Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Getariak eta EKP´k portuko uren kalitatea neurtzeko sentsoreak instalatu dituzte

2016.eko ekainak 14
  • Jasangarritasunaren oinarrian, teknologia; portualdeko uraren kalitatea kontrolatzeko
  • Udalerriak airearen kalitatea eta zaratak ere kontrolatzen ditu

 

 

Getariako Udalak eta Euskadiko Kirol Portuak sozietate publikoak sentsore bat instalatu dute, itsasoko uraren kalitatea kontrolatzeko.  Gasolindegian ipini dute, eragin handiena jasan dezakeen gunea delakoan. Udalerriak, gainera, sentsore gehiago ere instalatu ditu, airearen kalitatea eta zaratak neurtzeko. Hari gabeko gailuak dira, datuak denbora errealean igortzen dituztenak ordenagailu eta smartphone hartzaileetara, gorabeherarik gertatuz gero, berehala jarduteko aukera emanez.

 

Sentsore berriek hilabete baino gehiagoko probaldia gainditu dute, doitzeko eta kalibratzeko, eta dagoeneko %100´ean jarduteko prest daude. Getariak, beraz, ingurumen-aldagaien gaineko kontrola itsas arlora hedatuko du, hari gabeko sentsoreekin osatutako teknologia adimentsuko sarea instalatuta.

 

Gailuok Hirisens enpresak instalatu ditu kirol-portuko pantalanetan, eta enpresa bera arduratuko da mantentze-lanez. Sentsoreok uraren kalitate-baldintzen segimendua egiten dute denbora errealean, balizko istripuzko isuriak jakinaraziz. Ohartarazpenak online kudeaketa-plataforma batek eta mugikorretarako aplikazio batek jasotzen dituzte, berehala esku hartzeko eta zuzenketa-neurriak ezartzeko aukera emanez.

 

Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Plangintzako Sailari atxikitako Euskadiko Kirol Portuaren –portua kudeatzen duen erakundea denez– arteko lankidetzaren barnean gauzatu dute ekimena.

 

EAEko Ingurumen Esparru Programa 2020ren ondoriozko itsas habitatak babesteko, kontserbatzeko eta lehengoratzeko estrategian oinarrituta dagoen ekimen horrek Gipuzkoako itsasertzeko natura-ondarearen balioa areagotuko du, itsas turismoaren eskaintza hobetuz. Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aizen arabera, itsas turismoa «% 2 eta 3 artean haztea espero da gaurtik 2020ra bitartean».

 

Getaria aitzindaria da hiri adimentsuetan (smart city) baliatzen diren teknologiak hirigune txikietara egokitzen. Hiriguneetako ingurumenaren degradazioa ekiditeko eta aisia-jarduerak herritarren eguneroko bizimoduarekin uztartzeko helburuarekin hasi zuten lankidetza udalak eta Hirisens enpresak 2015ean, Hiri Adimentsua proiektuaren barnean. Hala, airearen kalitatea eta zarata-maila kontrolatzeko hari gabeko neurgailuak instalatu zituzten, orain gutxi kirol-portuan instalatutakoen antzekoak. Dagoeneko jardunean dauden gailu horiez gain, kontrol-sistema gehiago ipiniko dituzte laster udalerriko bi hondartzetan.

 

EKP sozietate publikoak ekimen hori kudeatzen dituen beste portu batzuetan ere gauzatzeko asmoa agertu du.

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • Autokanporatutako erabiltzailea
    2017.eko urtarrilak 09

    Saludos, Los sensores presentan una información indicativa de la calidad del agua y el aire, o se ajustan a normas ambientales internacionales o de alguna otra entidad ambiental regulatoria?

Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Edurne Egaña, Nika Lertxundi