Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Jaurlaritzak 21 milioi eurorekin estimulatzen du tokiko erakundeek enplegua sortzeko proiektuak egitea (Gobernu Bilera 2016-06-07)

2016.eko ekainak 07

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak proposatuta, Jaurlaritzak 21,2 milioi euro bideratzea onartu du gaurko bileran, EAEko toki-erakundeek enplegua sortzeko proiektuak abian jar ditzaten.

Lanbidek kudeatzen duen laguntza-programa horren barneko ekimenak udalerriekin, udalerri-multzoekin, mankomunitateekin eta kuadrillekin elkarlanean gauzatzen dira. Tokiko enplegurako laguntzak tokiko enplegua sortzeko proiektuak bultzatuko dituzte, lurraldearen garapen sozioekonomikoa eta modernizazioa areagotzeaz eta enpresen lehiakortasuna hobetzeaz bat, horiek guztiak tokiko lan-merkatuaren ezaugarrietara egokituta. Gainera, proiektu horiek gizarte-orientazio argikoak dira, laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak dituztelako xede, 35 urtetik beherakoak, lehen lana lortzeko, eta iraupen luzeko langabeak kasu.

Mota horretako ekintzak sustatzea barne hartzen du Eusko Jaurlaritzako 2014-2016 aldirako Enplegu Planak, printzipio estrategikoen artean, tokiko ekonomiaren potentziala ustiatzea aipatzen duenez, tokiko eragileak elkarlanean arituta, ekoizpen-abagune berriak hautemateko. Hala diseinuan nola kudeaketa-ereduan, enplegu-politikek tokiko dimentsioa hartu behar dute kontuan, eta lurraldearen beharretara egokitu behar dira.

Lanbidek laguntza-modalitate berri bat eskainiko du aurten, proiektu estrategikoak indartzera bideratuko dena. Atal horretan sartuko dira teknologiaren garapenerako interes estrategikoa duten eta gutxienez 15 lanpostu sortuko dituzten tokiko enpresen enpresa-proiektuen ezarpena edo garapena gauzatzeko proiektuak. Proiektu horietarako, milioi bat euro bideratuko dira.

Proiektu estrategikoak sustatzeko laguntza-lerroaz gain, hiru laguntza-mota eskainiko ditu Lanbidek:

Enplegua sustatzea

Laneratzeko zailtasun bereziak dituzten langabeak aparteko merkatuan kontratatzea lagunduko da diruz. Zuzenean tokiko erakundeen bitartez egin ahal izango dira kontratua, edota laneratze-enpresen, enplegu-zentro berezien edo proiektuak gauzatzea adostutako irabazi asmorik gabeko erakundeen bitartez.   

Kontrataziorako laguntzak

Laguntza horien helburua langabeak tokiko enpresek merkatu arruntean kontratatzea errazteko babes ekonomikoa ematea da. Horretarako, hainbat jarduera abiarazi eta gauzatuko dituzte tokiko erakundeek beraiek.

Lanbidek 15.000.000 euro bideratuko ditu, guztira, aurreko bi jardun-lerroak finantzatzeko.

Toki-garapenerako beste ekintza batzuk

Ekintza-ildo hau langabeziak bereziki astindutako eskualdetan eta udalerrietan enplegua sortzeko proiektuen sorrerara dago bideratuta. Laguntza-lerro horrek 5 milioi euroko aurrekontua izango du.

Azkenik, Lanbidek 203.287 euro bideratuko ditu Arabako eremu kaltetuenetan enplegua sortzeko laguntza-programa berezira, 2016rako EAEko aurrekontuetan aurreikusi bezala, Amurrioko eta Laudioko proiektu jakin batzuk diruz laguntzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko