Berriak Segurtasuna
Eu

Aurten, Ertzaintzaren hemeretzi agentek Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketan parte hartuko dute

2016.eko ekainak 09

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak egin dio harrera gaur ordezkaritzari

Hiru emakume eta hamasei gizon bidaliko ditu Ertzaintzak Huelvara, ekainaren 11tik 19ra bitartean egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan lehiatzeko. Hemeretzi horietatik hamar atletismoan lehiatuko dira, zazpi txirrindularitzan eta bana judon zein taekwondon. Arkauteko Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenak zorte ona opatu die gaur goizean, zentroan egin den ekitaldian.

Datozen orduetan abiatuko den ordezkaritzako kideei harrera egin diote gaur Malentxo Arruabarrena zuzendariak Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, eta José Manuel Vizcaíno komisarioa, Erakunde Harremanetarako eta Komunikatziorako Zerbitzuaren Nagusiordea, eta zorte ona opatu diote, eskerrak emateaz gain, kirolari horiek Ertzaintzaren irudi bikainaren erakusgarri direlako Jokoetan, beti domina kopuru nabarmena lortuta. Mota honetako lehiaketa batean Ertzaintzak azkenekoz Fairfax hirian (Virginia, Estatu Batuak) 2015 urtean jokatu ziren Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketan hartu zuen parte eta, orotara, hogeita bederatzi domina lortu zituen, urrezko hamaika barne.

Aurtengo Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan Ertzaintzak hemeretzi ordezkari izango ditu, hamasei gizon eta hiru emakume, atletismoan, txirrindularitzan, judoan eta taekwondoan lehiatuko direnak. Atletismoko taldeko kideak dira Arantzazu Sáez, Larraitz Alonso, María del Vado, Luis Hernández, Juan Carlos Murillo, Jon Salvador, Xabier Ferrero, Eder Figal eta Imanol eta José María Peso anaiak; txirrindularitzakokoa Leopoldo Gasulla, Aitor Etxeguren, Jorge Marcos, Carlos Fernández, Joseba Ramos, Ignacio Sánchez eta Igor García; judon lehiatuko da Ignacio Gaspar; eta Joseba Pantzeska García, berriz, taekwondon.

Europako Jokoak 2006an egin ziren lehendabiziko aldiz, Pontevedran, eta ordutik aurrera bi urtean behin, Munduko Txapelketarekin txandakatuta, jokatzen dira Europako hiri batean. Lehen ediziotik aurrerako guztietan hazi da parte-hartzaile kopurua, eta mundu-mailan, parte-hartzaile kopuruari, kirol kopuruari eta eragin ekonomikoari erreparatuta, Europakoak hirugarren garrantzitsuenak dira, Joko Olinpikoen eta Munduko Txapelketaren atzetik. Joko horietan lehiatzen dira Europako herrialde askotako poliziak, suhiltzaileak eta espetxe-administrazioko zein aduanetako kideak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)