Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak bideragarritasun-plan zehaztu bat eskatu dio Arcelorri, epe luzeko jarduera- eta enplegu-bermeak dituena

2016.eko ekainak 07

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak Arcelor Mittal enpresari bideragarritasun-plan zehaztu bat aurkez dezala exijitu dio, epe luzerako jarduera- eta enplegu-bermeak dituena. «2020. urteraino gutxienez», esan du eta, hala izan ezean, Eusko Jaurlaritzak Sestaoko plantarako baliabideak emateari utziko diola ohartarazi du.  Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan hitz egin du Tapiak enpresak prestatutako plan industrialari buruz. «Ezagutzen ez ditugun alderdiz beteta dago», esan du sailburuak.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Arcelorrek plan zehaztu eta egiazko bat aurkeztu behar du, eta plan horretan, besteak beste, epe ertainerako eta luzerako inbertsioak eta jarduerak adierazi beharko ditu, baita Sestaoko plantan gutxienez 2020ra arte jarduera eta lanpostuak mantentzeko bermeak ere. Hori egiten badu, Eusko Jaurlaritza enpresarekin kolaboratzeko prest dago, eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko, langileak trebatzeko, I+G+B arloan eta kudeaketa aurreratuan. 

Enpresak, ordea, ez badu eperik eta bermerik zehazten, Eusko Jaurlaritzak ez dio beste baliabiderik emango. «Enpresa epeka ixten laguntzen ariko ginateke», azaldu du Tapiak. Sailburuak gogorarazi nahi izan du Eusko Jaurlaritza aspalditik ari dela enpresarekin lankidetzan, besteak beste, I+G+B gaietan, 2008tik hitzarmen bat baitaukate. Gainera, bitartekari aritu da Europan dumpingaren aurkako neurriak har daitezen saiatzeko eta Estatuan energiaren prezioa merkatzen saiatzeko.

Dena den, Tapiaren ustez, Arcelorrek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen jarraitzeko jarduera eta enplegua bermatzeko plan bat aurkeztu behar du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)