Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko Gasteizko tailerretan parte hartu dutenek «hiri eta landa guneen arteko oreka handiagoa» eskatu dute

2016.eko ekainak 11

Gaur goizean Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko topaketan parte hartu dutenek «hiri eta landa guneen antolamenduaren arteko nolabaiteko desoreka» sumatzen dute. Paisaiari dagokionez, parte-hartzaileetako batzuek «herrien artean paisaia-irizpideak bateratzea» beharrezkotzat jo dute, «uneotan herri bakoitzak bereak ditu-eta».

 

«Erdialdeko Arabako eremu funtzionalak errealitate ezberdinak ditu, guztiak ere Gasteiz inguruan. Hori horrela, espekulazioari aurre egiteko asmoz, hiriguneetan gentrifikazioa termino berria ez erabiltzea eskatzen duenik bada. Berroneratzerako laguntzen beharra ere aipatu da topaketan», laburbildu du Fernando Uriondo Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako zuzendariak.

 

«Lurzoru industrialei dagokionez, barrurantz hastea eta lurzoru gehiagoren kontsumoa saihestea proposatzen zuten hainbat iradokizun izan dira», gaineratu du Uriondok.

 

Izan ere, parte-hartzaileen iritziz, «hiri-lurzorua hobeto aprobetxatu behar da, uneotan ez baita % 100eko aprobetxamendua ematen ekonomia energetikoari dagokionez». Lo-hirien fenomenoari aurre egingo dioten dentsitate altuko hiri trinkoen ideia ere izan da mahai gainean, bai sozialki bai ekonomikoki trinkoak. Herrien arteko komunikazioarekin, landa guneetako mugikortasunarekin, hurbileko garraiobideekin, gobernantzarekin edota parte-hartzaile batzuek «inplikazio falta» gisa definitu duten egoerarekin lotutako kezkak ere azaleratu dira. Ildo horretan, arazo horiei guztiei aurre egiteko hezkuntzaren garrantzia aipatu da, betiere arazoei zabalkunde handiagoa emanez eta guztion inplikazioa bultzatuz.

Araba Erdialdeko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen gaineko herritarren ideia eta proposamenak jasotzeko topaketa Gasteizko Europa jauregian egin da. Bertan, Fernando Uriondo Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako zuzendariak jada ia hogei urte bete dituzten egungo Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak eguneratzeko aurreikusitako urratsak azaldu dizkie parte-hartzaileei.

 Ildo horretan, kontuan izan behar da Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko partaidetza-prozesua sustatu duela Eusko Jaurlaritzak, hitzarmen publikoa xede izanik gizartearen partaidetzaren bitartez zehazteko Euskadiko lurralde-eredu berriaren oinarriak. 2016ko apirilaren eta azaroaren artean egingo da prozesua eta ekarpen guztiekin osatuko da 2016ko Euskal Hiria Kongresuan aurkeztuko den Lurralde Antolamenduaren Gidalerro berrien aurrerapen-agiria.  

 Datorren astean topaketa gehiago egingo dira Mungian (hilak 13an), Arrasaten (14an) eta Amurrio-Laudion (15ean).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)