Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: «Esparc kongresuak irizpide komunak sortuko ditu habitaten eta basa-espezieen kontserbazioa hobetzeko eta klima-aldaketara egokitzeko»

2016.eko ekainak 10
  • Amaitu da Guardian egin den Natura Parkeen kudeaketaren gaineko 2016ko Esparc Kongresua
  • Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen sailek babestu dute
  • Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izan da

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Guardian (Araba) egin den Natura Parkeen gaineko Esparc Kongresuaren XIX. edizioaren amaieran adierazi duenez, «kongresuak lantalde teknikoak eratzea ekarriko du, eta horiek irizpide komunak ezarriko dituzte habitaten eta basa-espezieen kontserbazioa hobetzeko eta klima-aldaketara egokitzeko».

 

Egunotan egin dute Guardian (Arabako Errioxa) Natura Parkeen 2016ko Esparc Kongresua, Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen sailen babesarekin.

 

Estatuko kongresu garrantzitsuena da Esparc-Europarc, bere arloan, eta bi urtean behin egiten da. Aurten 170 teknikari eta espezialista bildu ditu, Naturagune Babestuen kontserbazioaren alorrekoak, XXI. mendeko erronkei buruz eztabaidatzeko, tartean, natura-balio eta naturaren kontserbaziorako garrantzi handieneko lurralde babestuen kontserbazioa.

 

Ana Oregi sailburuaren arabera, «bost lan-tailerretan ateratako ondorioen artean dago lantalde teknikoak sortzeko premiarena, taldeok diseinatu eta proposatu ditzaten habitaten eta basa-espezieen kontserbazio-egoeran hobera egiteko irizpideak eta horien aplikazioaren gaineko segimendua, eta, aldi berean, klima-aldaketara egokitzea erraztu eta laguntzeko».

 

Ikertzaileak

Ondorio gehiago ere atera dituzte, tartean, hauek: eremu babestuen ikertzaileen eta kudeatzaileen arteko harremana eta ezagutza-transferentzia areagotu behar da; toki-erakundeek, herri-administrazioa, jarduera-sektoreak, talde naturalistak eta gizarte-zibila barne, eremuen kontserbazioan eta kudeaketan parte hartzea bultzatuko da; eta enpresa pribatuen sektorea naturaren kontserbazioan inplikatzeko moduak aztertu eta sustatuko dira.

 

Halaber, beharrezkotzat jo dute gizarteak eta erakundeek babes sendoagoa eskaintzea eremu babestuei, finantzaketa hobetuta kasu, izan publikoa edo pribatua, edota boluntariotzaren bitartez.

 

«Kongresu honetan aurre egindako erronka berriak zuzenean lotuta daude soziologian, ekonomian eta ingurumenean gertatu diren aldaketa sakonen ondoriozko premia berriekin», azaldu du Ana Oregik.

 

Tailerretan eta lan-saioetan gai hauek jorratu dituzte: klima-aldaketaren ondoriozko aldaketak eta eremu babestuetan horiei aurre egiteko moduak; habitaten eta flora eta fauna basa-espezieen ebaluaziorako eta segimendurako programak; kirol-jarduera batzuetan, mendi-lasterketetan kasu, jardunbide egokien kodeak ezartzeko premia, naturarekin bateragarriak direla eta ez dutela kaltetuko bermatzeko; finantzaketa egokirik ez izatea eta eremuen kontserbazioan balia daitezkeen formulak eta programak; eta gizarte-inplikazioa, gardentasun gehiago eta gobernantza hobetzea aldarri dituena.

 

Kongresuaren barnean, bisitaldi teknikoak egin zituzten Guardiako Urmaeletan (Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua eta Biotopo Babestua) eta Izkin (Natura Parkea, Kontserbazio Bereziko Eremua eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua), Natura 2000 Sarean dauden eremu direnak biak ere.

 

Parte-hartzaileek Guardiako Urmael Multzoaren –Euskadiko endorreiko bakarra– eta Izkiko ameztiaren egoera –Euskadiko Quercus pirenaica baso handiena eta kontserbazio-egoera onenekoa– goraipatu dituzte.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IngurumenEJGV
    2016.eko ekainak 10

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Ana Oregi: “Esparc generará criterios comunes para mejorar la conservación de hábitats... https://t.co/E6Oj9VKSLO

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)