Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Kantaurialdeko kirol-portuek «Nabigatu bidea» ekimena aurkeztuko dute gaur, osteguna, Santiago de Compostelan, itsasoko Donejakue bidea sustatzeko

2016.eko ekainak 09
  • Ordezkatuta egongo dira EKPk kudeatzen dituen euskal portuak
  • Lapurdiko portuek ere ekimen honetan parte hartzeko interesa adierazi dute

 

AC 16 06 09

Gaur arratsaldeko seietan Kantauri itsasoko portuetako erakundeetako, kaietako eta kirol-arloko ordezkariek «Nabigatu bidea» ekimena aurkeztuko dute AC Palacio de Samaniego hotelean, Santiago de Compostelan. Itsasoko Donejakue bidea sustatzeko ekimen horri esker, bidea itsasontziz egiten dutenek Donejakue egiaztagiria zigilatu ahal izango dute.

 

Alberto Núñez Feijoo Galiziako Xuntako presidentea izango da ekitaldiaren buru, eta bertan izango dira Jesús González-Aller, Northmarinas elkarteko presidentea; Segundo López, Santiagoko katedraleko dekanoa; Francisco Javier Romero almirantea; eta Martiño Nogueira, Santiago de Compostelako alkatea.

 

Bertan izango da, halaber, EKP-Euskadiko Kirol Portuen zuzendaria, Edurne Egaña. Haren iritziz, «ekimen honek Euskadiko eta Akitaniako nabigazio-jarduerak areagotuko ditu. Eskualde horiek, Europako Atlantiko aldeko beste batzuekin batera, beti izan dute interes handia esperientzia kultural horren gainean».  Lapurdiko portuek interesa adierazi dute programa horretan parte hartzeko, Gipuzkoako eta Bizkaiko portuekin duten ohiko lankidetza-programan.

 

Informazio gehiago:

Denboraldi honetan Donejakue bide berri bat inauguratuko da «Nabigatu bidea» izenarekin, Santiagorako itsas erromesaldia arautzeko Santiagoko artxidiozesiarekin hitzarmena sinatu duten Asturias, Euskadi, Galizia eta Kantabriako 17 kirol-portu zeharkatuko dituena. Hondarribian hasi eta Coruñan amaitu arte, itsasoko Donejakue bidea belaontzian edo bestelako laketontzietan egiten dutenek Donejakue egiaztagiria zigilatu ahal izango dute aitortutako itsas institutuetan eta kapitaintzetan. 

 «Europako hego-mendebaldeko penintsula atlantikoan Donejakue bidearekin lotura izan duten portuek, North Marinas elkartean batuta, Santiagoko artxidiozesiari eskatu zioten onar zezala apostoluaren santutegira arteko itsas erromesaldia eta Donejakue egiaztagiria ematea 150 itsas miliatik gora nabigatzen dituztenei; alegia, Kantauriko itsas bidean 280 kilometro inguru egiten dituztenei. Asmoa onartuta, proiektura batu daitezke Lapurdiko portuak, Akitaniakoak , Poitou-Charentesekoak, Loirakoak eta Bretainiakoak», azaldu du Euskadiko Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik.

 Segundo López-Pérez Santiagoko katedraleko dekanoak baimena eman zuen portuetan Donejakue bidearen ziurtagiria zigilatu dutenei agiri hori entregatzeko. «Donejakue bidearen espiritua sustatu, zabaldu eta partekatu nahi itsas jardueren zaleen artean. Horretarako, ekimenarekin bat egin duten Kantauri aldeko portuek eskaintza kultural eta turistikoa zabalduko dute Europar Batasuneko herrialdeetan, beren areto nautikoetan, kongresuetan eta sare sozialetan», EKP-Euskal Kirol Portuek sinatutako hitzarmenean nabarmentzen denez.

 Hondarribiko kirol-portuak, Santanderreko Marinak, Gijongo Marina Yatesek, Gijongo kirol-portuak, Marina Viveirok, Marina Coruñak, Murosko kirol-portuak eta Pobrako kirol-portuak ekin zioten proiektu honi urtarrilean, Düsseldorf hirian egin zen Boot itsas azokan, kultura-, kirol- eta turismo-arloetako eskaintza aurkeztuz. «Penintsularen iparraldeko kostetan nabigazio kulturala sustatzea eta itsasoko Donejakue bidea ofizial egiten saiatzea dira helburuak, dagoeneko erabiltzen da-eta, zehaztapenik edo arauketarik batere gabe izan arren», azaldu du Ana Oregik.

 «Itsasoko Donejakue bideak kultura erlijiosoaren zaleak erakarriko ditu Europa iparraldetik, Frantziatik eta Ingalaterratik, kultura-trukeari loturiko onurez gain. Ekimen horren bidez, Europako arku atlantikoaren beste alderdi sozial bat sustatuko da», gaineratu du Ana Oregi sailburuak. North Marinas elkarteko kideak dira kai hauek: Asturiasen, Gijon eta Marina Yates; Euskadin, Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Deba, Mutriku eta Bermeo; Kantabrian, Marina Santander; eta Galizian, Coruña, Marina Seca, Viveiro, Muros, Pobra eta Muxia.  Horien guztien ordezkariak bildu ziren urte hasieran Düsseldorfen eta ekimena zein Galiziako artxidiozesiari egin beharreko eskabidea zehaztu zituzten.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko