ezarri ezin diezaiekeen arren: epaileak, magistratuak, fiskalak eta Justizia Administrazioko letratuak. Kidego profesional horien hizkuntza-gaitasuna eskasagoa da: 

  • Justizia Administrazioan diharduten 546 epaile, magistratu, fiskal eta letratu horietatik 99k (% 18) baizik ez dute hizkuntza-profila.
  • Hizkuntza-profilari dagokionez, ehuneko handiena Justizia Administrazioko letratuena da, % 25,7; epailetzarena da bigarrena, % 16; eta fiskaltzarena gero, % 8.

Agiri elebidunak eta kontsulta terminologikoak: Justizia Administrazioko Euskara Batzordeak agiri asko aztertzen ditu urtero, itzulpenak ikuskatu eta balekotzat eman eta terminologia osatu eta JustiziaBat, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa-sistema prozesalerako aplikazioaren esku jartzeko. 

  • Justizia Administrazioak dokumentuen % 65,4 ematen ditu jada elebitan, ia 2011n halako bi.
  • Justizia Administrazioan erabiltzen diren ereduen % 34 eman daitezke euskaraz; Bake Epaitegietan, ereduen % 100.
  • 2015ean 29 demanda aurkeztu ziren euskaraz, gutxi, baina urtetik urtera handitzen den kopurua da; 2011n baino 25 gehiago.
  • Elebitan emandako epai guztiak Donostiako 4. zenbakiko gizarte-arloko epaitegiak eman zituen; 2015ean, 70.
  • Itzulpen kopurua ere handitu egin da: 2011n 720 egin ziren, eta 1.020 iaz.
  • 2015ean, 261 kontsulta-terminologiko jaso zituzten ZWord aplikazioak edo Eusko Jaurlaritzako tresna-barra elektronikoak. Hau da, 2011n baino 211 gehiago.

Ahozko erabilera: Herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dute euskara Justizia Administrazioarekiko harremanean; horren adibide, deklarazioen, agerraldien eta interpretazio-saioen hazkundea.

  • 2015ean 120 deklarazio egin ziren euskaraz; 2011n, 87.
  • Agerraldien kasuan, gorakada handiagoa da; 2011n 87 ziren, eta 2015ean 296.
  • Interpretazio-saioak ere ugaritu egin dira 261tik 550era igo direlako 2011tik 2015era bitartean.

Informazio-aplikazioak: 2011 eta 2015 bitartean bikoiztu egin da Jaurlaritzaren Justizia Administrazioaren webguneak jasotako bisiten kopurua, euskararen kasuan. Euskarazko bertsioak jasotako bisitak guneak oro har jasotakoen % 2,13 da.

Erregistro Zibilak: 2015ean, jaiotzagatiko inskripzioen % 15 euskaraz egin ziren; 2011n % 10etik behera ziren.

AUZIA EUSKARAZ

Eusko Jaurlaritzak justiziaren arloan hizkuntza-normalizazioa sustatzeko 2013ko abenduan martxan jarritako Auzia Euskaraz proiektuaren ekarpen handia nabarmendu du txostenak. Zehazki, proiektuari esker, prozedura judizialak erabat euskaraz izapidetzea lortzeko asmoa dago, abokatuak demanda judizial bat jartzen duenetik dagokion ebazpena egiten den arte.

(*) Hemen kontsulta ditzakezu oharra eta taulak

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AuziaEuskaraz
    2016.eko ekainak 30

    Comentario de Twitter:
    @Mikelelosegiazp 2015ean, 70 epai eman ziren elebitan. Informazio gehiago https://t.co/KESGNsHXZV

  • @asantamariajor1
    2016.eko ekainak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Euskadiko Justizia Administrazioko langileen erdiak baino gehiagok hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatu dute jada ➡ https://t.c

  • @asantamariajor1
    2016.eko ekainak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Más de la mitad del personal que trabaja en la Administración de Justicia tiene acreditado algún perfil lingüístico➡ https://t

  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 15

    Comentario de Twitter:
    Euskadiko Justizia Administrazioko langileen erdiak baino gehiagok hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatu dute jada ➡ https://t.co/FInuHA40N3

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)