Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Guardiako urmael multzoa izango dute aztergai Naturagune Babestuen gaineko Esparc kongresuan

2016-06-08

           Ana Oregi: «Carralogroño eta Carravalseca hezeguneak desagertu ziren atzena, laborantzarako lehortu ondoren; horiek lehengoratzeko eta kontserbatzeko xehetasunak aztertu dituzte ingurumeneko profesionalek»

  • Izkiko Natura Parkea bisitatuko dute bihar kongresuko parte-hartzaileek

 

Estatu osoko Natura Parkeetako eta Eremu Babestuetako 165 ordezkarik eta zuzendaritzako kidek bisitatu dute gaur arratsaldean Guardiako Urmaelen Kontserbazio Bereziko Eremua –Carralogroño, Carravalseca, Musco eta Prao de la Paúl hezeguneek osatua–, bertako ekosistemak eta urmael multzoak ingurunean duten eragina aztertzeko. Guardian egiten ari den Naturagune Babestuen gaineko XIX. Esparc Kongresuan biologoak, kudeatzaileak eta teknikariak bildu dira.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Plangintzako sailburu Ana Oregik zehaztu duenez, «Carralogroño eta Carravalseca urmaelak desagertu ziren atzena, laborantzarako lehortu baitziren. Muscoko urmaela drainatu, lehortu eta landatu egin zuten, beste hiru hezeguneak Biotopo Babestu izendatu zituzten arte. Geroztik, Musco lehengoratzeari ekin zioten. Lehengoratzeko eta kontserbatzeko jarduerak sakon aztertu dituzte ingurumeneko profesionalek».

 

Guardiako Ardoaren zentroan egiten ari dira kongresua, besteak beste, lan-tailerrak eta Arabako natura-intereseko guneetara bisitak eginez. «Tailerretako batean naturaguneak eta eremu babestuak kudeatzeko lankidetza-ereduak aztertu dituzte, toki-korporazioek, enpresek eta jabeek lurraldearen jagoletzaren eta kudeaketaren arloan izandako esperientziak landuz», azaldu du Ana Oregik, atzo Urkullu lehendakariarekin batera jardunaldien hasiera-ekitaldian egon zenak.

 

Oregiren arabera, «Guardiako urmaelak ardogintza nagusi den ingurune batean kokatuta daude, eta horrek eman die atentzioa bisitariei. Jarduera horrek eragina izan du urmaelen ekosisteman, bertako hegazti-espezien batzuen bizilekua denez. Gainera, urmaelen inguru gehiena hartzeraino iritsi da laborantza-jarduera, ur-bazterretaraino ere, eta, ondorioz, landaredi-orla egotea eragotzi du. Hala ere, Carralogroñok eta Carravalsecak oraindik ere prezipitazioei loturiko erregimen hidrikoari eusten diote –Muscokoa birnaturalizatzeko prozesuan dago–, aldi batzuetan bete eta beste batzuetan hustuz. Hala, gatz-azal luze-zabala geratzen da agerian, paisaia- eta ekologia-balio handia duena».

 

Adibidea

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko zuzendari Alexander Botok ere biltzarrean parte hartu du, eta esan duenez, «urmael-multzoak 80,5735 hektareako azalera du, Batasunaren Intereseko Leku izendatu zen azalera (45,2 ha), Biotopo Babestuaren mugekin bat zetorrena, baino nabarmen handiagoa da».

 

Arabako Guardia herrian egiten ari dira ekainaren 7tik 10era bitartean Natura Parkeen Federazioen kongresua, «ESPARC 2016: gizartea eta eremu babestuak» leloarekin. EUROPARC, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia dira antolatzaileak eta Estatu osotik etorritako 165 parte-hartzailetik gora hartuko ditu. Parte-hartzaile gehienak eremu babestuen eta Natura 2000 Sareko eremuen kudeatzaileak eta arduradunak dira.

 

Eremu-babestuen kudeaketak aurre egin beharreko erronka nagusiak lantzen ari dira tailerretan. Kudeaketan toki-administrazioei, gizarte zibilari eta jabe pribatuei eragiten dieten lankidetza-eredu berriak baliatzeak eskaintzen dituen potentzialtasunak dituzte hizpide eztabaidetan.  Bihar, Izkiko Natura Parkea bisitatuko dute parte-hartzaileek, natura- eta kultura-balioez gozatzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)