Berriak

“Baionatik Erbestera: Miguel Marina euskal margolariaren obra” izeneko erakusketaren inaugurazioa

2016.eko ekainak 09

"Baionatik Erbestera: Miguel Marina euskal margolariaren obra" erakusketaren inauguraziora ekainaren 14ean, 18:00etan, Baionan (Baionako Euskal Museoan - 37 Quai des Corsaires izeneko Baionako kaian, Errobi ibaikoa).

Miguel Marina Barredoren bizitza (1915-1989) abenturazko eleberri baten parekoa da. Bilbon jaio eta hazi zen, eta, 36ko gerra hasi zenean, kapitain izendatu zuten Errepublikako armadaren infanterian. Iparraldeko frontean eman zuen gerra osoa, eta, Errepublika erori zenean, Frantziara ihes egin zuen. Itsasontzi txiki batean Atlantikoa gurutzatu zuen, beste sei euskal errefuxiaturekin batera, eta, azkenean, Venezuelara iritsi ziren. Hantxe bizi izan zen urtebetez, eta liga profesionaleko futbol jokalari izatetik bizi, gainera. “Subertsibo” izateagatik, Venezuelako gobernuak zaintzapean jarri zuen, eta, horregatik, itsasontzi txiki batean alde egin zuen Miamirako norabidean, lagun batekin. Alabaina, urakan batek Dominikar Errepublikako kostaldera bidali zituen, eta hantxe bizi izan zen hiru urtez, Trujilloren diktadurapean. Irla hartatik ihes egin ahal izateko, sugin sartu zen Bigarren Mundu Gerran zehar Britainia Handira elikagaiak eramango zituen Jugoslaviako merkantzia-ontzi batean. Bidaietako batean, itsasontzitik alde egin zuen New Yorken. Hantxe ezagutu zuen gerora emazte izango zuena, Madeline, eta hantxe jaio zen Constance alaba, bi urte geroago.

New Yorken hasi zen Marina serioski margotzen; lehenengo, aprendiz egon zen Julio de Diego espainiarrarekin, eta, gero, José Vela Zanettiren laguntzaile aritu zen; hura ere erbesteratua zen, eta NBErentzat horma-irudi erraldoi bat egiten ari zen, Gizakiaren borroka bakearen alde izenekoa. Ez zeukan dokumentaziorik, eta, beraz, ezin zuen New Yorken bizimodurik atera. Horregatik, Guayaquilen –Ekuador– banana-plantazio bat kudeatzeko eskaintza onartu zuen. Dena dela, iritsi eta denbora gutxira, iruzur egin ziotela ohartu zen. Madeline eta Constancek Estatu Batuetara itzultzea lortu zuten, baina Miguelek ez zeukan dokumentaziorik, eta atzean gelditu zen. Mexikora joan zen, handik Estatu Batuetara sartu ahal izango zelakoan. Gerora, kontatu zuen Guatemalatik Mexikora oinez gurutzatzen ari zela, oihanaren erdian kantina bat aurkitu zuela, “Aquí mueren los valientes” izenekoa. “Jainko maitea”, pentsatu omen zuen, “horren urrutira etorri, eta horrela hil behar al dut?”

Mexiko oinez gurutzatu ondoren, Tijuanako kartzelan egon zen hiru hilabetez, Kaliforniarekin mugan, dokumentaziorik ez edukitzeagatik. Kartzelatik irtetean, argi ikusi zuen emaztearekin eta alabarekin egoteko modu bakarra Espainiara itzultzea izango zela. Baina 1956an Bilbo ez zen hogei urte lehenago utzi zuen hiria, eta ohartu zen alde egin beharko zutela. Berriro ere, Madeline eta Constance New Yorkera itzuli ziren, baina Miguelek bi urte behar izan zituen bisatua lortzeko. 1958an Kaliforniara aldatu ziren, eta Madelinek lana lortu zuen Monteciton, Center for the Study of Democratic Institutions izeneko erakundean. Hala, Miguelek margolaritzan jardun ahal izan azkenean buru belarri.

Marina margolari autodidakta da, eta oso estilo pertsonala du. Nagusiki, egurrezko oholen gainean margotzen du. Haren ibilbide plastikoan hiru etapa bereiz daitezke, baina guztiek ezaugarri batzuk partekatzen dituzte: oinarrizko kolore sendoak erabiltzen ditu, beirate gotikoak gogorarazten dituztenak; giza irudi luzexkak margotzen ditu, bereziki eskuak eta aurpegiak, zeintzuek, zuzenean ikuslearen parean daudenez, irudi bizantziar eta erromanikoak gogora ekartzen dituzte; gai erlijiosoak lantzen ditu, batez ere Gurutziltzatzea, Deikundea eta Azken Afaria; Euskadiko paisaiak ere margotzen ditu, batez ere obra berantiarretan; eta, azkenik, obra osoak lirismo eta emozio sakon nabarmenak ditu. Marinak hainbat erakusketa egin zituen Santa Barbarako (Kalifornia) Esther Bear Galleryn, baina, 1977an galerista hura erretiratu zenetik, ez zuen gehiago egin. Hala ere, ordutik aurrera ekoitzi zuen, 1989an hil zen arte, bere obrarik pertsonal, barneko eta sakonena, eta inoiz baino gehiago gogoratu zituen Euskal Herriko paisaiak, oroimenean gordeta zituenak.

Azken etapa horretan agertu ziren, bereziki, oroimeneko ikonoak: arrantzontziak, bakailao-lapikoak, txapeldun gizonak, ardo-porroiak, zubiak eta teilazko teilatuak. Egunerokoan idatzi zuen azken gauzetako bat hauxe izan zen: “Geroz eta gehiago gogoratzen naiz Espainiaz, eta, aldi berean, ahaztu egin nahi dut. 40 urte baino gehiago eman ditut oin bakoitza ozeano batean jarrita, baina oroimena Euskal Herriko mendi berde eta goxoetara joaten zait beti; Bilboko Otxoteen abestietara, Santa Agedako festetara. Festa horietan, baritono ahotsez kantatzen nuen Bilboko kaleetan, bakarlari, inguru guztietan haurrakatzetik genituela. Hemendik gutxira 74 urte beteko ditut, eta ez dut nire bihotzeko Euskal Herria berriz ikusiko. Horregatik, nire margolanak, lilura erraldoi baten modura, nire aberri kutunaren oroitzapenak dira”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)