Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

"Gu gazteok" ikerketaren aurkezpena Donostian

2016.eko ekainak 08
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Euskararen Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde-ataleko zuzendari Jone Miren Hernandezek, batzorde-atal honek egindako ‘Gu Gazteok’ ikerketaren emaitzen txostena aurkeztu dute gaur Donostian. Aurkezpenean ere, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Itsaso Anduezak parte hartu du.

Komunikabideetan, kalean, gizartean, oro har, asko hitz egiten da gazteei buruz. Baina, zein da gazteen errealitatea eta egunerokotasuna?; zein iritzi dute euren gizarteaz, euren testuinguruaz?; zer esaten dute euren buruei buruz?; nola definitzen dute euren burua gazte euskaldunek?; zer hizkuntzak erabiltzen dituzte, nola?; zer diote hizkuntzei buruz?. Gaur aurkeztu den ikerketan galdera horien erantzun batzuk jaso dira zenbait gazteen ahotik.

Aurrekariak:

2015eko ekainaren 17an Euskararen Aholku Batzordeak eginiko Osoko Bilkuran, Gazteriaren Batzorde-atalari gazteek euskararen gainean eta hizkuntza aniztasunari buruz dituzten pertzepzio, identitate edo identifikazio, bizipen, jarrera eta jokamoldeei buruzko gogoeta eta azterketa egiteko eskatu zitzaion. Gazteen parte-hartzearekin, noski. Gaur aurkeztu den ikerketak eskari horri erantzuna eman nahi dio. Gogoratu behar da, pasa den maiatzaren 11an, Euskararen Aholku Batzordeak bere egin zuela, aho batez, dokumentu hau.

Ikerketarekin hasi aurretik, ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuan jasotzen den aurreikuspenak eskaintzen dituen zenbait datu eman ditu Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, gaur aurkeztu den ikerketaren testuingurua zedarritzeko:

-       2011an, EAEko biztanleria osoaren %36,4 euskalduna zen, %19,3 euskaldun hartzailea eta %44,3 erdalduna. 2036an aldiz, aipatutako proiekzioaren arabera, %49,5 euskalduna izango da, %16,7 euskaldun hartzailea eta %33,8 erdalduna.

-       25 urtetik beherakoen artean, aldiz, hizkuntza gaitasunaren bilakaera honakoa hau izan daiteke, betiere aipatutako proiekzioaren arabera: 2011an, adin talde honen %73,2 euskalduna zen, %15,5 euskaldun hartzailea eta %11,3 erdalduna. 2036an, berriz, %83,4 euskalduna izango da, %9,3 euskaldun hartzailea eta %7,3 erdalduna.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan du: “’Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuak datozen 20 urteei begirako lehentasunak finkatzen ditu. Lehentasunetan lehentasun orain arte egindako lanari eustea izan behar du. Hori bai, lehenetsi behar dugun giza taldea gazteen taldea da. Hainbat arrazoi daude honetarako: euskararen hazkundeak gazteen eskutik etortzen jarraituko duelako; gazteen artean kontzentratzen direlako euskaldunen proportziorik nabarmen altuenak; euskaraz hazi, formatu eta hezitako belaunaldiak izango ditugulako; gazte euskaldun guztiak euskaraz alfabetatuak direlako; unibertsitate ikasketadun gazteen portzentajeak Europako altuenetakoak dira, eta etorkizuneko gizartearen gidari eta liderrak gazteen artean daudelako”.

Eta gehitu du: “gaur aurkeztu dugun lana berria eta berritzailea da. Euskararen Aholku Batzordeko Gazteria Batzorde-atalari eskertu nahi diot egindako lana. Kalitate handiko lana da, ezbairik gabe”.

Gu Gazteok:

Laburpen txosten hau “Gu gazteok” izeneko ikerketa lanaren emaitza da. 2015eko irail eta 2016ko otsail artean 12 eta 14 urte bitarteko ehun nerabeekin baino gehiagorekin burutu zen euren egunerokotasuneko praktikak, identitateak eta bizipenak jasotzeko eta hizkuntzarekin harremanetan jartzeko. Nerabeen ahotsak entzun dira, beraiekin solasaldiak izan dira eta euren hizketaldien lekuko izateko aukera egon da. Lan hau, beraz, gazte hauen hizkuntza-esperientziaz blai dago, helburua gazteen eta hizkuntzaren arteko harreman hori gazteen errealitatean eta “izaeran” kokatzea izan baita.

Ikerketa honen helburu nagusia gazteek beraiek euren inguruko hizkuntz ohiturak, jarrerak eta praktikak ezagutzea, aztertzea eta aurkeztea izan da. Horrekin batera, honako helburu zehatz hauek formulatu dira:

- Gazteen testuingurua ezagutzea.

- Gazte izatearen irudia(k), bizipenak eta identitateak jasotzea.

- Gazteen egunerokotasuneko praktiketara hurbiltzea.

- Gazteen hizkuntza kartografia egitea: hizkuntza-praktikak, hizkuntza-guneak, hizkuntza eragileak…

- Hizkuntzaren inguruko gazteen diskurtsoak jasotzea.

Ikerketa hau Gipuzkoako hiru herritako “Kuadrillategi” egitasmoan gauzatu da: Lasarte-Oria, Pasaia eta Lezon. Guztira, 12 eta 14 urte arteko 105 gaztek parte hartu dute.

Etorkizunerako proposamenak:

Dokumentu honetan bildu diren ikerketaren emaitzak, eztabaida eta hausnarketarako abiapuntu gisa planteatu dira euskararen normalizazio sozialaren bidean. Norabide horretan, Euskara Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde-atal Bereziak aurrera begirako proposamen orokor batzuk zerrendatu ditu:

-          Gazteen eta euskararen arteko harremanetan sakontzen jarraitzea

-          Kirol, kultura eta aisialdirako hizkuntza-plangintza sendoak ezartzea

-          Eskolaren lana indartzea

-          Aurreko bi atalen garapenean, bereziki harrera jartzea gazteekin harremanetan ari diren profesional eta eragileengan (irakasleak, kultura sustatzaileak, aisialdi begiraleak, kirol monitoreak…), horretarako ikerketa sustatuz, programa bereziak sortuz, prestakuntza eskainiz, sentsibilizazioa sustatuz.

-          Gazteen euskarazko sorkuntza propioa aktibatzeko eta egiteko baliabideak (egoerak, ekimenak, diskurtsoak…) zabaldu, sendotu, sortu eta jakinaraztea.

-          Euskararen prestigioa indartzeko ahaleginak egin behar dira

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gaztematika
    2016.eko ekainak 14

    Comentario de Twitter:
    https://t.co/MvrJu8flbf "Gu gazteok" ikerketaren aurkezpena Donostian @Irekia @GazteKontseilua #GAZTERIA #GAZTEAK

  • @gaztematika
    2016.eko ekainak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Zein da gazteen errealitatea eta egunerokotasuna? Zein iritzi dute euren gizarteaz?'Gu gazteok' ikerketa aurkeztu da➡https://t.…

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jone Miren Hernandez; Itsaso Andueza